Zilbetiko harrobiari, ez

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Magnaren proiektua gelditu du.Epaiari helegitea jartzeko aukera dute enpresak eta gobernuak

Pago bat lagundu kanpainaren aurkezpena, Zilbetin. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
2015eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Zilbetiko magnesita harrobiak «kalte onartezina» eragingo luke Natura 2000 sareak babesten duen eremu batean. Argudio hori baliatu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Magna Magnesitas de Navarra enpresaren egitasmoa bertan behera uzteko, Alduide koordinakundeak eta SEO/BirdLife elkartearen helegitea aintzat hartuta. Enpresak, Nafarroako Gobernuak eta tokiko administrazioek ebazpenari helegitea jartzeko aukera izango dute.

«Ebazpena albiste ona da guztiontzat, eta hori nabarmendu behar da». Juan Luis Martinez Alduide koordinakundeko kideak oroitarazi du ebazpena aurrekari bat dela; hau da, atzo jakinarazitako erabakiak segurtasun berme handiagoa ematen diola Natura 2000 sareak babesten duen eremuari. «Epaileak berretsi du guk hamaika aldiz esan duguna: harrobia ilegala zen, eta ez du lekurik babestutako eremu batean».

Martinezen iritziz, epaileak aintzat hartu ditu Alduidek eta SEOk eskatutako puntu garrantzitsuenak. «Ez genuen halako ebazpenik espero hasiera batean, baina epailearen ezezkoa irmoa izan da». Harrobiak, Natura 2000 sarearen barruan dauden 100.000 pago ingururi kalte egiteaz gain, faunan ere eragingo luke; arriskuan dauden hainbat espezie daude horien artean.

SEO/Birdlife elkarteak ebazpena baliatu du eskualdeko herrientzako beste garapen eredu bat aldarrikatzeko. Nafarroako Pirinioetako herrien garapena ez da harrobi batean oinarritu behar, elkarte ekologistaren iritziz. Horren ordez, aldarrikatu du «nafarren arima» diren natura eremuak errespetatuko duten egitasmoen eskutik garapena.

Magna enpresak 2007. urtetik agertu zuen Zilbetiko pagadian harrobia egiteko asmoa, Azkaraten (Eugi, Nafarroa) ustiatzen zuen eremuan minerala agortzen ari zela argudiatuta. Nafarroako Gobernuak lursail hori Natura 2000 sarean sartu zuen 2005ean, baina Magnaren proiektuari babesa eman zion; 2010. urtean ingurumen eraginari buruzko aldeko txostena eman zion. Hori ikusirik, auzitara jo zuten Alduide Koordinakundeak eta SEO/BirdLife elkarteak; atzo behin-behinean amaitu zen auzibidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.