Zigorrik ez autobidea blokeatu zuten 'bakegileentzat'

11 auzipetuak erruduntzat jo ditu Baionako Auzitegiak. Prokuradoreak hamar eguneko epea du erabakiaren kontra helegitea jartzeko

Ekintzaile bat Baiona eta Hendaia arteko autobidea blokeatzen, uztailaren 23an. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Erruduntzat jo baditu ere, autobidea blokeatu zuten bakegileak ez zigortzea erabaki du Baionako Auzitegiak. Otsail hasieran epaitu zituzten, uztailaren 23ko blokeatze egunean parte hartzea leporatuta. 950 euroko isuna ezartzeko eskatu zuen prokuradoreak; gibelapenarekin hamar auzipeturentzat, eta gibelapenik gabe bestearentzat, aurrekariak dituelako. Gaurtik aitzina, hamar eguneko epea du auzitegiaren erabakiari helegitea aurkezteko.

Ipar Euskal Herriko errepide sarea blokeatzera deitu zuten Bakegileek uztailaren 23rako, Jakes Esnalek eta Ion Parotek baldintzapean aske geratzeko eginiko eskaerak onartzea eta gatazkaren konponbide prozesuan aitzina egitea galdegiteko. Ehunka pertsonak zirkulazioa eten zuten egun guzian. Baina bestelako ekintzak ere izan ziren. Ekintzaile batzuk Miarritzeko aireportuko aireratze pistara sartu ziren, eta beste batzuek Baiona eta Akize (Okzitania) arteko trenbidea oztopatu zuten. Beste talde batek, berriz, Baiona eta Hendaia (Lapurdi) arteko autobidea blokeatu zuen.

Trenbideko ekintzaileak abenduan epaitu zituzten, Akizeko Auzitegian, eta 800 euroko isuna ezarri zieten, gibelapenarekin. Baldintzapeko zigor baten gisakoa da: bost urteko epean ez badute maila bereko arau hausterik egiten, ez zaie aplikatuko. Baina auzi prozedura ez da erabat bukatu. SNCF tren konpainiak parte zibil gisa aurkeztea erabaki zuen, eta kalte ordainak eskatu ditu egun hartan izandako galerengatik. 160.000 euro eskatu dizkie bakegileei, hala nola egun hartan trenek izandako berantaren ondorioz bezeroei itzuli behar izan dieten diruagatik. Uztailaren 3an aztertuko dute auziaren atal hori.

Irailean onartu zieten baldintzapeko askapena Esnali eta Paroti, eta aste batzuk geroago atera ziren presondegitik. Ordutik, zigorra etxean betetzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.