Ez dute denborarik galdu. Atzo, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaileek aho batez baimena eman zioten Eusko Jaurlaritzari COVID ziurtagiria eremu itxietara zabaltzeko, aire zabaleko kirol ekitaldien salbuespenarekin, eta, albistea jakin ostean, Jaurlaritzak iragarri zuen gaur bertan argitaratuko duela dekretua EAEko Aldizkari Ofizialean eta, argitaratzeaz batera, indarrean sartuko dela.
Jaurlaritzak igorritako osasun txostena, txosten juridikoa eta dekretuaren zirriborroa aztertu ondotik hartu dute erabakia epaileek. Ostalaritzako eremuetara, zentro soziosanitarioetara, zahar etxeetara, kiroldegi eta gimnasioetara, kultur ekitaldietara eta espetxeetara ere zabaldu ahalko da COVID ziurtagiriaren erabilera, betiere azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 300 kasutik gorakoa bada. Salbuespen bakarra ezarri du auzitegiak: aire zabaleko kirol ekitaldiak. Puntu horretan bota du atzera Eusko Jaurlaritzaren eskaera. Hala, ez du baimenik eman besteak beste futbol zelaietan osasun agiria eskatzeko.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren ustez, «albiste ona» da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak COVID ziurtagiria zabaltzeko baimena eman izana, «neurri gehiago baliatzen dituelako pandemiaren aurka aritzeko». Ziurtagiria aire zabaleko kirol ikuskizunetara zabaltzeko eskaera aintzat hartu ez duten arren, Sagarduik iragarri zuen Jaurlaritzak ebazpena beteko duela eta ez diola helegiterik aurkeztuko.
Hala ere, Sagarduik «kezka» agertu zuen aire zabaleko kirol ikuskizun horien inguruan, ez direlako neurriak behar bezala errespetatzen ari, eta dei egin zien ikuskizun horien arduradunei neurriak betearazi ditzatela. Gogoratu zuen toki horietan ezin dela janaririk eta edaririk hartu, ura salbu, eta neurri horiek ere betetzeko deia egin zien.
EAEko Auzitegi Nagusiko magistratuek autoan diotenez, egoera epidemiologikoa okertu izana bada «nahikoa oinarri» Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaile gehiago hartzeko; besteak beste, COVID ziurtagiria zabaltzeko. Magistratuek gogoratu dute ezen, Jaurlaritzak azaroan COVID ziurtagiria ezartzeko baimena eskatu zuenean eta EAEko Auzitegi Nagusiak eskaria atzera bota zuenean, Euskal Autonomia Erkidegoko intzidentzia tasa 184,84 kasukoa zela, 114 lagun zeudela gaitzak jota ospitaleratuta, eta horietako 30 ZIUetan. Orain, ordea, okerragoa da egoera, eta «justifikatuta» dago ziurtagiria zabaltzeko eskaera, magistratuen ustez. Hala, gogoratu dute abenduaren 8an —Jaurlaritzak eskaria egin zuen egunean— intzidentzia tasa 791 kasukoa zela, 293 lagun zeudela ospitaleratuta, eta horietatik 73 ZIUetan.
Halaber, EAEko Auzitegi Nagusiak gogoratu du Espainiako Auzitegi Gorenak jurisprudentzia ezarri duela ziurtagiriaren erabilera baimenduta, eta, beraz, hark emandako irizpidea bete beharrekoa dela.
Haatik, auzitegiak puntu batean atzera bota du Jaurlaritzaren eskaera: aire zabaleko kirol ekitaldietan ziurtagiria eskatzea. Hori da epaileek atzera bota duten puntu bakarra. Jaurlaritzaren nahia zen ehun lagun baino gehiago biltzen dituzten kirol ikuskizunetan ziurtagiria eskatzea, baina EAEko Auzitegi Nagusiko epaileek ez dute ontzat eman eskakizun hori. Autoak dioenez, ez da behar adina justifikatu eremu irekietan ziurtagiria eskatzearen beharra, eta gaineratu dute ebazpen judizialik ez dagoela aire zabalean ziurtagiriaren erabilera baimentzen duenik. Gainera, gogoratu dute kutsatzeko arriskurik handiena duten tokien artean ez daudela aire zabalean egindako ekitaldiak.
Horrez gain, justiziak zehaztu du COVID ziurtagiririk ez dutela erakutsi beharko 12 urtez azpiko haurrek, ezta ziurtagiria beharrezkoa den establezimenduetako langileek ere.
EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren aurretik, fiskaltzak ere oniritzia eman zien Jaurlaritzaren asmoei, eta kutsatzeak eragozteko bidean «beharrezko» erabakitzat jo zuen ziurtagiriaren hedapena. Erabaki «egokia eta proportzionala» dela adierazi zuen.
Zenbait argipen
Orain arte, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ziurtagiria eskatu ahal zen aisia eta dantza uztartzen dituzten establezimenduetan, pub eta taberna berezietan, eta 50 pertsona baino gehiago hartzeko baimena duten jatetxeetan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zenbait argibide eman ditu ziurtagiri digitala erabiltzeko moduaren inguruan,herritarren ahotan egon litezkeen zalantza guztiak argitzeko, eta, adibidez, zehaztu dute establezimenduaren titular diren guztiek eska dezaketela ziurtagiria, eta Poliziak ere horretarako eskumena izango duela establezimendura sartzen bada.
Eta inork uko egiten badio ziurtagiri digitala erakusteari? Eusko Jaurlaritzaren dokumentuaren arabera, jabeek ezingo diote establezimendura sartzen utzi, eta, erabiltzaileak ez badu debeku hori errespetatzen, Udaltzaingoari edo Ertzaintzari deitu ahal izango diete.
Umeen txertaketa
Jaurlaritzak jakinarazi du atzo hasi zela 9 eta 11 urte bitarteko umeei txertoa jartzeko hitzorduak ematen, eta lau orduan 16.347 haurri eman zietela horretarako zita.
Bizitza plataformak manifestazioa egingo du datorren larunbatean Donostian, «COVID agiriaren inposizioaren kontra». Manifestazioa Bulebarretik abiatuko da 17:00etan.
Koronabirusa
Ziurtagiria eremu itxi gehiagotan eskatu ahalko dute gaurtik
EAEko Auzitegi Nagusiak ontzat eman du Jaurlaritzaren eskaera. Hala ere, ez dute onartu ziurtagiria aire zabaleko kirol ikuskizunetan eskatzea. «Albiste ona» da, Sagarduiren esanetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu