Harrera esaten duzu, eta jendeak galdetzen dizu: 'Zer da hori? Txernobylgo umeena?'... Eta esan behar duzu: 'Ez, ez. Gipuzkoako haurrak hartzen ditugu harreran». Maite Pagola da solaskidea, Beroa Gipuzkoako harrera sendien elkarteko ordezkaria. «Ezjakintasun handia dago, eta, pixka bat azaltzen hasten zarenean, berehala agertzen da galdera: 'Eta haurra kentzen badizute?'. Esplikatu egin behar da etorkizunean haur hori harrera eman dion familiatik ateratzen baldin bada eta jatorrizko familiarekin bueltatzen bada, horrek esan nahiko duela lana txukun egin dela». Babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeei laguntzeko sistemetako bat da harrera familiena, baina ez da beti behar bezain ongi ulertzen, eta haur horien gaineko babesa ere ez da ongi sustatzen. Horiek hobetzeko dihardu lanean Beroa elkarteak. Bizipozak, halaber, sendi horien boza goratzen du. Premiak bai baitira: «Haurrentzat zaila da. Askotan, adibidez, ezberdinak sentitzen dira ikasgelako gainerako umeen ondoan».
Izan ere, jatorrizko familiarekin bizi ezin, eta harrera familiara moldatzea ez da beti erraza; jatorrizko familiarekiko loturari eusteko ahalegina ere usu egiten da, baina ez da beti prozesu erraza izaten. Eta, esaterako, eskolan arazoak agertzen dira maiz. «Izan ere, normalean haur horiek eskola aldaketak izan dituzte. Jatorrizko familiarekin, eskola bat; harrera familiarekin, beste bat... Hori prozesua zuzenean gertatu bada: askotan, tartean harrera zentroan ere egon behar izaten dute, eta hor beste ikastetxe bat egoten da». Nahastu egiten dira umeak. «Atera kontuak: eskola aldaketa, lagun aldaketa... Eta, eskolan hasita ere, askotan duda izaten dute: 'Hau zer da, behin betikoa? Edo berriro aldatuko naute?'». Irakasleak egoera horietan maizegi ikusi dituzte Beroan. Haurren bizipenen berri ematen duten «txostenetako edukiek» baldintzatuta: «'Harrera haurra, harrera egoitzako umea...' hori irakurri, eta 'auskalo' esaten da: 'auskalo' horrekin etiketa bat jartzen zaie. Guk beti esaten dugu: 'Txosten bat irakurri aurretik, ezagutu haurra; ezagutu harrera familia...». Txostenetan-eta askotan hitz oso «handiak» daudela ohartarazi du Pagolak, eta zama direla adingabe horientzat. «Enpatia eduki behar da umeekin». Eskola komunitate osoak jabetu behar du, gainera, haurren egoeraz. «Interesgarria da adingabeaz aritzean klaustro guztia egotea; zeren eta ume hori ikasturtez ikasturte aldatzen joango baita. Komunikazioa behar da».
Pagolaren arabera, eskolako gurasoei ere azaldu behar zaie zer den harrera, eta ongi ulertu behar dute zer prozeduratan dagoen adingabe hori. «Izan ere, badoa ume bat etxera, eta esaten du haur berri bat hasi dela eskolan. Gurasoen erantzunak zenbaitetan egokiak dira, baina beste zenbait kasutan, ez; halakoak kaltegarriak dira». Haur eta nerabe horien bizipenen gaineko konfidentzialtasuna ere irmo defendatzen dute elkartean, eta halaxe adierazten diete harrera gurasoei.«Ume horien bizi istorioarekin tentuz ibili behar da. Eskolako lehen bileran ez duzu hasi behar kontatzen: 'Ume honek pairatu du hau, eta hau, eta hau...'. Ez du inporta! Zoritxarrez, askotan konfidentzialtasun hori airean geratzen da». Horiek guztiak landuta ere, arazoak izaten dira usu eskolan hainbatetan, esaterako familiaren gaia lantzean: «Guri gertatu izan zaigu, zer eta irakasleek haurrei ekografia bat eskatzea! Zenbait harrera familia blokeatuta geratu izan dira halakoetan». Halakoak saihesteko eskatzen dute: «Traba asko badaude lehendik ere; ez gehitu».
Helduarora
18 urte betetzean, jatorrizko familiako arazoak aurretik konpondu ez badira, harrera familian jarraitzen dute harreran hartutako gazte gehienek: esperientzia onak izaten dira gehienetan. Harremana ona ez bada, emantzipaziorako zerbitzuetara jotzeko era izaten dute, eta egoera «kalteberan» egoten dira halakoetan usu. Izan ere, gainerako gazteek ez bezalako zama izaten dute heldu bihurtzeko: 21-22 urterako, beren kabuz moldatzeko gai izan behar dute. «Azeleratu egin behar izaten dute prozesua. Presioa da».
Egoera kalteberan dauden gazteak hizpide, Bizipozak ehundutako elkarteen konstelaziotik kanpo egonda ere, oroitu behar dira familiarik gabe migratzen duten nerabeak ere. Maiz jardun du haiekin lanean Loira Manzanik, Gipuzkoako SOS Arrazakerian. Egungo babes sistema eta legeak oinarri, deitoratu du nerabe horietako asko «kale gorrian» egotera behartuta daudela. «Babes sistematik kanpo geratzen dira. Sarri, ahantzi egiten zaigu adingabeak direla, eta kriminalizatu egiten dira: ez dira bertako adingabeak bezala tratatzen. Migratzaile izaera gailentzen da, adingabe izaeraren gainetik». Egoera zailetan egoten dira gehienak 18 urte bete berritan. Emantzipazio zerbitzuak «gainezka» daude, eta «babesik gabe» geratzen dira usu une horretan. «Eta, esaterako, gara ezazu ikasketa prozesu bat kale gorrian».
Bizipoza: malkarrak zelaitzen (eta V). Babesgabetasun egoeran dauden umeak.
Zimendu berriak jartzea ez da hain erraza
Familia baten babesean hazteko erarik ez duten haur eta nerabeek instituzioen babes sisteman abaro hartu behar izaten dute; behar bereziak izaten dituzte sarri askotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu