Ziklo politikoaren aldaketa bermatu dela iritzi dio Otegik

EH Bilduko koordinatzaileak esan du Pernando Barrena «Euskal Herriko enbaxadorea» izango dela Bruselan. PSE-EEk emaitza «bikainak» lortu dituela adierazi du Anduezak, eta Nafarroan izandako igoera nabarmendu du Txibitek.

Pernando Barrena eta Arnaldo Otegi, Iruñeko ekitaldian, gaur gauean. VILLAR LOPEZ / EFE
Pernando Barrena eta Arnaldo Otegi, Iruñeko ekitaldian, gaur gauean. VILLAR LOPEZ / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko ekainaren 10a
00:25
Entzun

«Nafarroa maritimoan [Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa] lehen indarra gara». Horrela ospatu du Arnaldo Otegi EH Bilduko buruzagiak Pernando Barrenak Europako Parlamentuan duen eserlekua berretsi eta Hego Euskal Herrian bigarren indarra izatea. Are gehiago, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako botoak soilik kontuan hartuz gero, lehen indar politikoa da EH Bildu. Hori dela eta, azken urtean izandako hauteskundeetan Hego Euskal Herrian egon den «ziklo aldaketa» berresten dela adierazi du Otegik: «Ziklo politikoa aldatu da gure herrian, eta hau [Europako Parlamenturako bozak] horren beste froga bat da».

Otegik esan du Barrena «Euskal Herriko enbaxadorea» izango dela Bruselan. Barrena ekitaldi berean mintzatu da. Eurodiputatuak azpimarratu du «misioa bete» dutela Bruselan eta Estrasburgon (Frantzia) eserlekua mantenduta, eta, datozen bost urteei begira, Orain Errepublikak koalizioak izango duen xede nagusietako bat azaldu du: «Estaturik gabeko Europako beste nazioekin batera elkarlanean aritzeko eskubidearen alde lan egiteko».

«Garaipen handia» izan dela aldarrikatu du Barrenak; are gehiago, esan du «askatasunean bizi nahi duten euskal herritarren garaipena» izan dela. Hala ere, bidea egiteko geratzen zaiela nabarmendu du: «Hau [Europako Parlamenturako bozak] etapa bat da soilik, herri honen askatasuna den tour handia irabazi nahi dugu».

Irribarreak ez dira soilik EH Bilduk Iruñean egin duen ekitaldian agertu. PSE-EEk ere ospakizun zaporeko adierazpenak egin ditu. Eneko Andueza alderdiko buruak, esaterako, emaitza «bikainak» izan dituztela azpimarratu ditu, Bizkaian, Araban, Gasteizen, Bilbon eta Donostian irabazi baitute sozialistek. «Gure lanari, koherentziari eta printzipioei egindako aitortza da emaitza», gaineratu du Anduezak. Nafarroan ere emaitza onak izan dituzte sozialistek. Maria Txibite gobernuko lehendakariak botoetan izandako egoera nabarmendu du: «2014ko emaitzak bikoiztu egin ditugu. Orduan, herritarren %14k eman ziguten botoa, eta orain, %29k».

EAJri abstentzioak kalte egin dio

Sabin etxean, ordea, ez dira hain pozik agertu. Europako Parlamentuan eserlekua mantentzea lortu du CEUS koalizioak, eta EAJ Euskadiko Alderdi Jeltzaleko Oihane Agirregoitia Bruselan eta Estrasburgon egongo da, baina kolpea hartu du alderdiak boto kopuruari dagokionez. EBB Euskadi Buru Batzarreko lehendakari Andoni Ortuzarrek abstentzioari eta «boto erabilgarriari» bota die emaitzen errua —EAJk inoiz izan dituen txarrenak—. Haren aburuz, hauteskunde kanpaina «ez da erraza izan»: «[Espainiako Presidente Pedro] Sanchezen eta [PP Alderdi Popularreko presidentetzarako hautagai Alberto Nuñez] Feijooren arteko erreferendum moduan planteatu dituzte hauteskundeak eta Europa bigarren mailan geratu da».

Emaitza hobeak espero zituztela onartu du Ortuzarrek; hala ere, adierazi du pozik dagoela Agirregoitia Europako Parlamentuan «Euskadiko ahotsa» izango delako. Eurodiputatuak nabarmendu du «Euskadiko interesen alde ez ezik» CEUS koalizioarekin batera joan diren alderdien nazioen alde ere egingo duela EBBko lehendakariak, Galizia edota Kanaria uharteen alde, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.