Uztailaren 25ean Zornotzan (Bizkaia) zaurituriko 23 urteko mutilaren senideek jakinarazi dutenez, jipoituriko gaztea egonkor dago, baina larri, Gurutzetako erietxean.
Hamalau pertsona atxilotu dituzte dagoeneko erasoarekin lotura izateagatik. Atxilotu duten azkena mutil bat da, adingabea. Barakaldon (Bizkaia) atzeman zuten, ostegunean, eta fiskalaren esku utzi zuten atzo goizean. Guztira zazpi adingabe eta zazpi adin nagusiko atxilotu dituzte ospitaleratutako gazteari jipoi bat ematea egotzita. Horietako sei, adinez nagusiak denak, preso dituzte. Bat aske utzi zuten, eta hilean behin epaitegian aurkeztu beharra dauka.
Ertzaintzaren ikerketaren arabera, atxilotuak Koala Anaiak izeneko talde bateko kide dira.
Gertakariak
Orain bi aste izan zen erasoa. Istiluak izan ziren Zornotzako zenbait tokitan. Larri dagoen gaztearen jipoia Jauregibarria inguruan gertatu zen. Erasotzaileek objektu sendoak erabili zituzten, hala nola makilak eta botilak, gaztea konorterik gabe lurrean botata utzi zuten arte. Egoera horretan zegoela ere, taldeak kolpeka jarraitu zuen. Ondorioz, Gurutzetako erietxera eraman zuten mutila. Erasotzaileek, gainera, grabatu egin zuten jipoia, eta baita bideoa sare sozialetan zabaldu ere. Bideoari esker identifikatu dituzte.
Pertsona berberek beste eraso eta lapurreta batzuetan parte hartu zuten gau hartan; gutxienez, beste lau gazteri egin zieten eraso, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Zornotzan zauritutako gaztea oso larri dago oraindik ere
Ostegunean atxilotutako gaztea, hamalaugarrena, adingabea da, eta fiskalaren esku utzi dute. Atxilotuetako zazpi adin txikikoak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu