Zortzi euskal presori hirugarren gradua eman die Eusko Jaurlaritzak

Zigorraren bi herenak edo hiru laurdenak beteak dituzten presoak dira. AVTk Auzitegi Nazionaleko fiskalari eskatuko dio kasuak aztertzeko

Basauriko espetxea, urrian, Jaurlaritzak eskumena jaso zuen egunean. A. L. / FOKU.
jon olano
2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua eman die Basauriko (Bizkaia) eta Martuteneko (Donostia) espetxeetan dauden motibazio politikoko zortzi presori, eta ukatu egin die beste 26ri. Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Egoitz Coto Etxeandia, Joseba Lerin Sanchez, Iñaki Garces Beitia, Unai Fano Aldasoro eta Ugaitz Perez Zorriketa presoak dira Basauriko espetxean zeudenak, eta ostiralean eskuratu zuten hirugarren gradua. Horiez gain, Martutenen preso daude Mikel Arrieta Llopis, Joseba Arregi Erostarbe eta Francisco Jose Ramada Estevez, eta ostiral eguerdian eman zieten gradu aldaketaren berri.

Cotok hemeretzi urte daramatza kartzelan, 2019tik bigarren graduan zegoen, eta 2017an bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Urte amaieran beteko du osoa. Lerinek, berriz, hamalau urte daramatza giltzapean; 2020tik bigarren graduan da, eta 2019an bete zuen zigorraren erdia.

Garcesek 23 urte egin ditu kartzelan, eta iazko udaberrian iritsi zen Basaurira. 2018tik bigarren graduan zegoen, eta 2017an bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Bestalde, Fano Basauriko espetxean dago 2020tik; Bizkaiko presondegian hirugarren gradua proposatu zioten 2021eko urtarrilean, eta erabaki hori babestu zuten Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak eta Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak, baina fiskalaren errekurtsoak Auzitegi Nazionaleko Lehen Atalera eraman zuen espedientea, eta auzitegiak gradu progresioa ukatu zuen iazko irailaren 23an. Bigarren gradura itzuli zenez, berriro espetxeratu zuten. Hamahiru urte daramatza espetxean, eta zigorraren erdia 2018an bete zuen.

Perezek hemeretzi urte daramatza espetxean, eta Basaurin dago 2021eko maiatzetik. Iazko abuztuan bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Arrietak, berriz, 22 urte egin ditu espetxean, eta espondiloartropatia kroniko seronegatiboa du. Hori dela eta, Martutenera iristean, tratamendu batzordeak hirugarren gradua eskatu zuen harentzat, eta Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak berretsi egin zuen proposamena. Fiskaltza aurka agertu, eta ukatu egin zioten; 2020an bete zituen zigorraren hiru laurdenak.

Ramada joan den urtarrilean erietxeratu zuten, bihotzeko krisi bat tarteko. Gipuzkoako ospitalera eraman zuten, urgentziaz. Sendagiria jasotzean, espetxera itzuli zen, eta han egon da harrezkero.2020. urtearen hasieratik, bigarren graduan dago; 21 urte daramatza espetxean. Irteteko hainbat baimen arrunt izan ditu, eta 2020an bete zituen zigorraren hiru laurdenak.

Arregik ere Martuteneko Tratamendu Batzordearen oniritzia jaso zuen hirugarren gradura pasatzeko, baina, eskumena Jaurlaritzaren esku geratzekoa zenez, Espainiako Espetxe Erakundeek ez zuten onartu. 1992an atxilotu zuten; egunotan beteko ditu 30 urte kartzelan, eta 75 urte ditu. Askotariko patologiak ditu. 2020an bigarren graduan sailkatu, eta Martuteneko kartzelara iritsi zen Asturiastik. Zigorraren hiru laurdenak beteta zeuzkan 2020an.

AVT biktimen elkarteak, ordea, jakinarazi du Auzitegi Nazionaleko fiskaltzara joko duela, gradu progresio horiek aztertu ditzan. Carlos Iturgaiz PPko Euskal Autonomia Erkidegoko presidentea ere kexu azaldu da; salatu du Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak «albiste itxaropentsuak» ematen dizkiela «ETAko gaizkileei». Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkaria bestela mintzatu da: eskatu du gradu aldaketak «despolitizatzeko» eta «profesionalei lan egiten» uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.