Rakel Mateo. Psikopedagogoa

«Zinezkotasun erabatekoa da gakoa: heriotza da, eta halaxe deitu behar zaio»

Hildakoak oroitzeko usadioari atxikita, Senda fundazioak doluari buruzko topaketak egingo ditu egunotan Iruñean. Hizlari ariko da Rakel Mateo, heriotzaz era biluzian mintzatzeko deia eginez.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2011ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Senda fundazioak zazpigarren aldiz antolatuko ditu aurten Iruñean doluari buruzko jardunaldiak, Irache beilatoki taldea lagun. Bihar hasiko da zikloa, eta hilaren 6a bitartean egingo da, Civican auditoriumean. Senda fundazioko zuzendaria, Rakel Mateo psikopedagogoa (1980, Iruñea), hizlarietako bat izango da. Eskoletan heriotzari buruz nola hitz egin behar den aztertuko du.

Zenbateraino gara heriotzak dakarren minari aurre egiteko prestatutako gizartea?

Bederatzi urte daramat nik honetan, eta ikusi dut hasiera hartan, segur aski, gai hauekiko ukazioa handiagoa zela. Aldaketa egon da. Baina iruditzen zait oinazea eta tristura asko makillatzen jarraitzen dugula; soilik bizitzaren alde positiboak erakutsi nahi ditugula dirudi. Baina, egunean eguneko martxak erakusten digu errealitatea bestelakoa dela.

Zein izaten dira dolua pasatzen ari direnen artean galdera eta duda ohikoenak?

Gehienetan, guregana datozenean, esaten digute besteek ez dituztela ulertzen; beste hizkuntza batean hitz egiten ari direla sentitzen dute. Guk, askotan, gaizki sentitzeko baimena eman behar izaten diegula sentitzen dugu; izan ere, jendeak sentiarazten die behin beilatokiko eta hiletetako egunak pasa eta gero bukatu dela dena. «Indartsua izan behar duzu», esaten diete. «Halako egin behar duzu»; «atera egin behar duzu». «Egin», «egin» horrekin jarduten die jendeak etenik gabe, triste egoteko denbora bat behar dutela ulertu gabe. Gaixo gaudenean atsedenerako tarte bat ematen diogu gorputzari, eta doluarekin ere denbora bat behar da.

Askotan ez da erraza izaten. Maite duen norbait galdu duenari, minak jota dagoen horri, nola lagundu?

Oinarrian, ez dakigu. Askotan esaten dute: «Jendeak ez digu lagundu nahi». Ez dut uste jendeak ez duenik nahi. Baina askotan jendeak ez daki nola lagundu.Nik ere ez dakit horretarako erremintak ditudan... Baina uste dut garrantzitsua dela bestearekin egotea bestearengandik deus espero gabe ere; bestea ondo egon gabe ere. Askotan hobeto da ez deus esatea eta egotea, hortxe egotea; ezer ere esan gabe, askotan hitz egiten dugunean hanka sartzen baitugu. Benetan egotea da gakoa, inolako baldintzarik gabe. «Hemen nago» esatea da giltzarria: «Zurekin, eta zuretzat».

Doluak jota daudenek zein galdera izaten dituzte?

Min handi horrek zenbat denbora iraungo dien galdetzen dute. Inoiz beste era batera sentituko diren ere bai. Gehiago pentsatzen dute izan zen iraganean eta etorriko den etorkizunean, orainean baino, oinaze handia ematen baitie orainak. Nik beti esaten dut dudak direla dolua. Oro da zalantza: «Noiz arte egongo naiz honela?», «lehengoa izango al naiz berriro?...». Espiritualtasunarekin lotutako galderak ere izaten dira: «Nora doaz?», «Zer erlazio izango dut pertsona horrekin?».

Eta galdera horiei zer erantzun ematen diezue?

Oinaze hori ez dela betiko izango hain mingarria. Berriro ere ondo egongo dira. Baina lehengoak izango dira? Ez, gertuko baten heriotzaren ondoren bizitza ez da lehengo bera; baina mina arindu egiten da, bai. Neurri batean, heriotzaren berri izan ostean izaten den hasierako shock hori beharrezkoa izaten da oinaze hori jasateko, eta gero min horretatik pasa egin behar da. Eta denborak ez du osatzen, baretu egiten du. Askotan, gainera, lehenengo momentua baino okerrago izaten da ondorengoa; pertsona horren falta sentitzen duzunean, hain justu. Denbora, bere kasara, pasa egiten da; berez ez du beste ezer ere egiten. Denborarekin zer egiten duzun: hor dago gakoa.

Umeak noiz hasten dira ulertzen?

10-12 urtetik aurrera, heriotzaren kontzeptua gure erara ulertzen hasten dira, eta umeek, normalean, modu sano batean barneratzen dute heriotzaren ideia.

Eskoletan nola jokatu?

Gehiago egin behar dela iruditzen zait niri. Emozioak landu behar dira. Askotan beldurra ematen du gaia lantzeak, baina ez da heriotza ikasgelaren erdi-erdian jartzea. Ez, emozioez hitz egitea da, eta modu asko daude horretarako. Lan prebentiboa egin behar da. Beste askotan eskoletan modu paliatiboan landu behar izaten da gaia; ja beste aukerarik ez dagoenean: eskolako ume bat hil delako, edo irakasleren bat.

Familian nola kontatu haur bati etxeko bat hil dela?

Zinezkotasun erabatekoa da gakoa: heriotza da, eta halaxe deitu behar zaio. Ez da gezurrik esan behar. Guraso eta irakasleek zergatik ez dute esango triste daudela? Umeak gu baino bizkorragoak dira, eta gauzak aratz esan behar dira; hainbat galderari zer erantzun ez dakigula ere aitortu egin behar diegu. Jakina, ez da gauza bera 2 urteko umea izatea, 10 urtekoa edo 13 urteko nerabea. Gezurra erruz esaten dugula iruditzen zait, baina haurrek ere lehenago edo beranduago ulertuko dute heriotza guk ulertzen dugun moduan, eta ez dira nahastu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.