Nafarroako Gobernuko Presidentetza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia kontseilari zenean baino mezu eta dei gehiago jaso ditu azken astean Maria Jose Beaumontek (Artieda, Nafarroa, 1956). Ez da gutxiagorako. Iragan astean argitaratu zuen Infolibre atari digitalak PPren gobernuko Barne Ministerioak espiatu egin zuela. Hori islatzen da Francisco Martinez Segurtasuneko Estatu idazkariaren eta Enrique Garcia Castaño Espainiako Poliziako buruzagietako baten arteko Whatsapp mezuetan. Martinezek galdetzen dio ea «gauzatxoak» dituen «Bilduko kontseilariari buruz». Poliziaburuak aurreratzen dio «garbi» dagoela, eta Segurtasun idazkariak itauntzen dio «bere inguruaz». Mezuok Beaumontek kontseilari kargua hartu berritan idatzi ziren, 2015eko uztailaren 22an. Egunotako babes oldearekin «txundituta» eta aldi berean oso eskertuta dagoela nabarmendu du.
Nola jaso zenuen albistea?
Martxoaren 2an, 10:30ean, izan nuen INFOLIBRE-k argitaratutako informazioaren berri. Ezin nuen sinetsi. Nola liteke? Handik gutxira, Uxue Barkos lehendakari ohiaren deia jaso nuen, baita beste pertsona askorena ere, horien artean Javier Remirez Barne kontseilari eta presidenteordearena. Dei horiek guztiak ikusita jabetu nintzen berri hura ez zela ez negar egitekoa ezta barre egitekoa ere. Hasieran pentsatutakoa baino dimentsio handiagoa zuen.
Zure gain lupa jarri nahi izateak zer eragin dizu?
Batik bat sumindu egin nau ikusteak diru publikoarekin ordaindutako zerbitzu publikoa interes politiko baten zerbitzura jarri dela; zehazki, Fernandez Diaz Barne ministroaren, bere Estatu idazkariaren eta Espainiako Poliziaren zein Guardia Zibilaren zerbitzura. Mezuok zer jartzen dute agerian? 2015 baino lehen niri begira egon zirela; bestela, ez da erantzuten hain azkar «garbi» nengoela. Gero aipatzen dute«nire ingurua» begiratuko dutela. Nire inguruko nor? Zergatik? Jakin nahi dut, eta horregatik pentsatzen ari naiz irekita den auzi horretan aurkeztea.
Emango duzu pauso hori?
Nire anaia Jose Luis abokatua da, urte luzez lan egin dugu elkarrekin, eta orain biok aztertzen ari gara aukera hori.
Zer ondorio lituzke auzi horretan aurkezteak?
Lehenik eta behin, lan handia eskatzen du. Prokuradore bat izan behar genuke Madrilen, ni ordezkatzeko. Bigarrenik, irekita den auzi horretan aurkezteko idatzia bidali behar genuke. Idatzi horretan erantsiko genituzke 2015eko komunikabideen informazioak, Jorge Fernandez Diazek aurretik egin zituen adierazpenen eta horrek eragin zituen ondorioei buruzkoak. Gerta liteke epaileak idatzi hori aintzat ez hartzea, baina espero dut salaketa jarri duen kaltetutako alderdi gisa onartuko nauela. Dena den, nire aurkako espioitzari buruzko informazioa publikatu eta biharamunean, martxoaren 3an, Segurtasun idazkari ohiaren eskariari erantzunez, Auzitegi Nazionaleko epaileak erabaki zuen auziaren parte direnek ezingo dutela ikusi Whatsapp mezuen edukirik. Gainerako aldeen ikuspegia kontuan hartu gabe hartu zuen erabakia. Astelehen honetan eman da hori ezagutzera. Hortaz, auzian aurkeztea erabakiko banu eta onartua izango banintz, ezingo nuke Whatsapp mezu horietan esaten dena ezagutu. Eta ni auzian aurkezten banaiz, jakiteko aurkezten naiz. Informazio hori ukatzen bazait, helegitea jarri beharko dugu.
Izan ere, ez da hutsetik hasten den auzi bat, jada abian den bat baizik.
Bai, eta ikusi beharko da orain auzibidea nola dagoen. Aurkeztu arte ezingo dugu jakin auzian aurkezterik izango ote dugun.
Ez da aurkari politikoei eginiko lehen espioitza kasua. Zer esan nahi du horrek guztiak?
Pertsona horiek uste dute bitarteko horiek guztiak euren zerbitzura daudela nahi dutena egiteko. Diru publikoarekin ordaintzen den zerbitzu publiko bat da, eta pentsatzekoa da ez dela erabili behar aurkari politikoak espiatzeko.
Fernando Grande-Marlaska egungo Barne ministroak esan du gertaera «larria» dela, baina inplikatutako batzuek karguan jarraitzen dute.
Gobernu aldaketa egon bazen ere, goi kargudun batzuek boterean jarraitu dute, bai.
Uste duzu egungo Madrilgo gobernua beldur dela esku hartzeko, Polizia eta Guardia Zibila botere faktiko bat direlako?
Botere faktikoa dira, bai, baina beti daude gobernuan agintzen duenaren esanetara. Kaleratutako mezu horiek erakusten dutenez, uste zuten zigorrik gabekoak zirela, baina, denbora pasatu ahala, azkenean agerian geratzen da.
Zer egoeratan gertatu zen? Izan ere, Uxue Barkosen gobernua abian jarri zenean, eskuinak bereziki zure aurka egin zuen.
EH Bilduk uztailaren 16an proposatu ninduen Barne kontseilari izateko, eta Barkosek onartu zuen. Uztailaren 23an hartu nuen kargua. Jorge Fernandez Diaz orduko Barne ministroak esan zuen ez zela posible ni gobernuko partaide izatea eta, are gutxiago, Foruzaingoa bere menpe izango zen Barne Departamentuko kontseilari. Esan zuen UPNren aurreko gobernuekin izandako harreman guztiak etetea agindu zuela. Nola harrituko nau orain honek guztiak?
Aipatu izan duzu ez dela espiatzen zaituzten lehen aldia.
Itoizko auzian, soziopolitikoki, mediatikoki eta judizialki airean eduki genituen Madrilgo PPren gobernua eta Nafarroan UPNren gobernua. Ezin zuten halakorik onartu. Burson Masteller marketin konpainia kontratatu zuten gure informazio politikari aurre egiteko, partida hura irabazten ari baikinen. Kontratu haren letra txikian, bereziki komunikabideetan aurpegia ematen genuenoi ongi zaintzeko agindua zegoen.
Aurten bete dira 20 urte Itoizko urtegia bete zenetik eta bertan ziren herriak hustu zirenetik. Zauria irekirik dago?
Bai, oraindik ez zait pasa. Itoizko urtegiaz edo Nafarroako Ubideaz ezer irakurtzen dudan bakoitzean, gogora datorkit dena ezinbestean. Hustutako herrietakobiztanleekin harreman iraunkorra dut. Hura bidegabekeria galanta izan zen. Kasu hartan, botere politikoak botere judizialaren gainetik esku hartu zuen. Auzitegiek baliogabetu egin zuten proiektua.
Maria Jose Beaumont. Nafarroako Barne kontseilari ohia
«Zigorrik gabekoak zirela uste zuten goi kargudun ohi horiek»
Bere aurkako espioitza kasuaren larritasuna ikusita, PPren garaiko Barne Ministerioko agintarien aurka irekitako auzian aurkeztea aztertzen ari da: «Gehiago jakin nahi dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu