Konfinamendua arintzen hasi zenetik, zortzi foku nagusi sortu dira Euskal Herrian. Ordiziakoa izan da azkenekoa. Kutsatze kate gehienak eten dituzte, eta denak kontrolpean dauzkatela esana dute agintariek. Ordiziakoarekin dago kezka, oraindik ez delako argitu noraino zabaldu den. Hauek dira kasuak:
Oriokoa
Azkeneko agerraldietako bat Orion (Gipuzkoa) izan da; ekainaren 19an detektatu zuten aurreneko kasua, eta elkarrekin harremana duten bi familiaren eta haien ingurukoen artean 23 lagun kutsatu dira. Agerraldia Orion detektatu zuten, baina ondoko herri batera ere zabaldu da, Aiara. Donostiako kasu batzuek horiekin lotura duten aztertzen ari dira. Oraindik ez dakite kontrolpean dagoen, edo kutsatu gehiago agertuko diren: ekainaren 26an atzeman dituzte azkeneko kasuak, lau.
Malerreka-Bortzirietakoa
Orioko kasuarekin bateratsu baieztatu dira beste bi agerraldi Nafarroan, Iruñerrian bata eta Malerreka-Bortziriak aldean bestea. Nafarroako Gobernuak kutsatze kopuruen «gorakada» bat gertatu zela jakinarazi zuen ekainaren 22an, baina ez du eman datu xeherik. Jakin da, halere, fokuetako bat Sunbillan dagoela; familia topaketa batean zabaldu da gaitza. Gobernuak berak jakinarazi du talde horretan eta haien harremanetan badirela gutxienez hamasei pertsona kutsatuta. Donezteben ere badira bi pertsona kutsaturik, eta Beran lau bat —horietako bat behintzat Irunen bizi da—; hango galdategi batekin harremana du kutsatuetako batek, eta PCR probak egin dizkie Nafarroako Gobernuak langile guztiei; lantegi horretan zazpi pertsona dira kutsatuak.
Iruñerrikoa
Iruñerriko fokuari buruz gobernuak apenas eman duen informaziorik. Jakin da otordu bat egiteko elkartutako bikote batzuen artean zabaldu dela gaitza, Iturraman, baina xehetasunik ez dago gehiago, eta ez dago argi zenbat jende gehiago kutsatu den ere. Santos Indurain Osasun kontseilariak ukatu egin zuen gaitzaren «agerraldiak» zirela azkeneko bi gertakari horiek, familia giroan gertatu zirela argudiatuta; baina, gerora, ekainaren 25ean, gobernuak berak «agerraldi» izendatu ditu.
Arrasatekoa
Aita Menni erietxeko lau langileri eta tutoretzapeko pisu batean lan egiten duen langile bati aurkitu zieten gaitza, ekainaren 13aren bueltan. Etxean bakartzeko agindua eman zieten bost langileei, eta kezka sortu zen, kasuak oso inguru gertukoak eta bat-batean agertu zirelako, baina geroztik ez da kasu berririk agertu horiei lotuta.
Basurtukoa
Ekainetik aurrera, erietxeetan izan ditu gaitzak aurreneko agerraldi indartsuak. Basurtuko erietxean sortu da orain arte fokurik handiena. Ekainaren 4an harrapatu zuten aurreneko kasua han: Revilla pabiloian zegoen gaixo bati detektatu zioten, eta berehala haren laguntzaileari. Gaitzak 45 pertsona kutsatu ditu harrezkero; tartean dira langileak, erietxean zeuden gaixoak, eta bisitariak ere bai. Hil egin da agerraldian kutsatutako gaixoetako bat. Eusko Jaurlaritzak sarritan esan du kontrolpean dagoela agerraldia. Ospitale bereko beste pabiloi batean ere alertan egon dira, ordea: Iturrizarren haurdun bati detektatu zioten gaitza. Erditzeko gelak itxi egin zituzten. Ekainaren 15etik aurrera, moteldu egin da kutsatze katea, eta ekainaren 23tik aurrera ez da beste positiborik izan foku honi lotuta.
Jesusen Zerbitzarietakoa
Basurtuko erietxean bisitan izandako moja batek bere kongregaziora eraman zuen gaitza, eta harrezkero zortzi lagun kutsatu dira Bilboko Jesusen Zerbitzarien zahar etxean. Ekainaren 20an jakinarazi zuten bi moja, hiru egoiliar eta hiru langile kutsatu direla han. Gaixotu guztien berri batera eman zuten, eta harrezkero ez dute bete positiborik jakinarazi.
Txagorritxukoa
Basurtuko agerraldiarekin ia batera gertatu zen Txagorritxukoa. Ekainaren 6an atzeman zuten lehen gaixoa, eta, hamar egunean, ekainaren 16rako, hamabost ziren kutsatutakoak; tartean, pazienteak, langileak eta bisitariak. Harrezkero ez da beste positiborik jakinarazi erietxe horretan. Agerraldian kutsatutako gaixo bat hil da. Eguneko zentroa ere itxi zuten ekainaren 22an, erabiltzaile bat gaixorik zegoela konturatu zirenean; ez du ematen horrek kate luzeagorik izan duenik. Txagorritxu zen koronabirusarentzako Arabako erreferentziako ospitalea, eta hura izan zen gaitzaren aurreneko fokua, otsailaren 28an han agertu baitziren aurreneko gaixoak.