Koronabirusa

Ziurtagiriarentzat baimena eskatu du Jaurlaritzak; atea joko du Nafarroak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak astelehenean aztertuko du Jaurlaritzaren eskea; Nafarroako Gobernuak neurriak iragarri ditu ostalarientzat

Irati Urdalleta Lete.
2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Asteartean iragarri zuen, eta atzo eman zuen pausoa Eusko Jaurlaritzak: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari baimen judiziala eskatu dio Europako Batasunaren COVID ziurtagiria eskatu ahal izateko. Astelehen goizean bilduko da auzitegiko administrazioarekiko auzien sala, eta litekeena da egunean bertan jakinaraztea erabakia.

Jaurlaritzak egindako eskaeraren arabera, ziurtagiria erakutsi beharko litzateke herritarrei aisialdirako jarduerak eta dantzarako aukerak eskaintzen dizkieten lekuetan, hala nola dantzalekuetan, musika ikuskizunak eskaintzen dituzten aretoetan, musika-tabernetan eta karaokeetan. III. taldean sartutako pub eta taberna berezietan ere eskatu nahi dute ziurtagiria, 22:00etatik aurrera. Jatetxeei ere eragingo die neurriak, onartzen badute: 50 pertsonak baino gehiagok jateko lekua dutenetan eskatu beharko dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken 14 egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 150 kasukoa baino handiagoa den bitartean eutsi nahi diote neurriari. Establezimenduen jabeen ardura izango da bezeroek dokumentua badutela ziurtatzea, eta paperean edo formatu digitalean aurkezteko aukera egongo da.

Eusko Jaurlaritzak neurria ezartzeko arrazoien berri ere eman du. Ohar bidez azaldu dutenez, haien zerbitzu juridikoek argudiatu dute horrelako neurri bat beharrezkoa dela «birusaren transmisio komunitarioko beste olatu bat eteten laguntzeko eta herritar guztien txertaketa are gehiago sustatzeko».

Espainiako Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia ere kontuan hartu dute, nabarmendu dutenez, «kasu batzuetan oso antzeko neurriak bermatu baititu». Haien hitzetan, auzitegi horren doktrinaren arabera, datuak babesteko oinarrizko eskubideetanez du eraginik izango.

Nafarroan, heldu den astean

Nafarroan intzidentziaren igoerarekin kezkatuta dago foru gobernua, eta mahai gainean du COVID ziurtagiria eskatzen hastea datorren asteko asteburuan. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari egin beharko diote eskea; hainbat hedabideren arabera, gaur egingo dute. Neurriak eragingo liekeen sektoreekin bildu ziren atzo, proposamena aurkezteko.

Nafarroako Gobernuak bileran jakinarazi zuenez, ekitaldietan, jatetxeetan eta gaueko aisialdian eskatu nahi dute ziurtagiria. Nafarroako Ostalaritza eta Turismo elkarteko idazkari nagusi Nacho Calvok esan duenez, sektorea «kolaboratzeko prest» dago. Eskaera batzuk ere egin dituzte: dokumentua 50 lagunek baino gehiagok jan dezaketen jatetxeetan eskatzea eta gaueko aisialdian 00:00etatik aurrera eskatzea. Gainera, arauak aldatzea ere nahi dute ostalariek, langileei txertatuta egotea exijitu ahal izateko; bestela, iruditzen zaio neurri «kontraesanezkoa»dela.

Ipar Euskal Herrian, hilabeteak daramatza indarrean neurriak. Beharrezkoa da COVID ziurtagiria edukitzea tabernetara eta jatetxeetara sartzeko, 50 lagun baino gehiagoko kultur ekintzetara joateko, kirol instalazioetarako, zahar etxeetara sartzeko eta osasun zentroetan eta ospitaleetan larrialdiak ez diren gauzengatik artatzeko, adibidez. 2022ko uztailaren 31ra arte egongo da indarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.