Zonifikazioa, bidegurutzean

Nafarroako Legebiltzarrean tramiterako onartu dute Euskararen Legea moldatzeko proposamena. Ez da aldaketa sakona izanen, hainbat herri eremu ez-euskaldunetik mistora pasatzea arautuko duen zuzenketa baizik. Gobernua osatzen duten lau taldeak ez datoz bat ofizialtasunaren auzian.

I.URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea Iruñea Iruñea Iruñea
2017ko martxoaren 4a
00:00
Entzun

«Herritarren babesa behar da euskara normaltzeko»



Koldo Martinez Geroa Baiko legebiltzarkidea

Euskararen Legea ez du gustuko Koldo Martinezek (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1953), baina uste du, besterik ezean, normalizazioaren aldeko urratsak egiteko aukera ematen duela.

Euskararen Legearen kontra azaldu da Geroa Bai hasieratik, baina, azkenaldian, beste gisa bateko adierazpenak egin dituzu, egungo arauaren balioaz. Aldaketarik egon da?

[Ezezko keinua egin du buruarekin] Geroa Bairen jarrera oso garbi egon da beti. 1986ko legea ez dugu atsegin, inondik inora, eta are gutxiago legeak dakarren zonifikazioa. Ez da egokia, hizkuntza eskubideak urratzen dituelako. Hori esanda, indarrean dagoen legea da, parlamentuan 26 boto behar direlako lege berri bat egiteko, eta, gaur egun, ez dugu babes hori. Hala ere, sinetsita gaude araua dekretu bidez garatuz gero aukera izan dezakegula euskara beste maila batera eramateko. Hizkuntza goratzeko.

Parlamentuak bide emanen die eremu ez-euskalduneko zenbait udali eremu mistora pasatzeko...

Bai, noski, eman dezakegun legezko urratsetako bat da. Aurretik, hiruzpalau herrik eskatu zuten eremu aldaketa, eta, onartu zitzaien arren, neurria ez zegoen legean jasota. Aurrerantzean, urrats horiek legezkoak izanen dira. Egun, hamabost bat herri daude egoera horretan, eta, lege proposamen honen bitartez, eremu mistoan sartuko dira, eskubide osoz.

Norabide bakarreko bidea da hori? Alegia, Iruñeko Udalak eskatuko balu eremu mistotik euskaldunera pasatzea, onartuko zenukete?

Ez zait gustatzen gertatu ez denari buruz mintzatzea, baina, legez, egin liteke, bai. Iruñeak eskatuko balu aldaketa hori, gobernuko lau indarron artean hitz eginen genuke, eta adostasuna balego, aurrera. Gu, behintzat, ados geundeke horrekin.

Zirrikituak bilatzen ibili beharrean ofizialtasuna Nafarroa osoan bermatzeko eskatu du Kontseiluak. Ongi deritzozu?

Ofizialtasuna lurralde osora hedatzeko aldarriarekin bat etorriko ginateke, apustu hori nafarren gehiengo sozialak ere eginen balu, baina errealitate horretatik oso urrun gaude oraindik. Nafarroan, euskara normalizatuko bada, herritarren gehiengoaren babesarekin izanen da.

Hizkuntza eskubideak borondatearen arabera bermatuko dira?

Eskubideez ari gara, bai, baina baita betebeharrez ere. Beraz, ofizialtasuna, jarrera orokor gisa ulertuta? Ados, baina, betebehar zehatzei lotua datorren heinean, ezin dugu Nafarroako errealitate soziolinguistikoa ahaztu. Bide luzea dugu aurretik.

«Eremu mistoa zabaltzeko erabakia makillajea da»



Laura Perez  Ahal Dugu-ko legebiltzarkidea

Oso kritikoa da Laura Perez (Iruñea, 1980) lauko gobernuak euskararen normalizazioaren bidean eginiko urratsekin. «Ulergaitza» deritzo itun programatikoa sinatu zuten alderdi batzuek euskararen auzian hartutako jarrerari, eta zonifikazioa gainditzeko deia egin die.

Zonifikazioaren inguruko eztabaida berriz piztu da azkenaldian. Zein da Ahal Dugu-ren jarrera?

Zonifikazioa gainditzearen aldekoa naiz ni, baina denok dakigu nork eraman gintuen egungo blokeo egoerara: Ezkerrak. Guk ez dugu jarrera horrekin bat egiten, Nafarroa hiru eremutan zatitzen duen legea mantentzea ekarri zuelako erabaki horrek. Finean, egungo araudia babestea lehen eta bigarren mailako herritarrak daudela aitortzea da.

Legean moldaketa txikia eginen duzue aurki, eremu mistoa zabaltzeko. Begi onez ikusten al duzu neurria?

Azaleko moldaketak dira. Makillajea. Ongi daude, baina oso motz gelditzen dira; harago joan beharko genuke. Zonifikazioaren eztabaida zabaldu eta egoera desblokeatzeko balioko balute behintzat, baina ez dirudi hala izanen denik, zantzu guztien arabera, zuzenketa txiki batera murriztuko baita kontua. Bestalde, zergatik bermatuko dugu eremu ez-euskaldunetik mistora pasatzeko aukera soilik? Zergatik ez harago joan, eta eremu ez-euskaldunetik euskaldunera zuzenean pasatzea baimendu? Neurriak ere beharko lirateke, hizkuntza eskubideen defentsan emandako pausoen atzeraezintasuna bermatzeko.

Eta zergatik ez dira, zure ustez, neurri ausartagoak ezarri?

Oro har, irudipena dut Ezkerrak konplexu bat duela, eta ez da bakarra. PSNk ere badu horren gisako beldurra: uste dute euskararen aldeko neurriak hartuz gero Erriberan botoak galduko dituztela. Bada garaia uste faltsu horiek gainditzen hasteko, eta aldarrikatzeko nafar guztiok euskaraz bizitzeko eskubidea izan beharko genukeela.

Ahal Dugu-ren hautua, beraz, ofizialtasuna Nafarroa osoan bermatuko lukeen lege berri bat izanen litzateke?

Lege honekin, beste edozeinekin bezala, aurretiazko eztabaida sakona sustatu beharko genukeela uste dut. Egungo legea aldatzearen alde agertu da gizartea azken urteetan, eta nik ez dakit zein izanen litzatekeen aldarrikapen horri bide emateko formularik egokiena, baina argi daukat, aukera edozein dela ere, zonifikazioa gainditzea eta eskubide linguistikoetan sakontzea ekarri beharko lituzkeela ezinbestean.

«Lege berri bat? Ados, baina edukiak aurrez lotuta»



Jose Miguel Nuin  Ezkerrako legebiltzarkidea

Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen zuen Ezkerrak 2011n. Lau urte geroago, euskararen lege berri baten aldeko bidea trabatu zuen, itun programatikoaren negoziazioetan. Jose Miguel Nuin legebiltzarkideak (Iruñea, 1968) ez du kontraesanik antzematen bere koalizioaren jarreran. Arau berri bat lantzeko prest azaldu da, «baina errealitatetik abiatuta».

Itun programatikoko sinatzaileen artean, Ezkerra izan da Euskararen Legearen alde agertu den indar bakarra. Zergatik?

Itun programatikoa adosteko negoziazioetan esan genuena izan zen lege berri bat onartu aurretik edukiak adostu beharko genituzkeela. Eta lan hori egiteke dugu oraindik, baina ez da legealdi honetarako lana, aurrera begirakoa baizik. Bitartean, bide luzea egin dezakegu euskara sustatzeko, 1986ko legea ukitu gabe.

Aldaketari ez diozue uko egin, beraz?

Ez, baina aurretik, edukiak zehaztu behar ditugu. Hori eginda, ez genuke arazorik izanen lege berri baten alde egiteko.

Zeintzuk lirateke lege berri horretan zehaztu beharreko edukiak?

Nafarroako errealitate soziolinguistikoa oso plurala da eskualdeen arabera, eta hori agerian gelditu zen azken inkesta soziolinguistikoan. Oso ezberdinak dira, adibidez, Tutera eta Elizondo. Hortaz, euskararen estatusa arautuko duen lege batek aintzat hartu beharko du, ezinbestean, errealitate plural hori.

2011n, ofizialtasunaren aldeko adostasuna zegoen NaBai, Bildu eta Ezkerraren artean. Aldatu al da zuen jarrera?

Ez. Ofizialtasuna aldarrikatu dezakegu, bai, baina ezin dugu kontua hor utzi. Ofizialtasuna ezartzen badugu, zehaztu beharko dugu nola gauzatuko den, Nafarroako errealitate soziolinguistikoen arabera: lan deialdietan euskarak izanen duen balorazioa, ezarriko diren baremazioak... Gu prest gaude eztabaida horri heltzeko, baina tentuz jorratzeko gai bat da.

Kontseiluak deia egin die alderdiei, ofizialtasuna bermatuko duen lege berri bat adosteko. Zer iritzi duzu?

Aurkez dezala Kontseiluak proposamen zehatz bat. Talde politikoek ere aurkeztuko ditugu geureak, eta, denak aintzat hartuta, adostuko dugu arau berria. Planteamendu orokorrak oso ongi daude, baina, gai honetan, lur hartzea falta zaigu.

Euskararen Legea moldatzeko tramiteak abiatu dituzue, eremu ez-euskaldunetik mistora pasatzeko eskaera egina duten udalei men eginez. Eta udalerri batek eremu euskaldunera igaro nahi balu, onartuko zenukete?

Udalbatzak hala eskatuko balu, ez genuke gaizki ikusiko, ez.

«Ezin gara orain arteko urrats txikiekin konformatu»



Dabid Anaut  EH Bilduko legebiltzarkidea

Ahoan bilorik gabe mintzo da Dabid Anaut EH Bilduko parlamentaria (Burlata, Nafarroa, 1968). Ezinbestekotzat jotzen du euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan bermatuko duen lege berri bat adostea, hizkuntza eskubideen urraketak bukatzeko, eta, orain arteko urratsak babestu arren, argi du «helburu nagusia beste bat dela».

Itun programatikoa negoziatzean, ez zineten ados jarri Euskararen Legea indargabetu eta zonifikazioa desegiteko. Zertan da egoera?

Ez aurrera eta ez atzera gaude. Lege berri baten afera mahai gainean jarri zenean, guk oso argi egin genuen ofizialtasunaren alde, baina Ezkerraren betoak galarazi egin zuen akordioa. Urte eta erdi igaro da, eta bere horretan segitzen du egoerak.

Egungo esparruan ere normalizazioaren alde urratsak egin litezkeela diote beste alderdi batzuek. Ados al zaude?

Argi dago urratsak egin daitezkeela, eta egin dira batzu-batzuk, baina guk ez dugu diskurtso horrekin bat egiten. Pausoak eman litezke, ados, baina gure helburua zein den jakinda, argi edukita emandako pauso horiek ez direla aski eta, batez ere, aintzat hartuta lege esparru honek ateak ixten dizkigula. Orain arteko neurri partzialak babesten ditugu, jakina, baina horrekin konformatu gabe.

Zein da EH Bilduren apustua hizkuntza politikari dagokionez?

Argi eta garbi: ofizialtasuna lurralde osora ekarriko duen lege berri bat. Eta, gero, hizkuntza politika modulatuko dugu eremu arabera, ez baitaude egoera berean Altsasu eta Tutera... Ados, hori guztia badakigu. Euskal Herrian badira soziolinguistikoki oso heterogeneoak diren beste lurralde batzuk, eta ofizialtasuna ezarri da horietan, arazo handirik gabe.

Zer deritzozu eremu ez-euskalduneko zenbait udalerri eremu mistoan sartzeko lege proposamenari?

Tira, irabazi txiki bat den neurrian, babesten dugu, aurretik beste herri batzuen eskaera babestu genuen bezala. Izan ere, eremu mistora pasatzeak baditu abantaila batzuk, udal agintarien borondatearen arabera betiere. Baina hori ez da gure planteamendua. Ireki beharreko atea beste bat da. Eta udalerrien mozio horietan ez dute soilik eremu aldaketa eskatu. Zonifikazioa gainditzea ere galdegin dute. Guk bat egiten dugu eskakizun nagusi horrekin, eta hori eskatzen diogu gobernuari. Bitartean, urrats txiki hauek ongi daude, baina aldarrikapen nagusiak bere horretan dirau. Guk, behintzat, segituko dugu gure matrakarekin, kontua ez baita zirrikituak bilatzea, esparru osoa goitik behera aldatzea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.