Habitat naturalak, fauna eta flora babesteko sortutako legedia da Natura 2000. Honela definitzen da: «1992an Rio de Janeiron (Brasilen) egin zen Lurrari buruzko Gailurrean hartutako erabaki batzuen zehaztapena da Sarea, eta interes komunitariokotzat hartzen diren habitat, flora eta fauna espezie guztiak babestea du lehentasunezko helburu». Europa zortzi eskualde klimatikotan banatzen du. Euskal Herriak hiru hartzen ditu: Atlantikoa, Mediterraneoa eta Alpinoa.
Natura 2000 sareak bi babes mota eskaintzen ditu: Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak (BBE) eta Garrantzi Komunitarioko Lekuak (GKL). Elisa Sainz de Murieta Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitatearen eta Ingurumenaren Partaidetzarako zuzendariak Natura 2000 barruan egoteak guneei «nolabaiteko babesa» ematen diela dio: «Helburua babesa ematea da, kontserbazio egoera ona mantentzeko. Europako zuzentarauak mekanismo batzuk ditu; adibidez, ebaluazioa. Guneren batean kalteak sor ditzakeen proiekturen bat egitekoak direla ikusten bada, ebaluazioa egingo da eraginak zein diren jakiteko. Horren arabera baimenduko da edo ez». Zuzentarauaren babes mekanismoek seriotasun eta babes gradu «handia» dutela dio Jaurlaritzako ordezkariak. «Proiektu batek eragin kaltegarriak baditu, baina interes publikokoa bada, zuzentarauak konpentsaziozko mekanismoak aktibatzen ditu. Proiektua baimentzeko, lehen mailako interes publikokoa izan beharko luke. Kasu horretan ere, Europa informatu beharko litzateke».
Guneak Natura 2000n sartzeko errebisio edo izendatze prozesua definitzen da lehendabizi: «Zuzentarauaren eranskinean agertzen diren habitat eta espeziekin zerikusia duten lekuak aukeratu behar dira». Oraingoz, Euskal Autonomia Erkidegoan, behintzat, beste eginkizun bat dute egiteko, beste ezer baino lehen: «Zuzendaritza bezala, oraingo helburu nagusiak izendatuta daudenei kontserbazio helburuak, kudeaketa plana eta lege markoa ematea dira». Denbora beharko dela uste du Sainz de Murietak: «Lan handia izango du. Agian, bi, hiru edo lau urtetan ez da lortuko. Baina, dudarik gabe, naturaren babesari dagokionez, mugarria izango da».
Dena den, Jaurlaritzak beste bi gune sartu nahi ditu Natura 2000 sarean. «Lurraren %20 dago sartuta, eta dagoeneko oso portzentaje handia da. Garbi dago %100 ezin dela izendatu».
«Izendatutako guneei kontserbazio helburuak, kudeaketa plana eta marko juridikoa ematea da xedea»
Elisa Sainz de MURietaBiodibertsitate eta INgurumen zuzendaria
Babestutako guneak
Ordunten parke eolikoa egitea galarazi dute Izendapena. Ordunte.Espazio mota. GKL.
Eskualde Biogeografikoa. Atlantikoa.
Azalera. 3.869 hektarea.
Herrialdea. Bizkaia.
Interes Komunitarioko habitatak. Bederatzi.
Ordunte
Ordunteko babes gunean parke eolikoa egiteko proiektua aurkeztu zuen Eolicas de Euskadik. Bi urtez aztertzen jardun eta gero, Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren behin betiko txostenak esan du parke eolikoak sortutako kalteak «atzeraezinak» eta «onartezinak» izango liratekeela. Proiektua ez zen onartu. 2006ko martxoan, Ingurumen Sailak esan zuen parke eolikoa eginez gero ez liratekeela beteko Natura 2000 sareak ezarritako babes helburuak. Mendilerroan sortutako kaltea konponezina izango litzateke, batik bat lau eremutan: arriskuan dauden espezieetan, paisaia berezietan, erkidegoaren interesekoak diren habitateko azaleretan eta funtzioetan, eta zenbait hegaztitan.
Berrogei taldek eta erakundek egin zioten aurre proiektuari. Eurek erabilitako argudioetako bat hauxe izan zen: «Bertako 99 espezieetatik 33 babestuta daude; bertako 23 landare mehatxatutako espezieen katalogoaren barruan; putreentzako jantoki artifiziala dago eta hainbat hegazti pasatzen dira bertatik; hegaztien Euskal Herriko migrazio bide nagusietakoa da. Ez dira bateragarriak».
Atzera eta aurrera dabiltza Jaizkibelen portuarekin
Izendapena. Jaizkibel.Espazio mota. GKL.
Eskualde Biogeografikoa. Atlantikoa.
Azalera. 2.434 hektarea.
Herrialdea. Gipuzkoa.
Interes Komunitarioko habitatak. Hamabost.
Jaizkibel
Pasaiako portua badiatik kanpo egiteko proiektuaren berri eman zuten 2001ean. Portuak iraun ahal izateko «beharrezkoa» zela esan zen orduan, baita Pasaialdea «biziberritzeko» egitasmorik onena zela ere. Jaizkibelen magaleko itsaslabarra itsasaldeko balio natural handiko gunea izaki, azterketa egin zen, eta eragina «arina» izango zela esan zuten proiektuaren aldekoek. Atzera eta aurrera dabiltza oraindik ere Pasaiako portuarekin. Azken proposamenak kanpo portua uharte moduan egitea izan da. Itsaslabarretik 200 metrora, «portuak itsaslabarretan izango lukeen kaltea gutxitzeko asmoz».
Hainbat azterketa egiteko eskatu diete erakundeei. Gipuzkoako Foru Aldundiak dio 30 txosten eta azterketa baino gehiago egin direla, eta «batzuk txarragoak eta besteak hobeak» izan direla. Jaizkibel Bizirik-ek dio portua egiteko alternatiba bat bera ere ez dela bideragarria, irla artifiziala kanpo portua bezain «kaltegarria» baita. Kanpo portua auzitan jartzen duten hiru txosten ofizial aurkeztu ditu. Porturako bideragarritasun planik ez dago, «aurreproiektuak direlako»; hori dio Foru Aldundiak.
Larran, mugak aldatu ditu Nafarroako Gobernuak
Izendapena. Larra-Aztaparreta.Espazio mota. GKL.
Eskualde Biogeografikoa. Alpinoa.
Azalera. 3.948 hektarea.
Herrialdea. Nafarroa.
Larra-Aztaparreta
Nafarroako Gobernuak eta Erronkari Ibarreko Batzarrak Larran eski estazioa eraiki eta kudeatzeko hitzarmena sinatu zuten. Erronkarik Larrako lurrak 20 urtez Gobernuaren eskutan utziko zituen, eta trukean Gobernuak eski estazioa eraikiko zuen hitzarmenaren arabera. Egin beharreko obrak dira: aterpea eta aparkalekua Contienda eta Ferial eremuetan; gainera, Ferialen egun dauden pistak moldatuko dituzte, eta berriak egin Contiendan.
2003. urtean aurkeztu zuten Erronkariko agintariek lehen egitasmoa. Larra-Belagua elkarteak Europan salatu zuen proiektua. Salaketa horren harira, proiektuak faunari eraginen lekizkiokeen kalteen inguruko txostenak eskatu zizkion Europak Nafarroako Gobernuari. Ondorioz, proiektua aldatu zuten Erronkariko arduradunek eta Larrako Natur Gunearen mugak aldatzea erabaki zuen Nafarroako Parlamentuak.
Larra-Belagua elkartekoek ondare naturala «politika egiteko merkantzia» bihurtu izana salatzen dute. Gainera, prozedurak saltatuz, dagoeneko makinak eraman dituztela diote, lanean hasteko zain.
Aizkorri-Aratzen lur azpiko meategia egin nahi dute
Izendapena. Aizkorri-Aratz.Espazio mota. GKL.
Eskualde Biogeografikoa. Atlantikoa.
Azalera. 14.947 hektarea.
Herrialdea. Gipuzkoa-Araba .
Interes Komunitarioko habitatak. Hogeita bost.
Aizkorri-Aratz
2004an, Aizkorri-Aratzen meategia egiteko ideia sortu zen; Leze leize-zuloan nahi zuten egin, kaltzitan aberatsa delako. Bete beharreko prozedura guztiak eginda, Eusko Jaurlaritzak ez zuen onartu, inguruari eragingo lizkiokeen kalteengatik. Ondoren, lur azpiko meategia egitea proposatu zuten. Hori ere atzera bota zuen Jaurlaritzak, «kalte gutxiago eragingo ziola egiaztatu arren». Aizkorri-Aratz kontserbazio aktiboko gune izendatua zegoen; babes handiagoa emateko, erreserba izendatu zuten. Hori guztia, Arabako Ekologistak Martxan taldearen esanetan. 2005eko ekainean, ordea, «bat-batean» bi artikulu aldatu zituen Jaurlaritzak ekologistek adierazi dutenez; boletinean azaltzen zenez, aire librean meategia egiteko debekuak horretan jarraitzen zuen, baina ez zioen ezer lurpekoari buruz. Eta, gainera, babesgunean egin zitezkeen gauzen zerrendan, lur azpiko meategia egin zitekeela agertu zen. Gunearen lekurik ahulenean eta interesgarrienean dago leize-zuloa, ekologisten arabera. Irailean, alderdi politiko guztiekin hasiko dira hizketan, bi artikulu horiek lehengoan uztea lortu arte.