Ziurtagiriaren luzapena bertan behera utzi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Epaileek ez dute ontzat jo ziurtagiria otsailaren 13ra arte indarrean egotea, ez eta eremu gehiagotara zabaltzea ere.Ziurtagiria indarrean dago 50 mahaikidetik gorako jatetxeetan eta gaueko aisialdian.

Herritar batzuk COVID ziurtagiria erakusten establezimendu batean. JON URBE/ FOKU
2022ko otsailaren 1a
12:30
Entzun

EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du Eusko Jaurlaritzak egindako eskaera, COVID ziurtagiria bi astez luzatzekoa, bai eta hura eremu gehiagotara hedatzeko eskaera ere. Luis Garrido epailea buru den auzitegiaren aretoak kaleratu berri duen autoaren arabera, Jaurlaritzak ez du «behar bezala justifikatu» neurria eraginkorra dela; zehazki, esan du gobernuak ez duela aski ongi azaldu zertan den ziurtagiria eraginkorra «kutsatzeak murrizteko» .

Joan den ostiralean Jaurlaritzak baimena eskatu zion EAEko Auzitegi Nagusiari ziurtagiriaren derrigortasuna otsailaren 13ra arte luzatzeko eta, orain arteko establezimenduetan eskatu ez ezik hoteletara, turismo ostatuetara eta joko aretoetara ere zabaltzeko. Atzo, EAEko Fiskaltza ziurtagiriaren erabilera bi astez luzatzearen alde agertu zen, baina ez zuen ontzat jo eremu gehiagotara zabaltzea. EAEko Auzitegi Nagusiak, berriz, Jaurlaritzaren eskaera biak bota ditu atzera.Horiek hala, orain COVID ziurtagiria derrigorrezkoa da erakustea 50 mahaikidetik gorako jatetxeetan eta gaueko aisialdian; izan ere, toki horietan eskatzeari oniritzia eman zion abenduan Espainiako Auzitegi Gorenak, eta neurriak ez du epe mugarik.

Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi du errespetatu arren ez duela bat egiten EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenarekin, eta zerbitzu juridikoak autoa aztertzen ari direla egin beharreko urratsak aztertzeko. Jaurlaritzak hiru egun ditu ebazpenari kasazio helegitea aurkezteko. Jaurlaritzaren ustez, egungo egoera epidemiologikoa aintzat hartuta eta Labik hartutako erabakiari jarraikiz, prebentzio neurriei eutsi egin behar zaie kontuan hartuta mugakide diren beste erkidegoetan antzeko neurriak hartu direla epaileen baimenarekin. Hori hala, Jaurlaritzak ez du «ulertzen» zein den epaileek erabilitako «logika» neurriak aldi baterako luzatzea baztertzeko eta gaueko aisialdian neurriari eusteko.

Auzitegiaren argudioak
Ziurtagiriaren erabilera beste bi aste luzatzeko eskaeraren inguruan, epaileek esan dute zientzialarien artean ez dagoela erabateko adostasunik neurriaren inguruan, eta, beraz, Jaurlaritzak «hobeto justifikatu» beharko lukeela hura beste bi astez erabili ahal izateko eskaera. Epaiak dio abenduan ziurtagiria ostalaritzara zabaldu zenean ez bezala orain pandemiaren bilakaera hobera ari dela egiten nabarmen, omikron aldaera kutsakorragoa izan arren ez dela beste aldaera batzuk bezain larria, eta 18 urtetik gorako herritarrak errefortzu dosia ari direla hartzen. Horregatik guztiagatik, ez du onartu otsailaren 13ra arte zabaltzea ziurtagiriaren erabilera. Ziurtagiriaren erabilera bertan behera uzteak berekin dakar hura eremu gehiagotara zabaltzeko eskakizuna ere. Hala ere, epaileek azken neurri hori atzera botatzeko argudioak ere eman dituzte: «Intzidentzia metatua eta ospitaleetako okupazioa, aurreko arrazoibide juridikoan adierazi dugun bezala, nabarmen jaisten ari dira; beraz, nekez justifika daiteke oinarrizko eskubideak murrizten dituen neurri bat espazio berrietara zabaltzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.