«Zisheteropatriarkatuaren» kontra eta Palestinaren alde kalera

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna dela eta, mobilizazio ugari egingo dituzte gaur Euskal Herrian. Besteak beste, egungo sistema kritikatuko dute, eta enpresen eta elkarteen interesak salatuko.

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean Gasteizen egindako manifestazioa, iaz. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean egindako manifestazioa Gasteizen, iaz. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

«Ekainaren 28a borrokarako eguna da, ditugun erronkei buruz hitz egiteko aitzakia». Milaka lagunek Euskal Herriko kaleak hartuko dituzte gaur, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean. Aldarrikapen ugari jarriko dituzte mahai gainean, baina helburu berarekin: ikusgaitasunaren eta eskubideen alde. Besteak beste, «zisheteropatriarkatuaren» aurkako borroka izango dute hizpide. 

Hain zuzen, egungo sistemaren aurka egiteko garaia dela uste du Klaudia Ugartek, Lumagorri Heterosexismoaren Aurkako Taldeko kideak. Haren esanetan, «zisheteroaraua» indartzen ari da, bereziki esparru politiko eta sozial jakin batzuetan. Horregatik, ezinbestekoa da «zisheteropatriarkatuari» aurre egitea. Apur dezagun zistema leloa aukeratu dute Gasteizko aurtengo manifestaziorako: «Badago guztiz binarioa den sistema bat, esaten duena nolakoak izan behar dugun, zer gauza egin behar ditugun, norekin ezkondu eta nola bizi behar dugun gure maitasuna; guk horren guztiaren kontrako jarrera dugu». Haatik, argi utzi du «guztiz zapaltzailea» den gizarte honetan badaudela «bizitzeko eta bizitza ulertzeko beste era on eta zuzen batzuk arautik kanpo».

Gazako genozidioa ere salatuko dute gaur: «LGTBI pertsona palestinarrei adiskidetasuna adierazi nahi diegu, eta Israelen kontrako boikota eskatu». Ugartek gogoratu duenez, zenbait LGTBI aktibistak manifestu bat aurkeztu zuten iazko azaroan, eta LGTBI harrotasuna «estrategia sionista» gisa baliatzea leporatu zioten Israeli.

«Badirudi bandera eta purpurina jartzen dutela 28an, eta, egun hori igaro eta gero, purpurina lehortuta geratzen dela, eta bandera erretzen dutela edo armairuan gordetzen dutela».

KLAUDIA UGARTELumagorri Heterosexismoaren Aurkako Taldeko kidea

Hortik dator Gasteizko leloaren bigarren esaldia: Stop pinkwashing. «Baina hortik harago doa». Ugartek salatu duenez, ekainaren 28an «izugarrizko interesa» erakusten dute bai prentsak, bai erakundeek eta enpresek. Egun hori igarota, baina, interes hori galdu egiten da. «Badirudi bandera eta purpurina jartzen dutela 28an, eta, 28a igaro eta gero, purpurina lehortuta geratzen dela, eta bandera erretzen dutela edo armairuan gordetzen dutela», azaldu du Ugartek.

Iritzi berekoa da Oihan Indart, Altxa Lili kolektiboko kidea. «Eguna biziki garrantzitsua da ikusgaitasuna emateko, eta bateratzailea da; halere, horrelako egunetan interesa areagotu egiten da, eta horrek frustrazio puntu bat ere uzten du, urte osoan existitzen garelako, eta urte osoko borroka delako». Iaz sortu zuten Altxa Lili, Ipar Euskal Herriko barnealdeko LGBTI komunitatea «eszenatokian» agertzeko helburuarekin. Kabaret ikuskizuna dute, eta, Atharratzeko (Zuberoa) Prefosta elkartearekin batera, Bekat'uros jaialdia antolatzen dute.

Apirilean antolatu zuten jaialdi horren bigarren aldia. Aste batzuk geroago, pintaketa LGTBIfoboak egin zituzten Prefostaren atarian. «Eraso horiek agerian uzten dute horrelako kolektiboen beharra dagoela», adierazi du Indartek. Beste eraso batzuk ere izan dira azkenaldian; besteak beste, Baigorrin (Nafarroa Beherea). Eraso horiek «mingarriak» diren arren, Indartek adierazi du horiei emandako erantzunak «lasaigarriak» direla, eta «indar handia» ematen dietela.

