Ziurtagiriaren aurkako erabakia hartu du EAEko Auzitegi Nagusiak

Eusko Jaurlaritzak ez du helegiterik aurkeztuko. Jatetxeetan eta aisialdirako eta dantzarako jarduerak eskaintzen dituzten lekuetan aurkeztu behar izatea nahi zuen hark. Nafarroako Gobernuak asteazkenean eskatuko dio ziurtagiria eskatzeko baimena Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari.

Ziurtagiri digitala sakelako telefono batean. GORKA RUBIO, FOKU
Irati Urdalleta Lete - Jon Ordoñez Garmendia
2021eko azaroaren 22a
10:56
Entzun

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez dio baimenik eman Eusko Jaurlaritzari zenbait tokitan ziurtagiria aurkezteko beharra ezartzeko. Joan den astean aurkeztu zuen eskaera Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuak, eta epaileek gaur eman diote ezezkoa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken 14 egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia 150 kasukoa baino handiagoa den herrietan ezarri nahi zuten neurria.

09:30ean bildu dira epaileak baimena eman edo ez aztertzeko. Bi magistratuk babestu dute ziurtagiriaren aurkako erabakia. Luis Garrido epaileak boto partikularra eman du, eta argudiatu du bere ustez baimendu egin beharko zutela ziurtagiria ezartzea. Horretarako aukera izan arren, Eusko Jaurlaritzak helegiterik aurkeztuko Espainiako Auzitegi Gorenean.

Auzitegiak zenbait arrazoi eman ditu COVID ziurtagiria ez derrigortzeko. Adierazi dutenez, eskubide «garrantzitsu askori» eragingo lieke neurriak, eta ez soilik berdintasunari eta intimitateari —epaileen arabera, Eusko Jaurlaritzak horiek aipatu zituen eskaera egiterakoan—. Besteak beste, biltzeko askatasunari, hara-hona ibiltzeko askatasunari eta adierazpen eta sorkuntza artistikorako askatasunei eragin diezaiekeela esan dute. Gainera, azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako memoriak jasotzen du 100.000 biztanleko 184,84 kasuko intzidentzia metatua zegoela azaroaren 15ean, baina ez du zehazten herri bakoitzekoa zenbatekoa den: «Ez da justifikatzen aipatu ditugun zifrak berdinak direnik erkidego osoan, eta horrekin ez da justifikatzen neurri bera aplikatu behar denik Euskal Autonomia Erkidego osoan». Gogorarazi dute 12 urtetik gorako herritar «gehien-gehienak» txertatuta daudela, eta hori ere neurria ez ezartzeko faktore bat dela. Beste arrazoi bat ere eman du auzitegiak: «Inkongruentzia» da establezimenduetako bezeroei ziurtagiria eskatzea baina langileei eta jabeei ez eskatzea.

Ez da lehen aldia EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Jaurlaritzak koronabirusaren aurka hartu nahi duen neurri bat atzera botatzen duela. Otsailean kolpe handia eman zion Jaurlaritzari, ebatzi zuenean eremu gorrian egon ala ez gobernuak ezin zituela itxi ostalaritzako lokalak. Erreakzioak berehala heldu dira. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak esan du «ulertezina» dela erabakia, eta azpimarratu du «Europa erdian» ezarrita dagoela ziurtagiria.

Jaurlaritzaren eskariak aurrera egin izan balu, establezimenduen jabeen ardura izango zen bezeroek dokumentua badutela ziurtatzea. Aisialdirako eta dantzarako jarduerak eskaintzen dizkieten lekuetan eskatu beharko zuten, hala nola diskoteketan, dantzalekuetan, ikuskizunak eskaintzen dituzten dantzalekuetan, musika tabernetan eta karaokeetan. III. taldean sartutako pub eta taberna berezietan ere nahi zuten ziurtagiria eskatzea, 22:00etatik aurrera.

Jatetxeetan ere eragingo zuen neurriak: 50 pertsonak baino gehiagok jateko lekua dutenetan eskatu beharko zuten.

Nafarroako Gobernuak ere eskatu asmo du COVID ziurtagiria zenbait jardueratan. Bihar eskatuko dio horretarako baimena Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari. Azaroaren 27tik urtarrilaren 6ra eskatu nahi dute, jatetxeetan,gaueko aisialdian —besteak beste, diskoteketan eta dantzalekuetan—, baita barnealdeko ekitaldi jendetsuetan ere, jateko edo edateko aukera badago.

«Beharrezko neurria»

Eusko Jaurlaritzak ohar bidez joan den astean azaldu zuenez, haien zerbitzu juridikoek argudiatu dute horrelako neurri bat beharrezkoa dela «birusaren transmisio komunitarioko beste olatu bat eteten laguntzeko eta herritar guztien txertaketa are gehiago sustatzeko». Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak aldeko txostena aurkeztu zuen joan den ostiralean, baina ez zen loteslea.

Nafarroako Gobernua gaur da ziurtagiria eskatzeko baimena galdegitekoa. Gaueko aisialdiko lokaletan eta ekitaldi jendetsuetan eragingo luke, onartzen badute. Zehazki, larunbatetik urtarrilaren 6ra arteko baimena nahi du Maria Txibiteren gobernuak horretarako.

Ipar Euskal Herrian, hilabeteak daramatza indarrean neurriak. Beharrezkoa da COVID ziurtagiria edukitzea tabernetara eta jatetxeetara sartzeko, 50 lagun baino gehiagoko kultur ekintzetara joateko, kirol instalazioetarako, zahar etxeetara sartzeko eta osasun zentroetan eta ospitaleetan larrialdiak ez diren gauzengatik artatzeko, adibidez. 2022ko uztailaren 31ra arte egongo da indarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.