Donostiako Zigor arloko 2. zenbakiko Epaitegiko epaileak berriz ere atzeratu du 2007ko urtarrilaren 13an A-8 errepidea ixteagatik auzipetutako bost gazteen kontrako epaiketa, «desordena publikoak» egotzita bakoitzarentzat bi urte eta erdiko kartzela zigor eskaera dagoela. Atzeratzeko arrazoia: batzuek —epaileak hasieran batek esan du, gero bik— ez dutela jaso zitazio zuzena, han ez duelako jartzen epaiketara aurkeztu ezean atxilotze agindua izango dutela. Hori entzunda atera dira auzipetuak, defentsa abokatua eta lekukoak aretotik, baina geroxeago frogatu da epaileak esandakoa ez dela zuzena: bost gazteek dute zitazio zedulan epaiketara azaldu ezean atxilotzeko agindua. Esaterako, hau da Saioa Zeraini helarazi ziotena —beste laurek berdina jaso zuten—: «Legezko ohartarazpenak. Ohartarazten zaio, agertzen ez bada, eskatutako zigorra dela eta, atxilotu eta espetxeratu dezatela erabaki ahal izango dela, judizioan [sic] izango dela segurtatzeko». Idazkari judizialak sinatua dago, aurtengo irailaren 21ean.
Epaiketara bi auzipetu azaldu dira: Asier Alberdi eta Zerain. Beste hirurek berriro uko egin diote aurkezteari: Aritz Azkonak, Naroa Ariznabarretak eta Ainara Ladronek. Ahozko saioaren ostean, eta Alberdi eta Zerain jadanik epaitegi atarian direla, bostak hasi dira zitazio orriak Whatsappen duten taldera pasatzen, eta,BERRIAk egiaztatu duenez, ikusi dute bostek dutela epaiketara aurkeztu ezean atxilotzeko agindua. Mikel Elorza defentsa abokatuak orduan erabaki du atzeraberriz ere epaitegira sartzea, eta kasuko zitazioen-eta txostenaeskatu du. Haietan ere azaltzen da bost gazteen zitazioetan ageri dela epaiketara aurkeztu ezean atxilotzeko daukaten agindua.
BERRIAk ikusi duenez, badago oker bat: epaitegiak auzipetu bakoitzaren inguruko bake epaitegira igorritako orrian jartzen du akusatua epaiketara agertzen ez bada ere hura egin ahal izango dela. Fiskalak auzipetu bakoitzaren aurka, ordea, bi urte eta erdiko zigor eskaera du egina ,eta,beraz, bi urtetik gorako eskaera denez, auzipetu denek aretoan egon beharra dute epaiketa egin ahal izateko. Dena dela, akusatuek jaso duten orrian ez da ageri oker hori dagoen oharrik, eta jaso duten zitazioa zuzena da.
Hiru aldiz atzeratu
Bost independentistek, ia duela bederatzi urte, A-8 itxi zuten elkarri kateatuta, Zarautz parean (Gipuzkoa), Jarrai-Haika-Segi auzian Espainiako Auzitegi Gorena ematekoa zen epaia gaitzesteko, eta jadanik hiru aldiz atzeratu diete epaiketa. Auzitegi Nazionalak «terrorismo» delitua egon zela baztertu, eta kasua Donostiako Epaitegira igorri zuen. 2012an zuten epaiketarako lehen hitzordua, baina unea heldu zenean epaileak atzeratu egin zuen, ertzain lekukoen identifikazio okerrengatik. Duela bi urte izan zuten bigarren deia epaiketarako, baina, aurrenekoan eta orain bezala, Azkona, Ariznabarreta eta Ladron ez ziren azaldu, eta, zigor eskaerak buruko bi urtetik gorakoak direnez, han egon beharra zuten epaiketa egin zedin; epaileak atzeratzea erabaki zuen. Dena dela, ez zuen eman hiru haiek atxilotzeko agindurik. Atzo zuten hirugarren hitzordua, eta epaiketa berriro atzeratu du epaileak.
Saioa hasi baino pixka bat lehenago Azkonak, Ariznabarretak eta Ladronek Argia.eus-eko bideo batean iragarri zuten ez zirela azalduko. Epaiketak helburu politikoa duela salatu dute, eta «euskal gazteriak militatzeko duen eskubidea» aldarrikatu. Alberdik eta Zerainek ere esan dute auziak kasik bederatzi urte dituela eta horrek euren bizimoduan eragina duela. Alberdi, adibidez, aurreko bi saioetara Guatemalatik etorri zen —lanean ari zen han—. «Zigor erantsi bat da horrenbeste luzatzea», esan du. «Gainera, hirutik bitan haien akatsengatik atzeratu behar izan da epaiketa», dio Zerainek.
Martxoaren 2rako hitzordua jarri du epaileak, eta erantsi du bostek jasoko dutela atxilotze agindua. Abokatuak nahi duena da fiskalak gutxienez zigor eskaera bi urtetik beherakoa egin dezala, auzipetuek kartzelara joateko arriskurik ez izateko. Gainera, kasu horretan, epaiketara ez azalduta ere egin ahalko da saioa.
Auzia salatzeko mobilizaziobatzuk izan dira Euskal Herrian.
Zitazioak ondo, baina saiorik ez
Epaileak bost gazte independentistaren aurkako epaiketa atzeratu du, zitazio batzuk gaizki daudela esanda, auzipetu guztienak zuzen dauden arren.Martxoaren 2rako hitzordua jarri die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu