Noaingo (Nafarroa) leherketan zauritutako hiru pertsona daude Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan. Horietako bat, 22 urteko mutil bat, ZIU zainketa intentsiboetako unitatean zegoen, baina gaur atera dute bertatik. Gainerako bi zaurituak 13 urteko neska bat eta 49 urteko emakume bat dira. Zaurituen egoera egonkorra dela eta hobera egiten ari direla esan du Nafarroako Osasun Departamenduak.
Iragan asteleheneko leherketagatik etxetik kanpora dauden 40 familientzako irtenbide bila ari da Noaingo Udala, horietako batzuek hoteletan jarraitzen baitute. Familia gehienak, ordea, etxera bueltatu dira.
Etxetik kanpora dauden familien artean bi talde daude, Sebastian Marco alkateak zehaztu duenez: alde batetik, kalte txikiagoak izan dituzten etxeetakoak; bestetik, leherketa gertatu zen eremukoak.
Gas neurketak
Udaleko ordezkariak kalte txikiagoak izan dituztenekin bildu ziren ostiralean. Bizilagunek eskatu zieten gas neurketak egiteko beren etxeetan, zehaztasun handiko gas neurgailu batekin. Gas teknikariek neurketa horiek egin zituzten, eta ez zuten gasik detektatu. Gas neurketak inguru guztian egiteko ere eskatu zieten, eta udalak gaur egin dio eskaera enpresari.
Gaur bildu dira leherketa gertatu zen eremuko bizilagunekin eta haien higiezinen kudeatzailearekin. Bizilagunak kezkatuta daude, hoteletan daudelako, hotelen kostua pilatzen ari delako eta etxetik oinarrizko gauzekin soilik atera zirelako. «Esan diegu ez kezkatzeko, udala arduratuko dela aseguru konpainiekin egin beharreko guztiaz», azaldu du Marcok.
Hala ere, familia horietako batzuek etxetik kanpo denbora luzean egon beharko dutela ikusita, udala harremanetan jarri da Nasunvisa etxebizitza sozietate publikoarekin eta zenbait ostatu enpresarekin, familientzat etxebizitza egonkorragoak bilatzeko, hoteletatik kanpo. «Hotela ez baita familiarekin egoteko leku egokiena», Noaingo alkatearen arabera. «Ostatu bat izatea pentsatu behar dugu, bertan denbora luzea pasatzeko asmoz».