Urtarrilaren hasieran, oraindik ere Ahal Dugu-ren, Ezker Anitza-IUren, Equo Berdeen eta Sumar Mugimenduaren arteko negoziazioak martxan zirela, Sumarrek bere lehendakarigaia aurkeztu zuen: Alba Garcia (Bilbo, 1988). Jada aurrekanpainari ekinda, lautarako akordioa egiteko ezintasunaren arrazoiez eta Sumarrek mahai gainean jarri nahi dituen gaiez aritu da. Galderak euskaraz egin dira, eta Garciak euskara eta gaztelera tartekatuz erantzun die horiei: «Ikasten ari naiz».
Galiziako bozak izan dira asteburuan, eta Sumarrek ez du lortu parlamentuan sartzea. Badago zer ikasia hauteskunde horietatik?
Bai. Argi dugu emaitza txarrak izan ditugula, eta autokritika eta hausnarketa egin behar ditugula. Egia da ez dugula eduki nahi beste denbora dena prestatzeko, gizarteari pultsua hartzeko. Eta agian lehen hausnarketa hori da, ez dugula ondo hartu pultsu hori.
Hemen, inkestek erakusten dute, legebiltzarretik kanpo geratu ez, baina egun Elkarrekin Podemos-IUk dituen eserlekuen erdiak gal ditzakeela zuen espazio politikoak.
Inkesta ezberdinak daude, eta aldaketa asko. Baina, uste dut badutela ezaugarri komun bat: espazio honek baduela oinarri egonkor eta garrantzitsu bat. Gainera, inkestetan sumatzen da gizartean dagoen txup-txup hori ere, hainbeste aipatzen den ziklo aldaketa hori.
Kontua da Sumarren eta Ahal Dugu-ren arteko banaketak eragin dezakeela kaltea.
Guk koalizio bat dugu, eta hau argi esan nahi dut. Hiru alderdiren arteko koalizioa: Ezker Anitza-IU, Equo Berdeak eta Sumar Mugimendua. Orduan, guk badugu akordio bat. Pena ematen dit alderdi politiko guztiek ezin bermatzea hor egoteko konfiantza, baina konfiantza oso garrantzitsua da. Zertarako? Etorkizunera begiratzeko. Ezin dugu ahaztu zer pasatu zen Madrilen. Asko aipatzen dut konfiantza, baina garrantzitsua da; zerikusia du koalizioa etorkizunera begira egonkorra izatearekin.
Gorrotxategik aipatu du —asteartean esan zuen— bera prest dagoela lehendakarigai ez izateko. Horrek zerbait aldatu dezake?
Arazoa ez da hautagaia nor den: ez da Miren, ni edo beste bat. Nahiago nuke hori balitz, baina beste nonbait dago. Argazki osoa ikusi behar da, eta hor garrantzitsua da Madrilen gertatutakoa. Guk independentzia politiko, juridiko eta legala dugu akordio hori hemen egiteko, baina alderdi guztiek ezin dute hori bermatu. Badute estatuko zuzendaritza bat jada argiki esan duena ez duela nahi Sumarrekin akordiorik egin.
«Asko aipatzen dut konfiantza, baina garrantzitsua da; zerikusia du koalizioa etorkizunera begira egonkorra izatearekin».
Zuen espazio politikoari sarri kritikatu zaio Madrilekiko menpekotasun hori. Sumar ari da lantzen gai hori Araba, Bizkai eta Gipuzkoan oinarri propio bat izateko?
Guk badugu independentzia Madrilekiko. Badugu gaitasuna erabakiak hartzeko eta akordioak egiteko, modu konfederatuan antolatutako indar politiko bat izatetik haratago.
Ahal Dugu-tik kritikatu da jada Madrildik idatzia zetorrela akordio hori.
Ez dut uste hala denik. Madrildik ez da ezer iritsi. Hemen sinatu da. Zuzendaritzarekin arazo bat dutenak ez gara gu.
Azken egunetan, sinadura bilketa bat egin da hautagaitza bateratu baten alde. Zer esango zenieke sinatu dutenei?
