Zortzi gako «aktibatzaile» izateko

'Euskara aktibatzaileen gida-liburua' kalean da, ariketa soziala sustatu nahi duten horientzat «erabilgarriak» izan daitezkeen ideia eta proposamenekin.

Ahobizi eta Belarriprest txapak, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ahobizi eta Belarriprest txapak, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
arantxa iraola
2024ko urriaren 24a
20:00
Entzun

Euskara aktibatzaileen gida-liburua kalean da. Bertan, Euskaraldiaren harira, propio ekinbidea sustatu eta «euskara aktibatzaile» izan nahi dutenentzat «erabilgarriak» izan daitezkeen hainbat ideia eta proposamen jaso dituzte. Herri batzordeetako kideen artean-eta banatzen hasiak dira.  Zortzi mugarri zehaztu dituzte:

Aldatu jarrera

 

Aurren-aurrena, «kexatzean eta etsipenean erortzean» oinarritutako jarrerak alboratzeko deia egin dute gidan. «Euskarari bultzada sakona eman diezaiokegu elkarrekin zerbait eginda. Irtenbidea kolektiboa da, errezetak badaude». Ororen gainean, ingurukoen artean sentimendu hau zabaltzea da xedea: «Gauzak aldatu ditzakezu, zuk asko egin dezakezu».

Harremanak sortu

 

Ahalegina egin behar da «interesgarriak» izan daitezkeen pertsonekin harremanak lantzeko. Era irekian, entzuteko prest. «Pertsonek beren sentimenduak adieraz ditzaten erraztu behar da, eta ikusi behar dute esaten dutenarekiko benetako interesa dugula».

Sare bat irudikatu

 

Sare bat eraiki behar da, tokian tokiko begiradarekin. «Herri bakoitzeko egoerara egokitu behar gara». Lanketa on baterako, «diana grafiko» bat egiteko aholkatu dute. Muinaren muinean «talde motorra» egongo da: ariketa sozialaren «ekintzaile antolatzaileak» izango dira horiek. Inguruan, geruza gehiago. Horra hurrenkeran, muinaren hurbilen daudenetatik aldenduen daudenetara: aktibistak, sinpatizanteak, urrunak eta aurkakoak. Azken horiekin «denborarik» ez galtzeko aholkatu dute. «Egunen batean agian zerbaitek aldaraziko die ikuspegia, baina orain mugimendu honetatik erabat kanpo geratzen dira». Helburua bestelakoa da: «Epelen artean sinpatiak piztea, sinpatikoak aktibismora ekartzea, eta aktibistak ekintzaile antolatzaileen motorreraino ekartzea».

Sare bat osatu

 

Hasterako, hautsi egin behar dira hainbat aurreiritzi: «Euskalgintza jende mota jakin batentzako soilik den estereotipoa gainditu behar dugu. Asko eta askotarikoak gara euskaldunak eta euskaltzaleak». Hori aintzat hartuta, nork bere herriko «mapa» egin behar du, eta «eragin ahalmena duten» horiengana jotzeko ahalegina egin: «Bila ditzagun lider naturalak». Bidean, «animatu eta zaindu» egin behar dira. «Nola mugi dezakegu jendea erdigunerantz? Lagundu behar diegu pausoz pauso joaten. Eta saihestu erdigunean beti berak egon daitezen edo aukeratuen talde moduko bat bihurtzea». Hor nabarmendu dute ideia hau: «Ez saiatu heroi bat izaten». Ez da hori sustatu nahi den lanerako era. «Taldean eta elkarlanean lortzen dira aldaketak». Bidean, «boluntarioak» ere bilatu beharko dira: «Ahalik eta gehien».

Taldearen funtzionamendua finkatu

Lantalde «emankorra» izatea lortu behar da. «Harremanetatik» besterik ezin da lortu hori, eta funtzionamendua «eraginkorra eta motibagarria» izateko neurrietatik. Helburuek ezaugarri hauek izan behar dituzte: «Zehatzak, errealistak, lorgarriak, aldi baterakoak eta neurgarriak».

Ekintzak antolatu

 

Euskaraldia hasi aurretik, giroa berotze aldera, ekintzaren bat antolatzeko proposamena egin dute gidan. «Normalean, ekintza txikiren batekin hastea izaten da onena, erraz lor daitekeen zerbait». Apurka, «intentsitatea» handitu liteke, baina ez edonola. «Inor atzean utzi gabe, kontuan izanda epe luzerako mugimendu bat sortu nahian gabiltzala».

Euskaraldia antolatu

 

Hainbat ekintza bideratuko dira, euskararen erabilera «muinean» dutenak denak. Berebiziko garrantzia izango du egindako aurrerapausoak, lorpenak eta bizipenak partekatzeak. «Zeregin kolektibo batean gaudela ikusi eta sentiarazteko, elkar lagundu eta adoretzeko, indar handia du herritarren bizipenak eta testigantzak konpartitzeak». Entitateetara begira ere, haien «konpromiso publikoak» bilatu beharko dira. «Gero eta nabarmenago geratzen ari dira entitate-erakunde handi batzuen inkoherentziak. Euskaraldirako konpromiso publiko zehatzak har ditzaten lortu behar dugu».16 urtetik beherakoei aparteko tokia eman nahi zaie: «xaxatzaileak» izan daitezke.

Indarberritu

 

Behin zurrunbiloa igarota ere, harremanei «eutsi» egin behar zaie, antolatzaileen taldea «zaindu» egin behar da. Gerora begira: «Euskaraldia urrats bat da, baina euskararen biziberritzea arnasa luzeko mugimendua da».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.