Zonifikazioa amaitzeko eskatu dute Tuteran ehunka lagunek

Erriberako hiriburuan antolatutako manifestazioan, salatu dute zonifikazioa «diskriminazio iturri» dela, eta esan dute hari «hordagoa jo» behar zaiola. «Justizia sozialaren alde» egitea dela uste dute

Tuterako Foruen plaza, manifestazioa bukaeran. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Tutera
2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
«Tuteratik argi eta garbi aldarrikatzen dugu euskara berezko hizkuntza dela. Ezin da euskara Nafarroa gabe ulertu, eta, Tutera Nafarroa baldin bada, euskara bere hizkuntza da». Iraia de la Torre eta Daniel Jimenez Hordago herri dinamikako kideek esandako hitzok txalo zaparrada eragin zuten atzo Tuterako Foruen plazan. Euskararen zonifikazioa amaitzeko eskatu zuen manifestazioaren abiapuntu eta helmuga izan zen, eta amaieran bi ordezkariek azpimarratu zuten Cortesetik Beraraino bereizkeriarik gabeko Nafarroa bat nahi dutela: «Zonifikazioaren aurka egitea justizia sozialaren alde egitea da». Ehunka lagunek bat egin zuten mezu horrekin.

Hordago herri dinamika iazko azaroan sortu zen, Erriberako talde handi batek bultzaturik, eta atzokoa orain arteko proba nagusia izan zen, Tuteran ez baitira mobilizazio ugari egiten. Foruen plaza inguruko kanpai batek 17:30 jo zuenean, oraindik jendea biltzen ari zen plazan. Ordurako, Espainiako Poliziaren bi furgoneta eta Tuterako udaltzain batzuk agertuak ziren, manifestazioa gidatzeko asmoz.

Aldarri nagusia

Hamar minutu inguruko atzerapenarekin ekin zion azkenik manifestazioak, antolatzaileek Zonifikazioari hordago, Viva el euskera de Cortes a Bera [Gora euskara, Cortestik Berara] zioen pankarta zabaldu eta Miguel Iza kalean gora mugitu zirenean. Kartelaren edukiko aldarrikapenak izan ziren manifestazioan gehien entzun ziren mezuak. Gainera, «Erriberan ere euskararen alde» oihukatu zuten manifestariek.

Uneren batean, Navarra Sumako Alejandro Toquero alkatearen aurkako oihuren bat ere entzun zen. Manifestazio amaieran, Deskontrol taldeak kontzertua eman behar zuen, baina alkateak baimena ukatu zuen. Debekua gogoan, protestaren bat entzun zen, beraz.

Gainerakoan, giro lasaian joan zen manifestazioa. Txistulari talde batek musika eta giro ona jarri zituen, eta pare bat aldiz Ikusi mendizaleak kantua ozen abestu zuten manifestariek. Ibilbidean, tuterar askok begiratu zuten mila lagun inguruko manifestazioa. Baten batek, harrituta, galdetu zuen zer zen hura.

Tuteran izan ziren atzo Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Geroa Baiko Pablo Azkona parlamentaria eta EH Bilduko Laura Aznal hautagaia, Bel Pozueta Kongresuko diputatua eta Adolfo Araiz parlamentaria. Adin guztietako pertsonak elkartu ziren, eta 45 minutu geroago hasierako puntura itzuli ziren, Foruen plazara.

Ehunka lagun elkartu ziren, eta plaza erdiguneko kioskoaren erdialdean bildu ziren denak. Manifestazioko agiria irakurri aurretik, Ihitz Iriartek kantatu zuen, eta lehen txalo zaparrada jaso zuen. Ondoren, Hordago elkarteko kideek hartu zuten hitza. Iraia de Torrek, lehenik, euskaraz; gero, Daniel Jimenezek, gazteleraz.

«Nafarroako hizkuntza zonifikazioaren mapa ikusi bertzerik ez dago egiaztatzeko zentzugabea dela, ez duela ez hanka eta ez buru». Iraia de la Torrek grafikoki laburbildu zuen atzo arratsaldeko protesta haren zentzua. De la Torrek ozen azpimarratu zuen euskara «Nafarroa osoko hizkuntza» dela eta euskararen erabilerak ez duela mugarik ezagutzen «Cortestik Beraraino, Vianatik Gardera, Altsasun, Iruñean edo Tuteran, Mendialdean, Nafarroa Erdialdean edo Erriberan».

Berezko hizkuntza

Nafarroan sektore euskaltzaleek euskara ikastera behartu nahi dutela dioten eskuineko sektoreek maiz Erribera erabiltzen dute inposizioaren ideia azpimarratzeko. Hordagoko kideek, berriz, atzo ozen azpimarratu zuten Erriberan ere euskara berezko hizkuntza dela. «Tuteratik ezin da bertzerik gabe erran euskara alemana, ingelesa edo frantsesa bezain errespetagarria denik».

De la Torrek zein Jimenezek Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioari «hordagoa jo» nahi diotela aipatu zuten, «hura baita diskriminazio iturri». Euren mezuan, «bereizkeriarik gabeko Nafarroa baten alde» egin zuten. «Denok berdinak izanen garen lurralde batean bizi nahi dugu. Berdinak betebeharretan, berdinak eskubideetan».

Egun halakorik ez dagoela gogorarazi zuten, eta salatu zuten bereizkeria batik bat Euskararen Legeak eremu ez-euskaldun izendatutako tokietan nabaritzen dela. «Leku horietan guztietan nafar euskaldunak daude, edo euskaldun izan nahi dutenak, edo beren seme-alabak euskaldun izatea nahi dutenak, baina zonifikazioak nahiko traba jartzen die eragozteko. Are gehiago zonifikazioak guztiz ezkutatzen du euskararen existentzia bera. Izanez ez balitz bezala. Eta, bai, bada».

Amaieran abestutako jota batek oztopoak gainditzeko beharra nabarmendu zuen. Jotak zioenez, «egin dute hiru zati, baina hizkuntza haizea da», eta, «haizea ezin da ebaki».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.