Zinpeko epaimahaiak erruduntzat jo du Usurbilen istripua eragin zuen gidaria

Ez dute frogatutzat jo gidariak bazekiela kontrako bidean zihoala. Fiskalak lau urtera apaldu du zigor eskaera.

Gipuzkoako Auzitegian hasi zen epaiketa, joan den astelehenean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Gipuzkoako Auzitegian hasi zen epaiketa, joan den astelehenean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
gotzon hermosilla
2024ko maiatzaren 24a
09:30
Entzun

Zinpeko epaimahaiak erruduntzat jo du Usurbilen (Gipuzkoa) AP-8 autobidean zortzi kilometro eta erdi kontrako bidean egin eta auto istripua eragin zuen gidaria, eta zuhurtziagabekeria larriagatik eragindako bi giza hilketa egotzi dizkio. Hala ere, defentsak emandako zenbait arrazoibide aintzat hartu dituzte zinpeko epaimahaia osatzen duten bederatzi lagunek, eta, esaterako, baztertu egin dute behin-behineko doloa egon zenik, hau da, ez dute uste gidaria jabetuta zegoenik zein arriskutsua zen bere jokabidea. Bestalde, zinpeko epaimahaiak ez du uste bide segurtasunaren kontrako delitu bat egon denik, haren ustez ez baitago frogatuta gizonak bazekiela kontrako bidetik zihoala.

Istripua 2017ko otsailaren 11ko goizean gertatu zen. Orain epaitu duten gizona kontrako bidetik sartu zen AP-8 autobidean, Bilbora bidean, eta, zortzi kilometro eta erdi egin ostean, haren autoak anbulantzia bat jo zuen. Autoan zihoazen sei bidaiarietatik bi hil ziren.

Beste bi zirkunstantzia aringarri ere aintzat hartu ditu zinpeko epaimahaiak: alde batetik, uste du litekeena dela auzibidean «okerreko luzamendua» egon izana, lau urte igaro baitira auzia Donostiako instrukzio epaitegian aztertu zutenetik Gipuzkoako Probintzia Auzitegian epaitu duten arte; horrek berekin ekar lezake gidariari ezarriko dioten zigorra gradu bat edo bi jaistea. Bestalde, defentsak eskatu bezala, aintzat hartu dute kalte morala erreparatu izanaren aringarria, akusatuak barkamena eskatu baitzien hildakoen senitartekoei.

Epailearen erabakiaren zain

Zinpeko epaimahaiaren ebazpena jakinda, orain epaileak erabaki beharko du zer zigor ezartzen dioten akusatuari. Fiskalak jaitsi egin du zigor eskaera: hamalau urte eskatzen zuen lehen, eta orain, berriz, lau urteko espetxe zigorra, eta sei urtez gidatzeko debekua. Defentsak, berriz, uste du gehienez ezar dakiokeen zigorra hamabi hilabeteko isuna dela.

Aste honetan egin dute auziari buruzko epaiketa. Bere deklarazioan, akusatuak aitortu zuen gidabaimena «ez oso modu legalean» lortu zuela, Marokon, eta inoiz ez zuela ikasi gidatzeko beharrezkoa den eduki teorikoa, baina ukatu egin zuen bazekiela kontrako bidean zihoala; ertzainek, berriz, adierazi zuten euren ustez gidariak izan zuela nahikoa zantzu jabetzeko kontrako bidean zihoala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.