Zortzi ibai eremu lehengoratuko ditu Arabako Foru Aldundiak

Ibaiak Natura 2000 sarearen parte dira. Foru gobernuak ia ehun mila euro jarriko ditu ibai ondoetan berezko flora landatzeko.

Omecillo ibaiko Solapeña ur jauzia, Arabako Corro herrian.
Omecillo ibaiko Solapeña ur jauzia, Arabako Corro herrian. JOSEAN GIL-GARCIA
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko urtarrilaren 3a
13:12
Entzun

Arabako Foru Aldundiak Natura 2000 sareko zortzi ibai eremu lehengoratuko ditu, ohar bidez jakinarazi duenez. Erakundeak azaldu du ibai horien bazterretan berezko landare espezieak ezartzeko lanak kontratatuko dituela. 96.700 euroko aurrekontua gorde du horretarako. Europako Batasunak finantzatuko du kopuru horren %40. Helburua da narriatuta dauden eremuen kontserbazioa hobetzea berezko flora landatuta.

Aldundiak esku hartuko du Ebro, Zadorra, Baia, Ihuda, Barrundia, Ega-Berron, Arakil eta Omecillo-Tumecillo ibaien kontserbazio bereziko eremuetan. Gune horietan lizarrak, haltzak eta sahatsak landatuko dituzte, baita berezko beste zuhaitz eta zuhaixka espezie batzuk ere. Horrez gain, habitat horietan dauden espezieen egoera hobetu nahi du. Besteak beste, lizarrarena, binorriarena, elorri beltzarena, elorri zuriarena, zuhandorrarena eta astigarrarena. Foru gobernuaren esanetan, lanek zazpi hilabete iraungo dute.

Natura 2000 Europako Batasunaren ingurumen eremu babestuen sarea da. Balio ekologiko handiko naturaguneak eta mehatxatutako espezieak eta habitatak hartzen ditu, horiek egoera onean kontserbatzeko helburuz. Araban, sareak babestutako eremuak lurralde azaleraren %28 hartzen du, eta 29 gune dira haren parte; kontserbazio bereziko eremuak dira horietatik 24, eta hegaztiak babesteko eremu bereziak beste bost.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.