1936ko gerran hildako hainbaten gorpuzkiak aurkitu dituzte Zornotzako hilerrian (Bizkaia). Aranzadi zientzia elkartea ari da bertan lanean, eta hirugarrena identifikatu dute dagoeneko. Gogora institutuak jakinarazi duenez, Enrique Contreras da, Linaresen jaioa (Jaen, Espainia) eta Aretxabaletan (Gipuzkoa) bizi zena. EAJri atxikitako Sarasketa batailoiko gudaria zen, eta 1937ko apirilaren 6an hil zen, Diman (Bizkaia). Contreras identifikatu ahal izan dute haren alabak DNA bankuari emandako lagin bati esker.
Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua eta Alberto Alonso Gogora institutuko zuzendaria indusketetan izan dira gaur. Bertan sailburuak adierazi duenez, Contrerasen gorpuzkiak familiari emanen dizkiote, Aretxabaletako udaletxean eginen duten ekitaldi batean. Gehitu du «justiziarekin, erreparazioarekin eta duintasunarekin» konpromiso «irmoa» duela: «Hainbat eta hainbat pertsonaren gorpuzkiak berreskuratzea, identifikatzea eta familiei itzultzea, hainbeste bizi proiektu, hain modu bortitzean hautsitako etorkizuneko amets guztiak. Egiarekiko eta zorroztasun historikoarekiko konpromiso sendoa, baina baita gugan itxaropena jarri duten milaka familiekiko ere».
Identifikatutako hiru lagun horiek indusketaren lehenbiziko bi faseetan aurkitutakoak dira. Hirugarren fasea herenegun abiatu zuten, eta hilaren 28a arte eginen dituzte bilaketak. Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea gaurko bisitan izan da, eta bertan azaldu duenez, dagoeneko 11 gorpuzki aurkitu dituzte, hobi bakarrean lurperatuak. «Atariko emaitzak» direla azpimarratu du, baina ospitalean hildakoen gorpuzkiak dira zantzu guztien arabera.
Behin gorpuzkiak berreskuraturik, identifikazio lanei ekinen diete. Horretarako, ezinbertzekoa da senideren bat inguru hartan desagertua dutenek beren DNA lagina ematea. Martxoaren amaieran, 35 familiak utzi zuten beren lagin genetikoa Gogora-ko DNA bankuan. Lagin horietaz gain, identifikaziorako lagungarriak izan ohi dira gorpuekin batera agertutako objektuak.
1936ko gerran hildako 331 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu ditu Eusko Jaurlaritzak azken hogei urteetan, Gogora institutuaren bitartez. Horietako 54ri izen-abizenak jarri dizkie. Halere, oraindik gerra horretan hildako 4.500 gudari eta miliziano daude desagertuta. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hobi gehienak aztertu dituzte dagoeneko, beraz, Gogora instititutuaren arabera, informazio guztia da «baliagarria».
Bertze bi fase
Iazko abenduan, lehen fasean, 54 pertsonaren arrastoak topatu zituzten, eta martxoan bertze 32renak. Bigarren faseko aurkikuntzen berri eman ostean, Aintzane Ezenarro Gogora institutuko orduko zuzendariak adierazi zuen denak direla gudariak edo milizianoak, eta hildakoen artean ez dagoela emakumerik, nahiz eta herrian bertan andrazkoen kartzela bat izan zen 1939tik aurrera. Gainera, ziur daude gorpuzki gehiago egonen direla hilerrian, eta uste dute Zornotzakoa Bizkaiko hobi handiena izan daitekeela.
Identifikatutako lehenbiziko bi gorpuzkiak fase horietakoak dira, eta beren familien esku daude dagoeneko. Adolfo Zengotitabengoa Izurza eta Jaime Iñigez Nieva dira —Muskizkoa Izurza eta Ortuellakoa Nieva—, biak Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako Perezagua batailoiko milizianoak. Gogora institutuak adierazi duenez, biak egun berean hil ziren, 1937ko apirilaren 7an, Zengotitabengoa Barazarko frontean, 31 urterekin, eta Iñigez Zornotzako ospitale militarrean, 19 urterekin, «seguru asko, frontetik bertatik zaurituta eraman ondoren».