«Zorionez, buelta eman nuen: bestela, garondoan joko ninduketen»

Nahuel Gomez Rodriguez. Lanetik etxera bueltan zihoala hartu zuen matelezurra hautsi zion Ertzaintzaren pilotakada, urtarrilaren 20an: «Han nengoelako jo ninduten».

BERRIA.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Alta jaso berri, «hobeto» dago Nahuel Gomez Rodriguez Donostiako gaztea (Mendoza, Argentina, 1996), baina ez zaio erraz ahantziko joan den urtarrilaren 20an gertatua. Ertzaintzak botatako foamezko pilotakada batek matelezurra puskatu zion, eta bi egun igaro behar izan ditu Donostia ospitalean. Kolpea hartu biharamunean egin zioten ebakuntza, eta pixkanaka osatzen ari bada ere, «injustizia sentimendua» barrenean du oraindik: «Ebakuntza hau jasan behar izana, nire bizitza aldatu behar izana, plaka batzuk orain bizitza osorako barruan eduki behar izana oso injustua da. Hor nengoelako jo ninduten; ez nintzen ari istiluetan parte hartzen».

Lanetik etxera bidean zihoala jo zuen ertzain baten pilotakadak, BERRIAri kontatu dionez: «Lana bukatuta, autobusa hartzera joan nintzen Bulebarrera, baina hara iritsi nintzenean ikusi nuen ez zela zerbitzurik izango: Poliziak eta jendeak hartuta zeuden kaleak». 21:35 inguru ziren. «Lagun bat ikusi nuen orduan, eta elkarrekin abiatu ginen etxerantz, oinez». Maria Cristinarantz abiatuta, Okendo kalea gurutzatzen ari zirenean jaso zuen kolpea: «Burger King parean, justu liskarra areagotzen hasia zen. Aurpegia biratu nuen, kuriositatez, ikusteko zer gertatzen ari zen, eta buelta eman bezain pronto, danba, pilotakada jaso nuen». Kolpeagatik makurtu, eta ikusi zuen odoletan zegoela. «Eta burua altxatu nuenean ikusi nituen ertzainak, ezkutuekin, aurrerantz oinez. 50 bat metrotara zeuden». Ospitalean erran zioten matelezurra puskatuta zeukala. «Han nengoela iritsi zitzaizkidan bideoak non entzuten diren ertzainak esaten: 'Jotzeko egingo dugu tiro'».

«Zortea» izan zuela dio: «Buelta eman izan ez banu, garondoan joko ninduketen. Hemen egongo nintzatekeen?». Salaketa jarri du, «esperantza» handirik gabe: «Polizia da, eta denok dakigu ia edozer egiteko boterea dutela, eta ez zaiela ezer gertatuko, Cabacasen kasuan bezala. Hildako bati ez badiote kasu egiten...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.