Interes handia piztu du: ikastaroko leku guztiak, 30, bete egingo dira». Amador Fernandez Pastor mintzo da, UNED Espainiako urrutiko hezkuntzako unibertsitateak Bergaran (Gipuzkoa) duen egoitzako ordezkaria. Medikuntza integratzaileari buruz aurten lehenbiziko aldiz eskainiko duten ikastaroaz —Trebakuntza osasun bizian eta medikuntza integratzailean izena du— ari da. Urrutiko unibertsitateko beste zenbait egoitzatan lehenagotik badituzte medikuntza konbentzionalaz aparteko jakintzekin lotutako esperientziak, eta Bergarako egoitzan ere honako hau ez da lehenbiziko egitasmoa; osteopatak trebatzen ari dira, esaterako, 2009tik, eta, ordutik, segida ona izan du proposamenak: «Taldeak beteta daude: itxaron zerrenda bat dugu». Osteopatiara, batez ere, fisioterapeutek eta medikuntza ikasketak dituztenek jotzen dutela adierazi du Fernandez Pastorrek; aurten abiatu duten ikastarora, alor zabalagoko profesionalek: «Medikuntza, psikologia, farmazia, biologia, erizaintza eta fisioterapiako lizentziak eta graduak dituzte gehienek». Ikastaroaren programaren ardatzak dira, besteak beste, medikuntza higienista, medikuntza tradizionala eta barau terapeutikoa. Ohiko jardunbide zientifikoaren erretenetik at daudela eta, mesfidantzaz aipatzen dira usu. Kontrako ahotsik ez zaiela inondik heldu esan du, hala ere, Fernandez Pastorrek. «Ez dugu kritika bakar bat ere jaso».
Bi urteko iraupena izango du ikastaroak, eta Zuhaizpe Osasun Guneak antolatu du. Hango arduraduna da Karmelo Bizkarra osagilea. Medikuntza konbentzionalaz aparteko jakintzaren alorrak ere aintzat hartzeko eskatuz urte ugari daramatza beharrean, eta ez dago bakarrik bidean. Berriki, ASYMI Osasunaren eta Medikuntza Integratzailearen Elkartea eratu du beste hainbat profesionalekin, hain justu, xede horretan sakontzeko. Terapia osagarri eta tradizionaletan ari diren profesionalak direla azaldu dute elkartekoek. Beren burua aurkezteko testuetan aipatzen dituzte, besteak beste, arteterapia, ayurveda, akupuntura, medikuntza higienista, kinesologia, naturopatia, reikia eta osteopatia. Horietako asko OME Osasunaren Mundu Erakundeko 2014-2023ko plan estrategikoak aintzat hartzen dituela nabarmendu dute. Eta pozik dago Bizkarra orain UNED-Bergaran hasi duten ikastaroarekin. Osteopatian lehendik hasitako esperientzia aintzat hartzeko modukoa bada ere, honako hau aparteko urrats bat dela uste du. «Lehenengo aldia da ofizialki zerbait lortzen duguna, nolabaiteko irekitasun bat eremu ofizialean».
Argi du Bizkarrak zer eskaini nahi dieten ikasleei: «Osasunaren beste ikuspegi bat: ez soilik gaixotasunen kontra egiteko, baizik eta osasuna lortzeko. Oso garrantzitsua da jendeari erakustea asko egin dezakegula osasuna lortzearen alde». Irakasle ariko diren gehienak medikuntzan eta kirurgian, erizaintzan edo psikologian tituludunak dira; esperientzia luzea dute askok ospitale handietan eta unibertsitateetan. «Ibilbide handiko jendea da».
Beste «ikuskera» bat
Ikasleak hautatzeko, galbahea pasatu behar izan dute, eta erdiekin-edo geratu dira: trebatuenekin. Izan ere, Bizkarraren arabera, ez da hastapen ikastaro bat: sakontzea da helburua. «Integratzaile hitzarekin irakatsi nahi diegu medikuntza konbentzionaleko onena hartu, eta hortik zabaltzen, beste ikuskera bat izaten».
Jon Irazusta Medikuntza Fakultateko irakaslea da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, eta gaiari buruz hausnarrean hasiaurretik ohartarazpen bat nabarmendu nahi du: «Nik argi utzi nahi dut ni medikuntza konbentzionalaren aldekoa naizela». Ez jarrera itxi-itxiduna, ordea. «Ez zait gustatzen besteak ere denak zaku berean sartzea. Ez dugu dena deabrutu behar», ohartarazi du. «Begirada zorrotzagoa eta kritikoagoa beharko genuke». Unibertsitatean medikuak trebatzeko orduan, ordea, marra gorria zein den argi du: «Unibertsitatean frogetan oinarritutako gauzak irakatsi behar dira. Eta esan beharra dago orain arte frogetan oinarritutako medikuntza medikuntza konbentzionalean dagoela, osasun sisteman dagoen horretan». Abisu bat eman nahi du, gainera: erabiltzaileek medikuntza konbentzionaletik aparteko terapiaren baten aldeko hautua egiten dutenean, hori ofizialki araututa dauden tituludunen batek egitea komeni da. Beti. «Terapia era batekoa edo bestekoa izan, bi profesional daude gaituta horiek egiteko: medikuak, terapia guztietan, edo fisioterapeutak, euren eskumenekoak diren horietan. Hortik kanpo dauden horietara ez ginateke joan behar».
Ulertzen du, hein handi batean, jendeak bestelako terapia klase horietara zergatik jotzen duen. «Badago kontu bat medikuntza konbentzionalean oso gutxi landuta dagoena, eta nire ustez, nolabait, medikuntza konbentzionaletik kanpo daudenek hutsune hori aprobetxatzen dute; da, hain zuzen ere, ze jaramon txikia egiten zaion askotan ariketa fisikoari, nutrizioari, psikologiari... Orain pixka bat gehiago, baina, oro har, oso jaramon txikia egiten zaie alor horiei», ohartarazi du. Medikuntza integratzailearen terapietan zer ikasia egon daitekeen susmoa du. «Baliteke plazeboa baino zerbait gehiago egotea. Edo akaso kontua da ikustea plazeboa nola erabili hobeto. Plazeboa, askotan, gutxietsi egiten da: 'Ba, plazeboa bakarrik da', esaten da. Baina plazeboa tresna oso boteretsua da. Are gehiago; guri beldur handien ematen diguna, egonez handiena sortzen diguna, izaten da mina, eta, mina, azken batean, sentsazio subjektibo bat da; ondorioz, plazeboak indar handia izan dezake mina arintzeko. Horregatik, hor plazeboa nola erabiltzen den ikustea interesgarria iruditzen zait, hori gero modu etiko batean erabiltzeko». Zenbait terapiak onespen handia dutela onartu du, gainera EHUko irakasleak. «Osteopatiak, adibidez, froga onak dauzka bizkarreko minerako, eta nahiko barneratuta dago fisioterapian; egun fisioterapeuta askok behin karrera amaituta egiten dute osteopatiako master bat edo ikastaroren bat. Nahiko barneratuta dago hori gaur egun».
Medikuntza osagarrien inguruko trebakuntza arautuak munduko beste hainbat bazterretan ohikoak direla gogorarazi nahi du Bizkarrak. «Ameriketan, esaterako, badaude katedra pila bat medikuntza integratzaileari eskainita; bai medikuntza fakultateetan, baita ospitaleetan ere». Europako beste hainbat herrialdetan ere antzekoak ohikoak direla adierazi du. Baita Euskal Herrian ere, sasoi batean.«Errepublika garaian mediku asko ziren naturistak eta homeopatak, hor Europako aitzindarietakoak ginen». Loraldi haren zimeltzea lotzen du Francoren diktadurak profesional horietako askoren aurka eraginiko jazarpenarekin.
«Superstizioa» da
Zientziak ezarritako irizpideetan oinarritzen direnen ahotsak, ordea, oso kritikoak dira usu medikuntza integratzailearen inguruan. Begirada bat eman die, esaterako, Josu Lopez-Gazpiok —Kimikan doktorea da— UNEDen eskainiko duten ikastaroan landuko diren gaiei. «Edukiari buruz inolako zalantzarik ez daukat: ebidentzia zientifikoan ez dira oinarritzen proposatzen dituzten gauza gehienak». Irakatsiko diren gai asko «superstizioarekin edo magiarekin» lotuta daudela ohartarazi du, eta argi esan behar dela hori. Ez du uste, hala ere, horrelako egitasmoak saihestea erraza denik. «Bakoitzak ikusi behar du zer eman nahi duen, eta zer ez: jendea libre da», azaldu du. «Unibertsitate batek, hala nahi badu, horoskopoa egiteko moduei buruzko ikastaro bat antola dezake». Horien arriskuez ohartaraztea ere ezinbestekoa iruditzen zaio, ordea. «Arriskutsua da esatea, adibidez, terapia horiekin senda daitekeela gaixo bat». Gaiaren inguruan pedagogia egin behar dela uste du, alor askotan; izan ere, terapia horiekiko ikuspegi onbera oso zabalduta dagoela uste du: «EHUn ere badira horrelako gauzak; Erizaintzako graduan, adibidez, badago terapia naturalei buruzko ikasgai bat».
Ulertzen du Lopez-Gazpiok ere usu jendeak terapia klase horietara jotzeko duen premia. «Egia da ebidentzietan oinarritutako medikuntza beti ez dela eraginkorra, edo nahigabeko ondorioak dituela... Horregatik jotzen du jendeak askotan sasimedikuntzara». OMEk terapia horiei buruz esandakoak usu abarotzat hartzen dituzte medikuntza integratzailearen aldekoek; horren inguruan ere zehaztapen bat egin behar dela ohartarazi du, ordea. Izan ere, erakundeak 2014-2023ko urteetan gaia zedarritzeko idatzitako estrategiak proposatzen ditu terapia mota horiek aintzakotzat hartzeko bide ugari, baina zehazten du edozein jardunbide klaseri ezin zaiola aterik ireki. Halaxe, hitzez hitz: «Medikuntza tradizional eta osagarria froga zientifikotan oinarritu behar dira osasun artako parte integral izateko».
Halako jarrerak ikusirik, ezeren aurka ez daudela esatea oroitaraztea gustatzen zaio Bizkarrari; sobran ez dutela ikusten deus, alegia. «Beti argi uzten dugu ez goazela medikuntza konbentzionalaren aurka. Teknika aldetik, edo diagnostiko aldetik primeran dago; larrialdietarako ere bai. Baina gaixotasun kronikoetan gehiago jo behar da jendea ahalduntzera». Hortxe jarri nahi dute indarra. Eta trebakuntza arautuko espazioak irabazte aldera, bereziki, lanean jarraitu nahi dute. Galbahe baten premia ikusten baitute: «oportunisten» aurka.
Zirrikitu bila unibertsitatean
Osasunarekin lotutako unibertsitateko ikasketa arautuetan ia lekurik ez dute medikuntza konbentzionaletik at dauden alorrek. Baina badira esperientziak; hala, UNED-Bergaran medikuntza integratzaileari buruzko ikastaro bat hasi dute. Pozik dira sustatzaileak; mesfidatiak, berriz, uzkur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu