Indarkeria Matxista

Zortzi urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, iloba bortxatzeagatik

53 urteko gizona sexu abusuen delitu jarraituagatik zigortu dute. 300 metroko urruntze agindua izanen du, eta 8 urtez ezin izanen da biktimarekin mintzatu.

Nafarroako Justizia Jauregia, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ, EFE.
Isabel Jaurena.
2023ko abuztuaren 19a
11:02
Entzun

Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Atalak zortzi urteko kartzela zigorra ezarri dio 53 urteko gizon bati, sexu abusuen delitu jarraituagatik. Biktima akusatuaren iloba da, eta neskatoak 16 urte zituenean gertatu ziren erasoak, 2015ean. Geroztik, gertatutakoa behin baino gehiagotan kontatu zuen adingabeak, baina ez zuen salaketarik jarri 2021. urtera arte, «beldurtuta» zegoelako. Kartzela zigorraz gain, akusatuak 300 metroko urruntze agindua izanen du, eta zortzi urtez ezin izanen da biktimarekin mintzatu. Gainera, 20.000 euro ordaindu beharko ditu, kalte moralengatik. Ebazpena apelatu daiteke.

Ebazpenean adierazten denaren arabera, 2013an adingabea izebaren eta haren bikotekidearen etxera joan zen bizitzera, Iruñera. Lehenbiziko urtean ez zen arazorik egon, baina, poliki-poliki, gizona adingabearekin harreman estuagoa izaten hasi zen. Akusatuak barruko arropa erosten zion, eta jantzi horiekin argazkiak igortzeko eskatzen zion, «gizonak nola liluratu» erakutsiko ziola argudiatuz. Biktimak 16 urte zituenean bortxatu zuen lehenbiziko aldiz, eta zenbait hilabetez jarraitu zuen.

2015eko irailean, biktimak gizarte zerbitzuetako hezitzaile bati erran zion etxe hartatik joan nahi zuela, ez zelako ongi moldatzen izebarekin. Hala, egoitza berezi batera lekualdatu zuten, eta gertatutakoa kontatu zien zenbait pertsonari. 2021ean, salaketa jarri zuen. Ebazpenean jasotzen denez, biktimak ez zituen erasoak lehenago salatu «beldurtuta» zegoelako, eta bere «errua» zela pentsatzen zuelako, benetan zer gertatu zen ulertu zuen arte.

Erasoa Algortan

Euskadi Irratiak jakinarazi duenez, Ertzaintza gizon bat ikertzen ari da, Algortako Portu Zaharreko jaietan (Bizkaia) hainbat emakumeri sexu erasoak egitea leporatuta. Igande goizaldean gertatu ziren, 03:00 aldera. Ikerketa zabalik dago oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.