Ziluaga omenduko du igandean ezker abertzaleak, Bilbon

EHUk Abandoibarran duen paraninfoan egingo du urrian zendu zen militante historikoa goratzeko ekitaldia

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Txomin Ziluaga militante historikoari omenaldia egingo dio igande eguerdian ezker abertzaleak Bilbon, EHUk Abandoibarran duen paraninfoan. Urrian zendu zen ezker abertzalearentzat «figura enblematikoa» izan den «ekintzaile komunista, iraultzailea eta abertzale petoa», eta bizitza osoan egindako lan politiko eta ideologikoagatik eta elkartasunez bustitako izaera umilagatik omendu nahi du ezker abertzaleak azken uneraino «bidelagun zintzoa» izan duena.

Hasi-ko idazkari nagusi izana da Ziluaga, Herri Batasunaren sortzaile, Eusko Jaurlaritzan legebiltzarkide, eta Espainiako Kongresuan diputatu, besteak beste. «Beti ibili zen lehen lerroan, beti prest borrokarako», gogoratu du Mikel Etxaburu ezker abertzaleko kideak igandeko ekitaldiaren berri emateko agerraldian. «Borrokak ematen dituen gazi-gozoak bere azalean ezagutu zituen». Atxilotu, torturatu, eta espetxeratu egin zuten 1969an, eta zazpi urte eta erdiz izan zuten Zamorako espetxean, amnistia ezarrita askatu zuten arte.

Urteetan jarduera politikoaren lehen lerroan ibilitakoa, eta egungo eskenatoki berria eraikitzeko lanean «lehen lekukoa» ere izan da, zuzeneko ekarpenak eginda.

Ziluagaren bost alor goratuko ditu igandean ezker abertzaleak: «Ezker abertzaleari eta askapen nazional zein sozialari egindako ekarpen politiko, ideologiko eta organizatiboa», batetik. Etxabururen esanetan, herritar batasuna sortu aurreko garaietan, sorreran bertan, eta egungo batasun berriturako apustuan egindako ekarpenak gogoratuko ditu. Ziluagak berezko zuen elkartasunari ere egingo dio gorazarre: Euskal Herritik kanpoko askapen prozesuei emandako laguntza, eta «Euskal Herriaren alde lan egin dutenekiko» izan duen «jarrera eraikitzaile eta elkartasunezkoa».

Haren «koherentzia eta argitasuna» ere txalotuko ditu ezker abertzaleak. Baita bere «giza ezaugarriak» ere. Bizi osoan izandako «lekukotasuna» gogoratuko du ekitaldian, «Euskal Herrian lortu diren aldaketen protagonista zuzena» izan delako. Burgosko prozesua gertutik bizi izan zuen, Altsasuko Mahaiko kide izan zen, Hasi-ko idazkari nagusi, KASeko kide, Herri Batasunaren sortzaile, eta Euskal Herritarrok-en sustatzaile, besteak beste.

Borroka sozialetan ere aitzindari izan zela gogoratu du militantzian lagun izan duen Periko Solabarriak. Independentzia eta sozialialismoaren defentsa elkarrekin nola egin zuten gogoratu du, eta lagun zuenaren umiltasuna eta duintasuna goratu.

Ziluagak egindako ekarpengatik eta ekarpen horiek «gaurkotasun ikaragarria» dutelako, omenaldia egingo dio ezker abertzaleak, aurrerantzean ere «Ziluaga bezalakoak izan daitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.