Hamar egun igaro dira Mañeru (Nafarroa) eremu mistoan sartzeko lege proposamenak ezezkoa jaso zuenetik; Navarra Sumaren eta PSNren kontrako botoek itxi zioten ate hori herriari, Nafarroako Parlamentuan. Erabakiak sumina eta «atsekabe handia» eragin zituen, Mañeruko Udalbatzak aho batez egin baitzuen eskaera. Udalak eta Hordago taldeak deiturik, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian Foruen plazan. «Mañeruren hitza» errespeta dadila galdegin zuten, eta zonifikazioa kritikatu.
Parlamentuaren ezezkoa jasota, Mañeruk eremu ez-euskaldunean segitu beharko du gaur-gaurkoz. Herritarrak erabakia ezin ulerturik daude, ez baitute ikusten horretarako «argudio baliozkorik». Bakarra okurritu zaie: «Nafarroa eta euskara ulertzeko ikuspegi desitxuratua».
Hala, Mañerun eginiko protestan ez zen mugatu parlamentuak berriki harturiko erabakia gaitzestera; kontua haratago doa. Euskararen zonifikazioa amai dadila eskatu dute, ez baitu, haien ustez, «ez hanka ez buru».
Defendatu zuten euskara «Nafarroa osoko» hizkuntza dela: «Cortestik Berara; Vianatik Gardera; Altsasu, Iruñea eta Tuteratik igaroz; mendia, erdialdea eta Erribera osoa. Mañeru Nafarroa bada, euskara ere Mañeruko hizkuntza da».
Ezetzak ez dakar etena
Protestaren hondarrean nabarmendu zutenez, biztanleek ez dute amore emateko asmorik «batere». Aroa Iribarri mañeruarrak azpimarratu zuen grinez direla borrokan segitzeko. «Ezetzak ez du esan nahi bidea hemen amaitzen denik». Euskararen eguna antolatzeko bilkura dute gaur, 18:00etan.
Zonifikazioak ez duela «ez hanka ez buru» aldarrikatu dute Mañerun
PSNk eta Navarra Sumak Mañeru eremu mistora sartzea eragotzi izanak «sumina» piztu du. Esan dute erabakiak soilik herritarrena behar duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu