Arabako Probintzia Auzitegiak zortzi urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, adingabe bati sexu abusuak egiteagatik eta eduki pornografikoa sortzeagatik. Eduki hori osatu zuen adingabe horri eta beste bati egindako sexu abusuak grabatu zituelako. Halere, auzitegiak ebatzi du horietako bati soilik egin ziola eraso.
Fiskaltzak, hasieran, bi adingabeei sexu erasoak egitea leporatzen zion gizonari, baina auzitegiak horietako bakarrari eraso ziola ebatzi du. Argudiatu du adingabeetako batek ez zuela sexu harremanik izatea onartu, ezta «parte hartze aktiborik» ere; «alkoholaren efektuen pean» zegoelako. Ordea, bigarren adingabearen kasuan, epaileak ebatzi du biktimak «aktiboki parte hartu zuela praktika sexualetan» eta ez zegoela «zer egiten ari zen ez jakiteko bezain mozkorra».
Grabazioei dagokienez, ebatzi du bi adingabeek ez zutela baimenik eman, eta gizonak «engainatu» egin zituela.
Kartzela zigorraz gain, gizonak adingabeei kalte ordainak eman beharko dizkie: 15.000 euro bati, eta 3.000 bertzeari. Kartzelatik ateratzean, zaintzapean aske egon beharko du. Epaia ez da irmoa, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusian errekurtsoa jar daiteke.