Zinta metriko bat larrialdietarako

Interbentzio medikoetan, larrialdizkoetan bereziki, garrantzitsua izaten da umeen pisua jakitea, sendagaien dosia kalkulatzeko-eta. Ikerketa talde batek pisuaren estimazioa emateko zinta metriko bat asmatu du.

Zinta metrikoaren neurketak eraginkorrak izateko 55-140 zentimetro tartean neurtu behar dute umeek. BERRIA.
unai etxenausia
2022ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Umeen interbentzio medikoetan, batez ere larrialdi egoeretan, garrantzitsua da artatua izan behar den umearen pisua jakitea, sendagaien dosia edo zain barneko fluidoen bolumena kalkulatu ahal izateko, eta erabiliko diren materialek zer neurri izan behar duten jakiteko. Gehienetan, adingabe bat ospitaletik kanpo artatu behar dutenean, eta baskularik ez badago edo gurasoen erreferentziarik ez badaukate, osasun langileek estimazioak egiten dituzte haren pisua kalkulatu ahal izateko. Zehaztasuna irabazte aldera, West eta BioRes ikerketa taldeek umeen pisua gutxi gorabehera zein den jakiten laguntzen duen zinta metriko bat sortu dute. Bilbo 2019 Zinta izena jarri diote.«Zenbait kasu larritan, bizitzak salba ditzake», azaldu du ikerketa taldeko parte den Gorka Vallejo erizainak.

Munduko beste leku zenbaitetan neurketa sistema hainbat erabiltzen dira dagoeneko, baina baliagarriak dira soilik bertako ezaugarri soziodemografikoak betetzen dituzten pertsonentzat. Ondorioz, Vallejok azaldu duenez, zinta horietako eskalak ez ziren egokiak Euskal Herrirako, eta «egokitu beharra» zegoen. Hasi ziren, beraz, ikerketarekin: «Ikertzaile talde bat batu ginen eta algoritmo matematiko bat eratu genuen. Formula horri esker gai izan ginen umeen pisua zehazteko: Bilboko 15.000 umeren datuak hartu genituen».

Ondoren, Ingeniaritza Biomedikoko ikerlariekin batera, eta adimen artifizialari esker, aurreko formularen emaitzen «zehaztasuna hobetzea» lortu zuten. Azkenik, «zinta metriko batera egokitu» zituzten datuak.

Pisua, eta gehiago

Asmakizunari esker, Vallejok ziurtatu du osasun profesionalek ume baten pisuaren kalkulua egiteko tresna fidagarri bat dutela: «Zintako zentimetro bakoitzeko hiru pisu estimazio posible daude. Altuera neurtzean, umearen gorpuzkeraren arabera horietako bat aukeratu beharko du osasun langileak. Altuera neurtzeaz gain, gutxi gorabeherako adina kalkulatu daiteke. Vallejok argitu du, ordea, zinta eraginkorra izateko «55-140 zentimetro artean» neurtu behar dutela umeek.

Era berean, kolore kode bat darabil zintak. Eriak artatzeko erabiltzen den larrialdi materiala gordetzeko poltsen edo tiraderen koloreekin egindako kodea da. Vallejok aipatu duenez, erabili behar den materialaren «neurria» zein den jakitea garrantzitsua da maiz: «Koloreen bidez, erabili beharreko materiala hautatzen lagunduko dio langileari».

Larrialdi kasuetan, botikak erabili behar direnean-eta, dosia zein izan behar den neurtzen laguntzen du zintak, dosia pisuaren araberakoa izaten baita. Izan ere,dosi txikiegia ematen bada, «ez da helburu terapeutikoa beteko»; handiegia ematen bada, berriz, «kontrako efektuak» eragin ditzake.

Zintaren diseinu industriala Patente eta Marken Espainiako Bulegoan erregistratu dute, eta zinta Elite Bags enpresak salgai ipini du jadanik. Etorkizun hurbilean, zintak jendearen esku egotea eta «anbulantzietan erabiltzea» espero du Vallejok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.