EHKSko eledunak

Garazi Navarro eta Ander Goiatxe: «Ziklo politiko baten hasiera bezala ulertzen dugu gure sorrera»

Mugimendu Sozialistak beste urrats bat egin du, Euskal Herriko Kontseilu Sozialista eratuta. Navarrok eta Goiatxek hartu dute erakunde berriaren bozeramailetza.

(ID_13442721) EHKSren bi bozeramalerekin elkarrizketa
GOTZON ARANBURU / FOKU
Iosu Alberdi.
Andoain
2023ko abenduaren 24a
05:00
Entzun

Aurreko larunbatean Eibarko (Gipuzkoa) Astelena frontoia bete zuten Mugimendu Sozialistako kideek, beren «erreferente politiko nagusia» izango dena aurkezteko: EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialista. Eginiko urratsaren inguruan eta aurrera begirako lanez aritu dira Garazi Navarro (Amoroto, Bizkaia, 1998) eta Ander Goiatxe (Iruñea, 1995) bozeramaileak. 

Zergatik orain?

GOIATXE: Badugu ibilbide bat, baina antolakunde nagusia eratzeke genuen. Indar bat lortu dugu urte hauetan, kualitatiboki eta kuantitatiboki, eta ikusi dugu momentua zela. Bai guk egin dugun ibilbideagatik, bai momentuak exijitzen zigulako.

Ziklo politikoaren aldaketa aipatzen duzue. Hor kokatzen duzue mugimenduaren jatorria.

NAVARRO: Sozialismoaren gaurkotasunaz hitz egin dugu. Krisi kapitalistaren testuinguruan, ikusi dugu urgentzia politiko bat zabaldu dela, jendea gero eta bizi baldintza kaskarragoetan bizi delako. Eta, bestalde, sozialdemokrazia bera krisian dagoela; krisi testuinguru batean ezintasun nabaria duela egiten dituen proposamenak gauzatzeko.

GOIATXE: Esan dugu gurea proiektu berritzailea dela. Gure proposamenak aurreko ziklo politikoko hainbat gako nagusi kritikatzen ditu: etapismoa, interklasismoa... Alde horretatik, uste dugu gure proiektu politikoa beste aktibitate politiko batekin datorren dinamika bat dela. Ziklo politiko baten hasiera bezala ulertzen dugu gure sorrera.

Eta nola egituratuko da EHKS Mugimendu Sozialistan?

GOIATXE: Bozeramaile politiko edo erreferente nagusi bezala ulertzen dugu. Baditu eskualdekako bere adierazpen politikoak, eta ulertzen dugu ezinbestekoa dela langile klasean dauden subjektibitate ezberdinetan nolabaiteko antolakuntza formak izatea edo erantzun politikoak ematea ere.

NAVARRO: EHKS pauso bat gehiago da langileriaren sektore guztietara heltzeko asmoari erantzuteko, eta belaunaldiartekotasun bati ere erantzuteko.

«Uste dugu aurrebaldintza bat dagoela euskal langileriak estatu propio bat eraikitzeko, eta hori da nazioartean estatu sozialista egituratzea».

 ANDER GOIATXEEHKSko eleduna
Zer urrats egin nahi dituzue luze gabe?

NAVARRO: Batetik, estatuen autoritarismorako joeraren gorakada bat ikusten dugu, eta, bestetik, oldarraldi ekonomiko oso bortitz bat. Arlo horietan langileriarentzako eraginkorrak izango diren tresnak sortu nahi ditugu; langileriaren egunerokoan eragina duten esparruetan antolatzen hasi. Bestalde, kontzientzia sozialista hedatuz joan.

Auzi zehatzagoak aipatzen dituzue: mozal legea, Urdaibaiko Guggenheim, etxebizitzaren problema... Nola heldu horiei?

GOIATXE: Lehen pauso bezala, arazo horien inguruko kontzientzia sortzea langileriaren artean, zentzu apurtzaile batean. Horretarako, klabe taktiko batzuk markatzen ditugu, aldarri batzuk, zeinek aukera ematen duten proletariotzan eragina duten arazoak konpontzeko. Jarduna bideratzen da, batetik, aldarri bakoitzaren inguruan langileriaren indar bat artikulatzera. Eta, noski, salaketa kanpainak abiatzera.

Zuen estrategian, nazioartera begiratzen duzue, estatu eta supraestatu egituretara. Zein da borroka eremua?

NAVARRO: Aginte kapitalistaz ari garenean, haren egitura bloke geopolitikoetan antolatzen da. Gure kasuan, Mendebaldeaz ari gara, edo, zehatzago, Europaz. Langileon bizitzan eragina duten erabakirik garrantzitsuenak marko horietan hartzen dira. Hortaz, kapitalaren botere egiturari aurre egiteko, ezinbestekoa da haren maila berean antolatzea.

Ia garai berberean, Horitzo Socialista eratu da Herrialde Katalanetan, eta UJC Espainian. Batasun bat lortzen saiatzea da helburua?

GOIATXE: Begi onez ikusten dugu Euskal Herritik kanpo ere destakamendu komunistek estrategia sozialista berriaren aldeko hautua egitea. Premisa batetik abiatuta: langileriak, bere helburu politikoak lortzeko, nazioartean antolatu behar du. Guk harreman hertsia dugu eragile horiekin guztiekin, eta uste dugu ireki behar dela elkarrekin harremantzeko prozesu bat. Baina argi utzita EHKSri dagokion lurralde esparrua Euskal Herria dela.

«Guk uste dugu euskara politizatu egin behar dela, bere biziraupenerako eta hizkuntza moduan garatu ahal izateko».

 GARAZI NAVARROEHKSko eleduna
Nazio auzia baztertzea kritikatu izan zaizue. Aurkeztutako proposamenean, baina, lehentasunen artean kokatu zenuten «autodeterminazioa». Nola ulertzen du EHKSk auzi hori?

GOIATXE: Argia izateko: gu Euskal Herriko langile klasearen autodeterminazioaren alde gaude. Uste dugu aurrebaldintza bat dagoela euskal langileriak estatu propio bat eraikitzeko, eta hori da nazioartean estatu sozialista egituratzea. Azken urteetan, ezkerreko alderdi nazionalistak estatu zapaltzaileen instituzioetan egiten ari diren asimilazio prozesuarekin, argi geratzen ari da horien programa interklasistak ez duela gaitasunik indar korrelazioan haustura prozesu bat egiteko. Beraz, deigarria da guri hori leporatzea.

Puntu horren barruan, hizpide duzue «euskararen biziraupena». Nola erantzun hizkuntza horrek duen egoerari eta, besteak beste, oldarraldi judizialari?

NAVARRO: Guk euskara lehenesten dugu. Komunismoaren aldarri historikoa izan da giza eta kultur ondarearen defentsa, eta hizkuntza gutxituen defentsa ere bai. Ikusten dugu euskara hizkuntza espontaneo bezala galtzen ari dela. Eta sintomatikoa da maila publikoan egiten diren eztabaidak hizkuntza eskakizunen klabean kokatzea. Guk uste dugu euskara politizatu egin behar dela, bere biziraupenerako eta hizkuntza moduan garatu ahal izateko. Aurrez ere, euskarak goraldia izan duenean, haustura prozesu batean izan du. Eta proletariotza euskarara integratzea nahi badugu, proletariotza integratzen duen proiektu batekin izan beharko du; gure ustez, sozialismoaren eraikuntzarekin.

Ez zarete hauteskunde hauetara aurkeztuko, baina ez duzue baztertu noizbait aurkeztea. Zer testuingurutan eta zertarako egingo zenukete hori?

GOIATXE: Zer klabe politikotan? Uste dugu instituzio horien kontrako aktibitate politiko bat eraman daitekeela; adibidez, agitazio politikorako esparru bezala ulertuz.

NAVARRO: Egungo alderdi politiko profesionalek, alde batekoek zein bestekoek, instituzioak espazio neutral bezala ikusten dituzte, zeinetan eragin dezakezun positiboki edo negatiboki. Guk inolaz ere ez ditugu ikusten espazio neutral gisa, eta ez ditugu ulertzen eraldaketa iraultzailerako espazio zentral gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.