Errespetu izugarria diot jende horri; asko ezagutzen ditut. Ondo iruditzen zait jendeak hitz egitea, elkartzea eta proposamenak egitea. Baina, esan bezala, oinarrizko kontu bat dago, gure esku ez dagoena.
Aipatu izan duzu ez duzuela bat egiten «diagnostiko politikoan». Egungo egoeraz zer diagnostiko egiten du, ba, Sumarrek?
Uste dugu gaur egun aldaketa politiko batean gaudela, eta pentsatzen dugu gizarteak freskotasuna behar duela. Freskotasun hori jarri nahi dugu martxan, politika egiteko beste modu bat. Azkenean, ziklo politikoaren aldaketarekin, espazioa eraberritzeko beharra ikusi dugu. Indar guztiek egin dituzte urratsak; ez soilik aurpegietan, baita moduetan ere.
Asko entzuten da ziklo politiko aldaketarena. Zer aldatu daiteke hauteskundeekin?
Aldaketa batean gaude, baina ez dut uste gobernu aldaketa bat izango denik. Halere, uste dut aurrera begira aldaketa hori burutzeko oinarrizkoa dela gure espazio politikoa; datozen urteak erabakigarriak izango direlako hori burutzeko, gobernu aurrerakoi baterako.
Esan duzu ez duzula posible ikusten gobernu aldaketa. Zure ustez, zerk ez du aldaketa ahalbidetzen?
Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina entzun dugu [EH Bilduko lehendakarigai Pello] Otxandiano jauna. Adierazgarria iruditzen zait EAJri, politika kontserbadoreak egiten 40 urte daramatzanari, proposatzea gobernu bazkide izatea. Horregatik diot ezinbestekoak garela politika aurrerakoiak egiteko.
«Autogobernua ondo dago, baina garrantzitsuena da ea zertarako eta nola erabili».
EAJ bera inbestidura blokearen parte da Madrilen.
Baina eszenatoki ezberdinak dira. Alderdi askoren partetik erantzukizun ariketa handi bat egon zen estatuan: eskuin muturreko gobernu baten arriskuaren aurrean, bloke baten alde egin zen. Horri balioa eman behar zaio, baina ez dut uste egoera bera denik Euskadin. Hemen, EAJk eta PSE-EEk urteak daramatzate batera gobernatzen, eta PSE oso gustura, makulu lana egiten.
Sumar Eusko Legebiltzarrera iritsiko balitz, zerk markatuko luke haren agenda?
Politika aurrerakoiak egin nahi ditugu. Ageriko triskantza bat gertatu da zerbitzu publikoetan: Osakidetzan, eskola publikoan... Guretzat, zerbitzu horiek indartzea ezinbestekoa da. Bigarrenik, etxebizitza. Etxebizitzarako eskubide subjektiboa ez da betetzen ari. Badugu lege bat, baina Jaurlaritzak bazterrean utzia du 2015etik. Ezinbestekoa da alokairuen prezioa mugatzea, eta etxebizitza publikoa eraikitzea. Europan etxebizitza publiko gutxien dugun lurraldea gara; %2 inguru.
Trantsizio energetikorako legea oraintsu onartu da Eusko Legebiltzarrean, EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren aldeko botoekin. Zer azterketa egiten duzue hartaz?
Behar dugu lege hori, baina ez da nahikoa, eta berandu iritsi da. Halere, ez dut begirada legean jarri nahi, hartatik garatuko diren politika publikoetan baizik. Garrantzitsua da hitz egiten hastea ea nola garatuko ditugun politika publiko berde horiek. Trantsizio ekologikoa politiken zeharkako elementu gisa ulertzen dugu.
Azken hilabeteetan asko hitz egin da lurralde eztabaidaz ere. Gernikako Estatututik haratago joateko abagunea da?
Autogobernua ondo dago, baina garrantzitsuena da ea zertarako eta nola erabili. Ez du balio eskumenak bereganatzeak gero garatzen ez badira, eta etxebizitzarena da adibide bat.