Pastor
Darwin eta gu

Zortzi abizen espainiar

2025eko urtarrilaren 4a
05:00
Entzun

Hamar urte dira Zortzi euskal abizen filma estreinatu zutenetik eta, hori aitzakia, Gabon zahar egunean berriz eman du pelikula Espainiako telebista kate batek. Lana oso gogoko izan zuten Espainiako eta Hegoaldeko zinema-aretoetan. Marka guztiak hautsi zituen: 56 milioi euro baino gehiago bildu zituen eta ia hamar milioi lagunek ikusi zuten. Espainiaren zinemaren historian arrakastarik handiena izan duen filma: euskal herritarrei buruzko klixeetan oinarritutako komedia.

Pelikula fenomeno soziopolitikoa izan zen. «Euskadik Espainia seduzitu zuenean». Horixe idatzi zuen Vocento taldearen egunkari batek iaz. Espainia limurtu. Ze polita! Ezagun egiten zaizu, irakurle? Baina zer espero dezakegu enpresa horretatik? 2025ean Euskadin jaiotako lehen haurra Angelica Sofia izan dela azaldu du, nahiz hamaika minutu lehenago, Baionan, Eider sortu den mundura. Ene, barkatu ahaztu izana! Lapurdi ez da Euskadi.

Arreta piztu dit Filmaffinity webguneak eginiko filmaren sinopsiak, Espainiako zenbait hedabidek erabili dutenak: Rafa andaluziarra Amaiaz maitemindu da. «Hura konkistatzeko asmoz, Baskongadetako herri batera joango da…». Baskongadak. Hala dio web-orriak.

EAE, Euskadi seduzitzailea Baskongadak dira komunikabide horientzat. Frankismoaren hizkera kritikarien ahotik. Orain, ez Alfonso Sanchez zenaren garaian. Baskongadak, txikitan eskolan bezala. Barojaren ipuinetan legez: eta Elizabide arlotea «lur baskongadora» itzuli zen... Sistema hark ez gintuen gehiegi doktrinatu, baina Genil Guadalquivirren ibaiadarra dela ikasi genuen. Orain? Euskadi antzinako Baskongadak dira gazte askorentzat. Eta geografia? Lehengoan, Bermeo Gipuzkoan dagoela idatzi zuten EHUko euskarazko adarreko bi ikaslek idazlan batean. Bermeo Getaria ondoan kokatzen badute, nolatan jakingo dute Errobi ibaiak Aturrirekin bat egiten duela Baionan? Lapurdi Frantzia da.

Bermeo Getaria ondoan kokatzen badute, nolatan jakingo dute Errobi ibaiak Aturrirekin bat egiten duela Baionan? Lapurdi Frantzia da

Beste alde batetik, neskaren maitasuna lortzeko baskoa izan beharra nabarmendu du kritikariak. Horretarako, zortzi euskal abizen asmatuko ditu Rafak, espainiar arruntentzat oso ezagunak: Argiñano, Igartiburu, Erentxun, Gabilondo, Urdangarin, Otegi, Zubizarreta... eta Clemente. Hori aditu eta asaldatu egingo da Amaiaren aita: «Clemente ez da euskal abizena!».

Euskaldunak soilik euskaldunekin. Endogamia arrazakeriaren mugetan. Espainiarrak edozein atzerritarrekin elkartzen dira, baina. Oso irekiak dira. Eta adeitsuak. Antonio Resines aktore eta PSOEren boz-emailea dugu adibide. «Zer txorakeria da hori, Gorteetan katalanez eta euskaraz hitz egitea?», adierazi du, sutan, elkarrizketa batean. Espainiako ezkertiar asko, behin gauzak okertzen hasita, espainiarrak dira, lehen-lehenik.

Argi ikusi zen proces-a pil-pilean zegoenean. Bartzelona ondoko langile herrietan, PSOE jaun eta jabe zenetan, Ciudadanosek irabazi zuen —sasoi hartan Iglesias burkideak independentistak jo zituen erruduntzat, faxismoaren mamua «iratzarri» egin zutelako. Ederra gero!—. Bandera gorria gorde eta piperpotoa atera zuten ezkertiarrek. Gai horri dagokionez, eta ñabardurak ñabardura, Voxen eta PSOEren hainbat boto-emaileren artean ez dago alde handirik. Antes roja que rota esaten zuen eskuinak. Antes facha que rota dio ezkerrak.

Espainiarrak dira. Euskal abizen horiek bezain espainiarrak. Izan ere, haien iritziz, Gabilondo, Zubizarreta edo Otegi baskoak dira, baina espainiarrak. Clemente ez-baskoa bezain espainiarrak. Horrexegatik onartzen dituzte. «Baskoak dira, baina gureak, espainiarrak». Horixe tranpa. Pelikularen gidoilariek beste euskal deitura batzuk aukeratu balituzte, gure auzotar jator horiek ez zituzketen espainiartzat joko. Are gutxiago frantsesez idatziak ikusiz gero: Apheça, Bordaçarre, Borthayre, Eppherre, Olhagaray, Sougarret, Ythurboure eta Deschamps. «Zer da hori!». Inork ez luke «Deschamps ez da euskal abizena!» esango, baizik eta «horiek frantsesak dira!». Frantsesak, bai, ez baskoak. Baskongadak Irunen bukatzen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.