Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du iazko abuztuan Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Atalak gizon bati jarritako zigorra. Zortzi urteko kartzela zigorra berretsi du, akusatuak ilobari sexu abusu jarraituak egiteagatik. 2015ean jasan zituen erasoak nerabeak, 16 eta 17 urte zituela; zigortuak bortxatu egiten zuen etxean bakarrik geratzen ziren bakoitzean.
Ikusi gehiago
Kartzela zigorraz gain, 53 urteko gizonak 20.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio biktimari, eta 13 urtez ezingo da harengana gerturatu, ez harekin harremanetan jarri. Sei urtez zigorra bete ondoren, zaintzapean aske geratu ahal izango da. Nafarroako Probintzia Auzitegiak iaz esan zuen eta Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du abusuek abantailakeriaz jokatzeko larrigarria izan zutela. Arrazoitu dute, batetik, familien arteko bizikidetza ez zela ona eta egoera zaurgarrian zegoela biktima, eta, bestetik, adin aldea handia zela.
Harreman txarra
Nafarroako Probintzia Auzitegiaren ebazpenean iaz adierazi zutenaren arabera, 2013an adingabea izebaren eta haren bikotekidearen etxera joan zen bizitzera, Iruñera. Lehenbiziko urtean ez zen arazorik egon, baina, poliki-poliki, gizona adingabearekin harreman estuagoa izaten hasi zen. Akusatuak barruko arropa erosten zion, eta jantzi horiekin argazkiak igortzeko eskatzen zion, «gizonak nola liluratu» erakutsiko ziola argudiatuz. Biktimak 16 urte zituela bortxatu zuen lehenbiziko aldiz, eta zenbait hilabetez jarraitu zuen horretan.
2015eko irailean, biktimak gizarte zerbitzuetako hezitzaile bati erran zion etxe hartatik joan nahi zuela, ez zelako ongi moldatzen izebarekin. Hala, egoitza berezi batera lekualdatu zuten, eta gertatutakoa kontatu zien zenbait pertsonari. 2021ean, salaketa jarri zuen. Ebazpenean jasotzen denez, biktimak ez zituen erasoak lehenago salatu «beldurtuta» zegoelako, eta bere «errua» zela pentsatzen zuelako, harik eta benetan zer gertatu zen ulertu zuen arte.
Bi urteko zigorra
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du herrialdeko Probintzia Auzitegiak gizon bati jarritako bi urteko kartzela zigorra. Adingabe bati ukituak egitea leporatzen diote. Akusatuaren defentsak epaia errekurritu zuen, baina ez dute onartu.
Gizonak 800 euro eman beharko dizkio biktimari, eta ezin izanen da harenagana hurbildu bortz urtez. Horrez gain, zaintzapean aske egon beharko du bertze bortz urtez.