Ezohiko ikasturtea izango da aurtengoa, hasierako egunek erakutsi dutenez. Unibertsitatean ere bai: ikasturte hasiera guztiz baldintzatu du koronabirusak, eta segurtasun eta higiene neurrien artean hasi dituzte eskolak. Ikasle batzuek ez dituzte aurrez aurreko eskolak jasoko egunero: etxetik aritu beharko dute egun batzuetan. Egoera horretan, nola daude ikasle pisuak? Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) ohartarazi du gai horrek ardura sortu duela gazteengan. Salatu du ezin dituztela baliatu emantzipaziorako diru laguntzak, eta konfinamendua dela-eta maizterrentzako diru laguntzak ere ez zituztela jaso ikasleek, nahiz eta kasu askotan alokairua pagatzen segitu zuten etxean egon gabe.
Ikasturte honetan berdin gertatuko ote den kezka dute ikasle batzuek: alegia, konfinamendua ezarri, eta alokairua pagatzen segitu beharko duten. Mara Barrutiak (Markina-Xemein, Bizkaia, 2001) Gasteizen ikasten du, eta bertan bizi da unibertsitate garaian, beste bi lagunekin. Konfinamendua Markina-Xemeinen pasatu bazuen ere, etxearen alokairua ordaintzen jarraitu zuen kontratua amaitu arte: 200 euro hilero. Kezka zuten aurten gauza bera gertatuko ote den. «Aurtengo kontratuari klausula bat gehitu diogu: konfinamendua ezarriz gero, ez dugu pagatu beharko».
Konfinamendua iritsi zenean, etxejabearekin akordioa lortu zuen Haizea Azpiazuk (Markina-Xemein, Bizkaia, 2001). Bilbon bizi da, lagun baten bitartez lortutako etxe batean, beste bi lagunekin. 840 euro ordaintzen dituzte hilean: bakoitzak 280 euro. Konfinamenduan, adostu zuten ikasturtea amaitzeko falta ziren lau hilabeteetatik bi ordaintzea etxejabeari. Azpiazuk, hala ere, duda izan du aurten nola jokatu: «Ez nekien eskolak nola izango ziren, eta astebete etxetik egin behar banuen, ez zitzaidan errentagarria ateratzen Bilbon bizitzea».
Donostian dauka etxea ikasturte garaian Julen Etxabek (Etxebarria, Bizkaia, 1997). Hilero lau pisukideen artean 1.300 euro ordaintzen dituzte, eta lortu zuten kontratua bertan behera uztea konfinamendu garaian. Beste gastu bat izan zuten, ordea: etxearen garbiketa eta desinfekzioa ordaindu behar izan zuten. Aurtengo ikasturteari ziurgabetasunez ekin dio: «Nahiko buruko min izan dugu». Ez zaio burutik pasatu, hala ere, ezer ezalokatzea eta joan-etorrian ibiltzea.
Gurasoenetik kanpo
Badira ikasketak egiteko ez ezik gurasoenetik irteteko helburuz etxetik joandakoak. Hori da, esate baterako, Nekane Arizen kasua (Irunberri, Nafarroa, 1998). Master bat egiten ari da Iruñean, eta beste hiru lagunekin bizi da: 950 euroko alokairua daukate hilean. Arizek Espainiako Gobernuaren diru laguntza jasotzen du etxeko gastuetarako, baina asteburuetan lanean aritzen da, laguntzarekin ez baitzaio iristen. Ikasketetarako ez ezik, gurasoenetik joateko hartu zuen Iruñerako bidea, eta argi du konfinamendua etorrita ere ez dela itzuliko. «Bertan geratuko nintzateke, ez gurasoenera joan».
Ikasle pisuekin lotutako kexa ugari jasotzen ari da EGK asteotan, #IkaslePisuakZer kanpainarekin. Horren bidez, erakundeei eskatu nahi diete kontuan har dezatela egungo «egoera berezia», ikasleen ziurtasunik eza. Besteak beste, laguntza handiagoa eskatu dute unibertsitatera joan-etorrian ibiliko diren ikasleentzat.
Koronabirusa
Ziurtasunik ez ikasle pisuetan
Ikasle pisuen egoerari buruzko kanpaina bat jarri du abian Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak. Ziurgabetasunaren aurrean, klausulak eta halakoak jartzen hasi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu