Europako Batasunak argi zehaztu ditu helburuak. 2020rako,hiri hondakinen erdia birziklatu beharko da; 2025ean, %55; 2035ean, %65. Gaur egungo batez besteko tasa %44koa da. Era berean, ezingo da hondakinen %10 baino gehiago bota zabortegietara. Hori lortzeko bidea ere ezarri du: ekonomia zirkularra. Hainbat lekutan hondakinen energia balioztatzea hautatu da helburu hori lortzeko; hau da, erraustegietan erretzen dira «birziklatu ezin diren hondakinak», eta galdaratik irteten den lurrunak argindarra sortuko duen turbina bat mugitzen du. «Balioztatze energetikorako plantak gabe, hondakin horiek zabortegietan edo naturan isurita amaituko lukete. Ez genituzke Batasunak ipinitako helburuak beteko», ohartarazi du Cewep Europako balioztatze energetikorako planten elkarteko presidenteak. Bilbon dago egunotan, elkarteak urtero egiten duen bilkuran. Atzo izan zituzten hitzaldiak eta mahai inguruak, eta gaur Bilbo eta Alonsotegi (Bizkaia) artean dagoen Zabalgarbira joango dira bisitan.
Enpresa, elkarte eta erakunde publikoetako ordezkariekin, guztira, Europa osoko 225 profesional inguru daude Bilbon. Euretako bat Europako Ingurumen komisarioaren Ekonomia Zirkularrerako aholkulari Neale William izan da. «Energia balioztatzea oso garrantzitsua da hondakinak kudeatzeko orduan. Zabortegietara ez isurtzen laguntzen du, substantzia arriskutsuak tratatzen ditu eta energia sortzen du», azaldu zuen atzoko irekiera hitzaldian. Gogora ekarri zuen Europako Batasunak «balioztatze energetikoaren aldeko apustua berretsi» duela oraintsu, «hondakinen kudeaketarako hierarkizazioan». Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioko Hondakinen zuzendariordearen alboko Margarita Ruiz Saiz-Ajak 2030era arte indarrean egongo den Ekonomia Zirkularrerako Estrategia azaldu zuen; nabarmendu zuen balioztatze energetikoak «pisu garrantzitsua» izango duela.
Baina bada uste duenik energia balioztatzea ez dela ekonomia zirkularra. Dozenaka lagun elkartu ziren herenegun iluntzean Guggenheim museoaren atarian, barruan kongresuaren inaugurazio gala egiten zuten bitartean. Zero Zabor Bizkaian plataformak protestara deitu zuen. «Errausketan, hondakinak erretzen ditugu, eta materia hori atmosferara isurtzen da gas fasean. Beraz,zirkulartasuna apurtzen dugu. Errausten dena ezin da materialki balioztatu», salatu du Gorka Bueno EHUko Ingeniaritza irakasleak. «Energia lortzen bada, nolabait balioztatzen da, baina ez da balioztatze materiala, energetikoa baizik. Eta hori ez da ekonomia zirkularra».
Errauste plantetako ordezkariek hainbat gai izan zituzten atzokoan hizpide. Besteak beste, Txinak plastikozko hondakinak jasotzeari utziko diola izan zuten gogoan. Corepla Italiako plastikozko ontzien bilketa, birziklatze eta berreskuratzerako partzuergo nazionaleko Antoello Ciottik ohartarazi zuen Txinaren erabakiari aurre egin ahal izateko ezinbestekoak izango direla balorizazio energetikorako plantak. Baina Buenok hondakinen kudeaketarako aukera bakarra ikusten du, eta beste bat da: hierarkizazio piramidea errespetatzea. Zerrenda horretan, balioztatze energetikoa erditik behera dago. Buenok uste du erraustegiek hondakinak berrerabiltzea eta birziklatzea oztopatzen dituztela. «Zabalgarbin erretzen diren hondakinen erdia birziklagarriak dira: papera, egurra, plastikoa... Baina nahastuta daude, eta horrek birziklatzea eragozten du. Gainera, hondakinen %1 inguru arriskutsuak dira». Salatu du Bizkaiko hondakin bilketa sistema «Zabalgarbi elikatzeko» diseinatuta dagoela.
Segurtasunari buruzkoak
Europan halako 460 planta daude; batez ere, Suedian, Danimarkan, Alemanian, Herbehereetan eta Austrian. Cewepeko Arlo Tekniko eta Zientifiko buru Lighea Spezialek azaldu zuen 2023tik aurrera baimenak berritu beharko dituztela Europako Batasunak ezarritako segurtasun neurri berrietara egokitzeko. Zabalgarbiko arduradunek azpimarratu dute arriskuak txikitzeko egin duten lanagatik HPR izendapena jaso duen Europako lehen planta dela. Balioztatze energetikorako planten Espainiako federazioaren buru Rafael Guineak erraustegien inguruko «berri faltsuak» izan ditu hizpide, besteak beste. Esan du sarri ikerketa zientifikoak erabiltzen direla planta hauek ingurumenean eta osasunean izan ditzaketen arriskuez ohartarazteko. «Baina ikerketa horien arabera, errausketa egurats zabaleko segurtasun baldintzetan egiten da, eta ez da hala: sekulako segurtasun neurriak daude». Buenok, berriz, zehaztu du plantak azterketak egitera behartuta daudela, eta txosten horietan «garbi» ikusten dela baimendutako isurketa arriskutsuak gainditzen dituztela. Azterketen zorroztasuna ere auzitan ipini du.
Zirkuluaren itxiera ezbaian
Europako erraustegiek ekonomia zirkularrari egiten dioten «ekarpena» azaldu dute Bilbon. Zero Zaborrek azaldu du balioztatze energetikoa ez dela ekonomia zirkularra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu