Zornotzako (Bizkaia) 45 urteko gizon bat hil da trafiko istripu batean, Barbastron (Aragoi, Espainia). Hildakoaren auto berean bertze bi lagun zihoazen: larri zauritutako 43 urteko emakume bat, eta zortzi hilabeteko haur bat. Ezbeharra N-240 errepidean gertatu da.
Poliziak erran duenez, autoa kontrako bidean sartu da, eta bi ibilgailu jo ditu: furgoneta bat eta kamioi bat. Bi emakume zihoazen furgonetan, 21 urteko bat eta 19 urteko beste bat, eta larri zauritu dira. Kamioian, berriz, 51 urteko gizon bat zihoan, eta onik dago.
Hildakoa Barbastroko Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, eta haren autoan zihoazen bertze bi lagunak, berriz, herriko ospitalera. Furgonetaren gidaria helikopteroan eraman dute Huescako San Jorge ospitalera (Espainia). Gainerako zaurituak Barbastroko ospitalera eraman dituzte, anbulantzian.