Aniztasunaren errespetua

Alizia Izal Kattalingorri Nafarroako LGTBI+ Elkartearen batzordeko eta Ilota Ledo elkarteko kideak espero du aurten «inoiz baino jende gehiagok» parte hartzea Iruñeko manifestazioan. Transen, senideen eta lagunen elkartea da Ilota Ledo, eta Iruñeko E-28 plataformaren parte ere bada. «Ikusgaitasuna izango da gure aldarrikapena, baita aniztasun guztien errespetua ere». Are, arreta transengan jarri du Izalek, «eraso gehien haiek pairatzen baitituztenak».

«Eguna biziki garrantzitsua da ikusgaitasuna emateko, eta bateratzailea da; halere, horrelako egunetan interesa areagotu egiten da, eta horrek frustrazio puntu bat ere uzten du, urte osoko borroka delako».

OIHAN INDARTAltxa Lili kolektiboko kidea

Espainiako trans legea onartu zutenean, bi elkarte «transfobok» transen kontrako kanpaina hasi zuten, Izalek adierazi duenez. Ulergaitza egiten zaio hori: «Urtebete daramagu borrokan, lehenik, pertsona gisa errespeta gaitzaten eta, bigarren, errespeta dezaten aldarrikatzen duguna. Giza eskubideen aldeko borroka da hau, ez dio beste inori kalterik egiten». Izalek argi utzi du transek eskubidea dutela gainerakoek dituzten baldintza berbetan bizitzeko, eta ezinbestekoa dela «aniztasuna» existitzen dela onartzea. «Gay, lesbiana, trans, bisexual, intersexual edo ez-binarioa izan aurretik, pertsonak gara; horregatik, giza eskubide guztiak izan behar ditugu».

Ilota Ledo elkartekok ikusgaitasuna aldarrikatu dute, «normaltasunez». Hau da: «Kalean gaudenean edo erakunde zein lan batera goazenean, beste edozein pertsona bezala trata gaitzatela». Horrez gain, elkartea buru-belarri dabil ebakuntzen auzian. «Batzuek ez dute ebakuntzarik egin nahi, eta hori oso ondo dago. Baina badira gorputz atal batean edo bestean ebakuntza egin nahi dutenak ere. Nahiz eta legeak ebakuntza horiek aitortu, askotan, hilabeteak edo urteak itxaron behar dugu». Hori dela eta, elkartea borrokan ari da, «kalitatezko talde bat egon dadin Nafarroan, edo Gurutzetan [ospitalea, Portugalete, Bizkaia], berme guztiekin, horretan lan egingo duena, eta ikertu egingo duena».

Faxismoari aurre egiteko prest

Hiru elkarteetako kideek «kezka» agertu dute azkenaldian eraso ugari egon direlako, eta eskuin muturra «indartzen» ari delako. Hala ere, prest daude faxismoari aurre egiteko. «Eskuin muturra indartzen ari den momentu honetan, presentzia eta ikusgaitasun horretan segitzea izanen da gure erronka; hori da eta izan da hastapenetik gure helburua», adierazi du Indartek.

«Gay, lesbiana, trans, bisexual, intersexual edo ez-binarioa izan aurretik, pertsonak gara; horregatik, giza eskubide guztiak izan behar ditugu».

ALIZIA IZALKattalingorri Nafarroako LGTBI+ Elkartearen batzordeko eta Ilota Ledo elkarteko kidea

Ugarteren iritziz, faxismoa ezin da botoekin bakarrik gelditu, «oinak moztu» behar zaizkio. Eta nola egiten da hori? «Saretuz, komunitatea eginez, eta elkar zainduz». Hori dela eta, garrantzitsutzat jo du manifestazioaren ondotik jaia antolatu izana gaztetxean. «Gure borrokan, garrantzitsua da espazioak okupatzea, batez ere merkantilismotik at dauden espazioak; horregatik, herrietako eta auzoetako jaietan egon behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.