Zizareak azaldu dira Durako ikastetxeko otordu batzuetan

Serunion enpresari isuna jartzeko prozedura ireki dio Jaurlaritzak, baina ez dio kontratua eten

Durako (Araba) Ikasbide ikastola publikoa. BERRIA.
xabier martin
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Durako (Araba) Ikasbidea ikastetxe publikoko zuzendaritzak berretsi du albistea: joan den irailaren 22an ikasle batzuek jangelan ateratako janariarekin lotutako abisu larria eman zuten; «zerbitzatutako pasta ezin zen jan», eta, areago, batzuek beren plateretan «zizareak» ikusi zituztela esan zuten. Abisu horiek oinarria bazutela erabaki ondoren, Durako ikastetxe horretako arduradunek janariaren laginak jaso zituzten, «haiek laborategian aztertzeko». Horrekin batera, otorduez arduratzen den enpresari, Serunioni, zuzendu zitzaien, haien «hornitzaileen datuak eta pastaren trazabilitatea» ezagutu nahian.

Aurtengoa da enpresa horrek Duran eta Arabako landa eremuko beste herri askotako ikastoletan janari zerbitzua ematen duen lehen urtea. Kataluniako enpresako Bizkaiko bulegoa da Arabatik gertuen dagoena. «Hornitzaileekin harremana behin betiko hautsi zuelako abisua» eman zuen enpresak, ikasleen gurasoei igorri zaien gutun batek islatu duenez.

Edonola ere, ikastetxeko zuzendaritzak aste horretan osoan zerbitzatutako janariaren laginak hartu zituen; izan ere, arazo gehiago egon dira ikasturtea abiatu zenetik otorduekin. Guztira, ehun inzidentziatik gora jaso dira Serunionek Duran banatzen duen janariaren harira. Hori dela eta, Osasun Sailak inspekzio bat ere egin zuen, «egoeraren larritasuna» aintzat hartuta, ikastolako iturriek azaldu dutenez. Bada, hartutako laginen azterketen emaitzak jakinarazi ziren urriaren 6an, eta susmorik okerrenak berretsi zituzten haiek. «Pastan mikroorganismoak zeudelako zantzuak» aurkitu zituzten janarien laginetan.

Gurasoen artean alarma handia piztu den arren, Jaurlaritzak ez du Serunionekin duen kontratua hautsi, «teknikariek deliberatu baitute inzidentzia ez dela behar bezain larria izan» neurri hori hartzeko. Baina adjudikazioan jasotako baldintzei jarraikiz, «zigor ekonomikoak» ezartzea aholkatu dute Ogasun eta Osasun sailetako teknikariek. Pastarekin gertatutakoaz gain, Ikasbidea ikastetxeko jangelan jasotako beste ehundik gora inzidentzia «sakonago» aztertzeko bidean da administrazioa.

Ikasbidean izan duen arazoa ez da Serunion enpresak izan duen lehen arazo larria zerbitzatzen duen janariari lotua. Esaterako,Errioxako (Espainia) zortzi eskolatan, otorduetan zizareak azaldu diren abisuak eman dituzte ikasturte honetan bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.