Jabier Salutregi

Zigortutako mintzoa

Jabier Salutregi hil zen atzo, Donostian: 'Egin' egunkariko zuzendari izandakoa. Kazetaritza izan zen haren pasioa, eta horrek nahigabe ugari eta espetxealdi luze bat ere ekarri zizkion, 18/98 auziaren ondorioz.

Zigortutako mintzoa.
gotzon hermosilla
2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
«Ni Egin-ekoa naiz». Horiexek izan ziren Jabier Salutregi Mentxaka kazetariak (Bilbo, 1950 - Donostia, 2023) 2015eko urrian espetxetik atera ondoren esandako lehen hitzak, jertsearen azpiko Egin-en elastikoa erakusten zuen bitartean. Salutregiren ibilbidea egunkari horri lotuta egon zen, 1977an Egin-en sortzaileetako bat izan zelako, hurrengo urteetan haren garapenean parte hartze handia izan zuelako eta 1993tik aurrera zuzendaria izan zelako. Baina Salutregiren bizitzan Egin-en lorratza ez zen soilik lan arlokoa izan: egunkariaren itxierak sakon hunkitu zuen, haren kontrako jazarpenak bete-betean harrapatu zuen, eta ia zortzi urte eman zuen espetxean, 18/98 sumarioaren ondorioz. Atzo hil zen, Donostian.

1977ko irailaren 29an plazaratu zen Egin-en lehen zenbakia, Euskal Herriko hedabideen panorama abiada bizian aldatzen ari zen garaian. Salutregik sorrera hartan parte hartu zuen, eta, hurrengo urteetan, mota guztietako ardurak izan zituen egunkarian. Zuzendari izendatu zutenean, 1993an, egunkaria aldaketa prozesu batean sarturik zegoen bete-betean, kolorea sartuta, diseinua aldatuta eta erredakzio osoa aldaketa horietara egokituta. Salutregik prozesu hori guztia gidatu zuen, eta egunkariaren aurkako kanpainei eta instituzioen publizitatearen ukoari ere buru egin behar izan zien.

1998ko uztailaren 15ean itxi zituzten Egin egunkaria eta Egin irratia, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz. Handik egun gutxira atxilotu zuten Salutregi. Epaiketa 2005ean iritsi zen, 18/98 sumarioaren barruan, eta, horren ondorioz, 47 lagun zigortu zituzten, horien artean Salutregi: hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. 2009an, Espainiako Auzitegi Gorenak zazpi urte eta erdira jaitsi zuen Salutregiren zigorra, eta, horrez gain, ebatzi zuen ez zegoela Egin ixteko legezko arrazoirik.

2015eko urrian libre gelditu zenean, Salutregik argi adierazi zuen «bizitako amesgaiztoa minik gabe gogoratzen» saiatuko zela. Baina ez zeuzkan ahazteko ez Egin-en kontra egindako «bidegabekeria», ez horren aurrean hedabide, kazetari eta politikari askok erakutsitako elkartasun falta. «Badakit ez dutela egingo, baina esan egin behar dut: niri batzuek barkamena eskatu behar didate. Hainbeste bizikidetza nahi badute, hortik has daitezela», adierazi zion BERRIAri.

«Maitagarria»

Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatu eta kazetariak 1984an ezagutu zuen Salutregi, Egin-en lanean hasi zenean: «Oso pertsona maitagarria zen, eta uste dut horri eutsi diola bizitzaren bukaeraraino. Bazuen kazetari sena, eta oso ondo idazten zuen. Lagundu eta irakatsi egiten zuen. Gainera, oso umoretsua zen; azken hilabeteetan ere, umorez kontatzen zituen bere gaixotasunaren nondik norakoak».

Hasierako urte haietan, Salutregi Euskal Herriko politika sailaren arduraduna zen egunkarian. Orduko pasadizo bat ekarri du gogora Aizpuruak: «Ni hasiberria nintzen, eta gogoan dut denok hasieran egiten ditugun hanka sartze horietako bat egin nuela. Norbaitek deitu zuen protesta egiteko: Salutregi jarri zen telefonoan, eta bere gain hartu zuen oker egindakoaren ardura guztia, horretarako beharrik ez bazuen ere. Horrelakoa zen: ingurukoak zaindu eta babestu egiten zituen».

Aizpuruak dioenez, kartzelaldia «oso gogorra» izan zen Salutregirentzat, eta, gainera, bazuen barruan «arantza bat» Egin-en itxieran hedabide askok izandako jarrera zela eta: «Hala ere, Burgosko espetxetik atera zenean, esan zuen ez zuela inorenganako gorrotorik, eta uste dut amaiera arte eutsi diola asmo horri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.