1936ko gerran hildako hainbat pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte Zornotzako hilerrian (Bizkaia). Aranzadi zientzia elkartea ari da bertan lanean, eta lehenbiziko pertsona identifikatzea lortu dute. Gogora institutuak eman du horren berri, eta azaldu hilaren 13an biktima horren gorpuzkia familiari emanen diotela. Ekitaldian parte hartuko dute Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ainhoa Salterain herriko alkateak, Aitor Miñambres eta Anton Erkoreka historialariek, eta Lourdes Herrasti Aranzadiko antropologoak eta Zornotzako desobiratze lanen arduradunak.
Iazko abenduan, lehen fasean, 54 pertsonaren arrastoak topatu zituzten, eta joan den martxoan bertze 32. Bigarren faseko aurkikuntzen berri eman ostean, Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariak adierazi zuen denak direla gudariak edo milizianoak, eta hildakoen artean ez dagoela emakumerik, nahiz eta herrian bertan andrazkoen kartzela bat izan zen 1939tik aurrera. Gainera, ziur daude gorpuzki gehiago egonen direla hilerrian, eta uste dute Zornotzakoa Bizkaiko hobi handiena izan daitekeela.
Behin gorpuzkiak berreskuraturik, identifikazio lanei ekiten diete. Horretarako, ezinbertzekoa da senideren bat inguru hartan desagertuta dutenek beren DNA lagina ematea. Martxoaren amaieran 35 familiak utzi zuten beren lagin genetikoa Gogorako DNA bankuan. Lagin horiez gain, identifikaziorako lagungarriak izan ohi dira gorpuekin batera agertutako objektuak. Hala azaldu zuen Aranzadiko kide Kepa Ganuzak: «Gudari eta miliziano guztiei ematen zieten identifikazio txapa bat. Abenduan halako batzuk agertu ziren, baina ia deseginda zeuden, zenbakiak ez ziren ikusten. Identifikazioa zaila izaten da, gero artxiboetan bilatu behar baita ea zenbakiak izenik duen, baina normalki aurkitzen ditugu».
Dena den, ez da erraza izaten jakitea gorpuzki horiek non zendu ziren edo zer batailoitako kide ziren, baina badauzkate zantzu batzuk: «Guk erabiltzen dugun dokumentazioaren arabera, pertsona batzuk 1936ko abendu hasieran lurperatu zituzten hemen, justu Legutioko batailan [Araba] borrokarik gogorrenak izan ziren egunetan. Beste agiri batzuek diote 1937ko apirilean eta maiatzean ere ekarri zituztela hildakoak, eta egun haietan borrokak izan ziren Saibigainen, Bizkargin, Ganzabalen eta Solluben. Ondoriozta dezakegu han hil zirela, baina oraingoz ezin dugu ziurtatu», dio Ganuzak.
Oraindik 1936ko gerran hildako 4.500 gudari eta miliziano daude desagertuta. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hobi gehienak aztertu dituzte dagoeneko, beraz, Gogora instititutuaren arabera, informazio guztia da «baliagarria».