Gazte mugimendua

Zilegitasuna aldarri, lehen eta orain

Sei urte bete dira Jarrai, Haika eta Segi «erakunde terroristatzat» jo zituztenetik, eta ordudanik hainbat gazteri jazarri zaizkie'Gazteria libre eta legala' goiburupean, manifestazioa egingo dute gaur, Donostian

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Esperantza frontoian agertu ziren 2007ko otsailaren 4an Jarrai-Haika-Segi auziko aurreneko epaitu eta zigortuak, Bilbon. Espainiako Auzitegi Gorenak haien kontrako epaia berretsi ostean, ezkutatuta egon ziren egun batzuetan, eta guztiak batera azaldu ziren Esperantzan, familiakoen eta ehunka gazteren laguntzarekin. Banan-banan atxilotu zituen Ertzaintzak. 18 ziren orduan, eta hiru dira orain. Xabier Lujanbio, Arkaitz Anza eta Maitane Linazasoro ezkutatu egin dira, ez direla «terroristak» aldarrikatzeko. Esperantzako 18 gazteren arazo berbera dute, Segiko kide izatea aurpegiratuta epaitu zituzten, eta, «talde terroristako kide» direla aurpegiratuta, sei urte eta sei urte eta erdiko zigorrak jarri zizkieten. Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren erabakia berretsi ostean, polizia beraien bila noiz joango zain ez egotea erabaki dute. Ezkutatu egin dira lan politikoa egin dutela aldarrikatzeko, eta horretan jarraitzeko. Duela sei urte 18 gaztek egin zuten gauza bera egin dute.

Segiko kide izatea egotzita zigortutako bost gazteak ez dituzte giltzapera eraman oraindik, eta Esperantzan atxilotutako guztiak kalean dira jada, sei urteko zigorra beteta. Markel Ormazabal zen preso gelditzen zen azkena, eta gaur zortzi atera zen espetxetik. Ez da, ordea, auzi horretako azkena. Aurreneko epaiketa handi horretan epaitutako batzuek preso jarraitzen dute —Esperantzakoa baino geroago atxilotu zituzten—, eta gehiago ere badira. Sei urte hauetan Espainiako Auzitegi Nazionalak gogor egin du gazte mugimenduaren aurka, eta asko izan dira aurreneko epai horretan oinarrituta Segiko kide eta «talde terroristako kide» izatea egotzita epaitu, zigortu eta espetxeratu dituzten gazteak. Errenteriakoak dira zigortutako azkenak, baina gehiago ere etor daitezke. Donostiako hainbat gazte Gorenaren erabakiaren zain daude, eta, horiez gain, epaitzeko daude, esate baterako, 2009ko hondarrean Euskal Herri osoan atxilotu zituzten 30 gazte baino gehiago.

Manifestazioa, gaur

Atxilotu eta espetxeratzeko aginduarekin daude oraintxe Errenteriako bost gazte eta Donostiako bat. Haiei elkartasuna adierazteko eta gazte mugimenduaren zilegitasuna aldarrikatzeko, Eleak mugimenduak manifestazioa antolatu du gaur 12:30erako,Donostian. Euskal gazteria libre eta legala goiburupean Bulebarretik abiatuko da manifestazioa, eta hainbat alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileren babesa lortu du, gainera. Esate baterako, manifestazioarekin bat egin dute EH Bildu, Alternatiba eta Eusko Ekintza alderdiek, ELA, LAB eta EILAS sindikatuek, Donostiako Udalak, Lokarrik, Askapenak eta Gazte Abertzaleek. «Eragile sozial, politiko eta sindikaletatik harago, herritarrak dira egoera aldatzeko giltza nagusia», esan zuen Eleak mugimenduak manifestaziorako deia egin zuenean.

Errenteriako hiru gazteek ezkutatzeko asmoaren berri eman eta hurrengo egunean egin zuen manifestaziorako deia Eleak mugimenduak, eta gazteen erabakia ulertzen eta errespetatzen zuela jakinarazi zuen.

Hain justu, Anzari, Lizanasorori eta Lujanbiori egindako elkarrizketa kaleratu zuen atzo Oarsoaldeko Hitza-k. Ezkutatzeko erabakia hartzeko bi arrazoi nagusi izan dituztela adierazi du han Lujanbiok: «Gurea militantzia politikoa zen eta da, eta kriminalizatu, kolpatu eta zigortu nahi dute. Hori horrela, erabaki genuen militantzia politiko horrekin aurrera jarraitzea zela eman geniezaiokeen erantzunik onena. Bestalde, ezkutatuta argi eta garbi uzten dugu epai hau ez dugula onartzen eta Espainia ez dela nor gu epaitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.