Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta Contigo-Zurekin Iruñeko udal taldeek adierazpen bat aurkeztuko dute gaur, Carlos SalvadorUPNko zinegotziaren jarrera gaitzesteko. Herritarrekiko Harremanetarako, Partaidetzako, Adinekoekiko Harremanetarako, Hezkuntzako, Berdintasuneko eta Kultura Aniztasuneko udal gobernuko arduraduna izaki, urriaren 5eko osoko bilkuran emakumeen aurkako indarkeriari buruz egindako «adierazpen negazionistengatik» egin beharko dio aurre oposizioaren gaitzespen eskaerari. Adierazpen horiek, Iruñean, «indarkeria matxistaren aurkako borrokari kalte» egiten diotela adierazi dute Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta Contigo-Zurekin udal taldeek.
Oposizioko taldeek gogoratu dutenez, «indarkeria matxista da emakumeen artean heriotza goiztiarren lehen arrazoia»; matxismoak hil egiten duela azpimarratu dute, eta «lehen mailako gai politikoa» izan behar duela, «prebentzio, arreta eta erreparazio politika eraginkorrekin, milaka emakumeren eta haien seme-alaben sufrimendua amaitzeko eta gizarte parekide batean aurrera egiteko».
Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta Contigo-Zurekin taldeek adierazpen gogorrak egin dituzte Salvadorren aurka: «Emakumeen aurkako indarkeria zer den ez dakien pertsona batek ezin du gaitz horren aurka borrokatzeko politika egokirik egin».
Eskaera Ibarrola alkateari
Hori dela eta, adierazpen bateratu batean, Cristina Ibarrola alkateari eskatzen diote «berdintasun politiken eskuduntza Salvador jaunari kentzea». Era berean, «behin baino gehiagotan emakume eta gizonen arteko berdintasuna gutxietsi eta emakumeen aurkako indarkeria dagoenik hura ukatu duen zinegotzi bati» erantzukizun hori eman izana salatzen dute. Salvador zinegotziak «gizartean emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren ondorioz dagoen egiturazko indarkeria dagoenik» ukatu egiten duela azpimarratzen dute, halaber.
Salvador ezaguna da ultrakatoliko gisa duen militantziagatik. Esaterako, abortatu nahi duten emakumeei fetuaren argazki bat erakusteko eskatu zuen diputatu zenean, Espainiako Kongresuan. UPNren Madrilgo eledun izan baitzen (2004-2019).
Zinegotzi baten jokaera gaitzestea eskatuko dute gaur, Iruñean
«Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko adierazpen negazionistak» direla eta, Salvadorren jokaera gaitzetsiko du oposizioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu