Zortzi urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, neska adingabe bati sexu eraso bat egiteagatik

Neska legez kontra atxilotzeagatik ere zigortu dute. Hura biluzten saiatu zen, eta ukituak egin zizkion.

Sexu eraso baten kontrako kontzentrazioa, Gasteizen. DAVID AGUILAR / EFE
Sexu eraso baten kontrako kontzentrazioa, Gasteizen. DAVID AGUILAR / EFE
jakes goikoetxea
2025eko urtarrilaren 15a
16:00
Entzun

Gasteizko Auzitegiak zortzi urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, 11 urteko neska bati sexu eraso bat egiteagatik eta hura legez kontra atxilotzeagatik. Kartzelatik ateratakoan zaintzapean egon beharko du bost urtez, eta ezingo du bederatzi urtean harekin harremanetan jarri eta 200 metro baino gutxiagora hurbildu. 10.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio neskari.

Auzitegiak larrigarri gisa aplikatu dio delitua berriz egitea: akusatua lehen ere zigortu zuten sexu abusuengatik eta sexu erasoengatik. Beste larrigarri bat ere aplikatu diote, leku bakartu bat aukeratu zuelako —«iluna, basoz betea, mendikoa»—, biktima babesgabeago senti zedin eta zailagoa izan zezan laguntza jaso ahal izatea.

Gizona —orduan 46 urte zituen— taberna batera joan zen 2023ko urriaren 13ko arratsaldean. Tabernan lagun baten semea eta harekin zegoen neska bat topatu zituen, biak adingabeak. Gonbidatu egin zituen. Gero, sententziaren arabera, «behin eta berriz» eskaini zuen bere burua adingabeak etxera eramateko. Akusatuak, baina, ustezko mesede hori baliatu zuen gazteak engainatzeko eta haren ibilgailuan sartzea onartzeko. 

Leku bakartu batera

Ibilgailua hartu eta leku bakartu batera eraman zituen, argi artifizialik gabea eta garai horretan jenderik gabea ere bai. Mutilari joaten utzi zion, baina neska bertan atxiki zuen. Biluzten saiatu zen, eta ukituak egin zizkion. 

Auzitegiak neskaren lekukotzaren sinesgarritasuna nabarmendu du, eta gehitu du lekukoek berretsi egin dutela hark esandakoa. Neska biluztea ez lortu izanak «ez du esan nahi horretarako ekintzak burututako delituak ez direnik, zalantzarik ez baitago izaera eta asmo sexuala duten ekintzak direla», dio sententziak. «Azken helburua (biluztea) ez lortzeak ez du esan nahi gauzatze maila osatu gabe geratu zenik, egin zuena jada delituzkoa baitzen». 

Berez, gizonari legearen aurkako bi atxilotze delitu egotzi zizkioten, baina auzitegiak bakarragatik zigortu du, mutilari joaten utzi ziolako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.