Senda-agiria jaso berri, «hobeto» dago Nahuel Gomez Rodriguez Donostiako gaztea (Mendoza, Argentina, 1996), baina ez zaio erraz ahantziko joan den urtarrilaren 20an gertatua. Ertzaintzak botatako foam pilotakada batek matelezurra puskatu zion, eta bi egun igaro behar izan ditu Donostia ospitalean.
Kolpea hartu eta biharamunean egin zioten ebakuntza, eta, pixkanaka osatzen ari bada ere, «injustizia sentimendua» barrenean du oraindik: «Ebakuntza hau jasan behar izana, nire bizitza aldatu behar izana, plaka batzuk orain bizitza osorako barruan eduki behar izana oso injustua da. Hor nengoelako jo ninduten; ez nintzen istiluetan parte hartzen ari».
Lanetik etxera bidean zihoala jo zuen ertzain baten pilotakadak, BERRIAri kontatu dionez: «Lana bukatuta, autobusa hartzera joan nintzen Bulebarrera, baina hara iritsi nintzenean ikusi nuen ez zela zerbitzurik izango: Poliziak eta jendeak hartuta zeuden kaleak».
21:35 inguru ziren. «Lagun bat ikusi nuen orduan, eta elkarrekin abiatu ginen etxerantz, oinez». Maria Cristinarantz abiatuta, Okendo kalea gurutzatzen ari zirenean jaso zuen kolpea: «Burger King parean, justu liskarra areagotzen hasia zen. Aurpegia biratu nuen, kuriositatez, ikusteko zer gertatzen ari zen, eta buelta eman bezain pronto, danba, pilotakada jaso nuen».
Kolpeagatik makurtu, eta ikusi zuen odoletan zegoela. «Eta burua altxatu nuenean ikusi nituen ertzainak, ezkutuekin, aurrerantz oinez. 50 bat metrotara zeuden». Ospitalean erran zioten matelezurra puskatuta zeukala. «Han nengoela iritsi zitzaizkidan bideoak non entzuten diren ertzainak esaten: 'Jotzeko egingo dugu tiro'».
«Zortea» izan zuela dio: «Buelta eman izan ez banu, garondoan joko ninduketen. Hemen egongo nintzatekeen?». Salaketa jarri du, «esperantza» handirik gabe: «Polizia da, eta denok dakigu ia edozer egiteko boterea dutela, eta ez zaiela ezer gertatuko, Cabacasen kasuan bezala. Hildako bati ez badiote kasu egiten...».
«Ez diot inori horrelakorik desio»
Vox alderdiak Bilbon antolaturiko ekitaldi baten aurkako protestara joan zen 2019ko apirilaren 13an A. neska gaztea —ez du izen osoa eman nahi—, eta masailezurra bitan xehaturik itzuli zen handik, ospitalera.
Casilda Iturrizar parkean zen Espainiako alderdi ultraeskuindarraren mitina, eta A-k zehaztu duenez, «jende pila bat» batu zen protestara: «Kolore eta ideologia politiko guztietakoak geunden». Ez dator bat gertatu zenari buruzko bertsio batekin: «Haiek diote jende bortitza ginela, eta esaten dute harriak botatzen ari ginela, edukiontziak erretzen... Ez zen hala». Batzuk «harriak botatzen» ari zirela dio, Jesusen Bihotzaren parean, baina harago zegoela bera: «Euskalduna parean nengoen justu».
Ertzain lerro bat zeukaten aurrean, BERRIAri azaldu dionez: «Gu destatzen ari ziren, baina ez nuen uste tiro egiteko asmorik zutenik». A-k dio ez zuela beharrik ikusi mugitzeko: «Ez nintzen ezer egiten ari». Eta «bat-batean» hasi ziren tiroka: «Zaharrak zeuden, manifestazioarekin zerikusirik ez zuten txirrindulariak... Esango nuke ez zeudela hamar metrora baino gehiagora».
Orduan ohartu zen ertzain batek harengana zuzenduta zeukala foam jaurtigailua: «Buelta ematen hasi nintzen, eta ezkerrerantz abiatu nintzenean masailezurraren atzeko partean jo ninduten». Kexu da une horretan ez zutelako artatu: «Polizia berez gu babesteko dago, baina ez zidaten galdetu ondo ote nengoen, anbulantziarik behar nuen...».
Kalez jantzitako polizia bati eskatu zion anbulantziari deitzeko, eta Gurutzetako Ospitalera eraman zuten: «Probak egin zizkidatenean esan zidaten masailezurra bi puskatan hautsita neukala».
Ebakuntza eginda, egunak igaro zituen ospitalean, baina mina «asteetan» izan zuen: «Bizpahiru aste pasatu nituen zopa janez, ezin nuelako ahoa ireki. Ezin nuen jan, ezin nuen hitz egin, ezin nuen lorik egin... Alde batera etzaten banintzen, odola pilatzen zitzaidan, eta beste aldera ikaragarrizko mina ematen zidan».
Orain «ondo» dagoela dio, baina «bizi osorako» plaka batzuk ditu barnean, ez lituzkeenak «eduki behar». Salaketa jarri zuen gero, eta oraindik ez du epairik jaso; bai, ordea, berrehun euroko isun bat, mozal legea aplikatuta polizia iraintzea egotzita. Beldurrez, ez du polizia indarkeriaz iruzkinik egin nahi izan, baina irmo dio: «Ez diot inori horrelakorik desio».