«Zigor neurririk gogorrenak» ezartzearekin egin diote mehatxu Sabino Cuadra Amaiurrek Espainiako Kongresuan duen ordezkariari, baldin eta atzera egin eta barkamena eskatzen ez badu, Kongresuaren bilkura batean Espainiako konstituzioaren ale baten orriak apurtzeagatik. Kongresuaren Mahaiak hartu du erabaki hori.
Kongresuko presidente Jesus Posadak bihar egingo du bilera Cuadrarekin eta Amaiurreko bozeramaile Xabier Mikel Errekondorekin, eta han eskatuko dio Cuadrari egindako «laidoa» zuzentzeko. Bestela, Kongresuaren arautegian dauden «zigor neurririk gogorrenak» hartuko dituzte Cuadraren kontra.
Kongresuaren Mahaia osatzen dutenek «onartezina» irizten diote Espainiako konstituzioaren ale bat apurtzeari «sinbolikoki bada ere», eta dei egin diete talde parlamentarioei agintaldia amaitu aurretik «adostasun bideak» bila ditzaten horrelakoak berriro ez gertatzeko.
Dena dela, biharko bileran zer gertatzen den ikusi arte, neurririk ez hartzea erabaki du Kongresuaren Mahaiak, «adierazpen askatasuna» bermatu nahi dutelako, Posadak esan duenez. Erabaki hori ontzat eman du Errekondok, eta pozik agertu da «zentzu ona» gailendu delako «alderdikeria eta hauteskunde interesen gainetik».
Hala ere, Cuadra aurrerago zigortzeko aukeraren kontra mintzatu da Errekondo, eta esan du horrelako adierazpen eta jokabideak «ohikoak» izaten direla beste zenbait parlamentutan.
UPD alderdia, aldiz, ez da pozik gelditu Cuadra oraingoz ez zigortzeko erabakiarekin, eta alderdi horretako diputatu Rosa Diezek adierazi du barkamena eskatzeak ez lukeela aringarri izan beharko zigorrak ezartzerakoan, eta Kongresuaren Mahaiak «arazoa gainetik» kendu nahi izan duela. Are gehiago, auzia fiskaltzara bidaltzearen alde agertu da Diez, uste baitu Espainiako konstituzioaren ale bat apurtzea delitu izan daitekeela.
«Zigorrik gogorrenak» ezarriko dizkiote Cuadrari, atzera egin ezean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu