Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailean 30 urtez aritu eta bertzeak bertze Ertzaintzako prestakuntza arduraduna izan ondotik, espetxeen arloan lan egiten du orain Carlos Royk (Bilbo, 1963), lehen aldiz. «Ilusioz» dago Aukerak erakundeko lanari ekiteko, nahiz onartu «hasiberriak» direla. Lehengo langileen «esperientzia» dute oinarri, espetxe administrazioarekin harreman «oso estua», eta gogo bat: orain arteko «eredua» aldatzea.
Aukerak aurkeztu zenutenean, erran zenuten lana gizarteratzeko bide zela. Zergatik?
Lana egitea, batez ere lan ordaindua, estimulu positibo bat da ohitura eta gaitasun soziolaboralak eskuratzeko, eta esperientzia gisa balio du gerora laneratzeko. Pentsa ezazu preso daudenetako askok ez daukatela prestakuntza maila handia; eta lan esperientziarik ez dute izan, orokorrean, edo ez handia. Lan egiteak prestatu egiten ditu aske daudenean lan munduan sartzeko.
Horrek erran nahi du kartzelan egoteko arrazoietako bat dela ezin izan direla lan munduan sartu edo ezin izan dutela ikasketarik egin?
Hori gehiegi esatea da: kasu bakoitza aztertu beharko litzateke. Baina egia da espetxean dagoen kolektiboak bazterketa faktoreak izan ohi dituela. Eskola porrotetik datozen pertsonak izan ohi dira, edo lan esperientzia txikia daukatenak; batzuetan, desegituratutako familietatik datoz; emakumeei dagokienez, askok familiako ardura guztia euren gain hartu dute... Gero, arazo psikologikoen ehuneko handiak dituzten taldeak daude, atzerritarren ehunekoa ere handia da... Bazterketa arrisku handia duen talde bat da, eta, prestakuntza jarduerak planifikatzean edo lanpostuak eskaintzean, eragin egin behar da horretan.
Kartzela leku egokia da arazo horiek moldatzeko?
Araudia betetzea da. Norbaitek delitu bat egiten badu eta askatasunaz gabetzen duen zigor bat ezartzen badiote, epaile batek sententzia bat emanda, eta espetxe batean bete behar duela aginduta, bada, espetxean egongo da. Parte zigortzailea alde batera utzita —zeina zalantzarik gabe hor dagoen—, zigorren helburu nagusia heztea eta gizarteratzea da: alegia, pertsona horiek gizartera itzultzea. Edozein herrialde demokratikoren legezko agindu bat da, ez dago aukerarik.
Aukerak baino lehen Espainiako TPFE erakundea zegoen. Zer aldatuko da Aukerak-ekin?
Kontua ez da inoren lana epaitzea. Sinpleki, hobekuntza espazioak bilatzen ari gara. Batez ere, eredu berri bat abiarazi nahi dugu, gizarteratzeko ibilbide soziolaboral indibidualizatuak eginda. Hau da, pertsona bakoitzean erreparatu —egin duen delitua edozein izanik ere—, bere egoera pertsonala aztertu —nondik datorren; zer prestakuntza duen, zer esperientzia, jarrera eta bokazio; zer gustatuko litzaiokeen egitea—, eta, hortik aurrera, pertsona horietan erreparatuta —edo profilen arabera elkartu badaitezke, agian taldean—, haientzako prestakuntza bat eskaini; eta haien prestakuntzara, esperientziara eta gustuetara egokitzen den lanpostu bat. Lehenik pertsona ikusi behar da, eta zer interesatu dakiokeen aztertu.
Nola eginen duzue hori?
Orain ari gara presoen laguntza eta orientaziorako sistema integral bat martxan jartzeko oinarriak lantzen. Lehen lana izango da profil horiek egitea, eta, gero, profilen arabera zerbitzu katalogo bat osatzea.
Orain arte, zer aukera zegoen?
Kartzelen barruan, bi motatako tailer produktiboak daude erregimen arruntean daudenentzat. Alde batetik, espetxeen funtzionamenduan oinarrizkoak diren zerbitzuak: sukaldea, okindegia, janariaren banaketa, ekonomatua, mantentze lanak, liburutegia, lorategia, garbiketa... Eta, beste alde batetik, kanpo enpresekin lankidetza dago: presoek enpresa horientzat lan egiten dute espetxearen barruan. Prestakuntza, berriz, historikoki gizarteratze eta laneratze tasarik handienak dituzten jardueretara bideratua egoten da, normalean.
Zein dira?
Logistikarekin lotutako oinarrizko lanak, eta biltegiratzea, ostalaritza, eraikuntza, irudi pertsonala, arta soziosanitarioa, zaharren zaintza...
Kanpoko enpresak zer arlotakoak dira?
Oinarrizko jarduerak izaten dira, lan esperientzia txikia dutelako: piezen eta kableen muntatzea, material industriala paketatzea...
Eskaintza zabaldu nahi duzue?
Egin ditugun lehen gauzetako bat lanpostu kopurua handitzea izan da, %20 inguru. Eta lan egindako orduak %40 handitu nahi ditugu 2022an, iazkoekin alderatuta.
Ba al zen lan egin nahi zuen baina lan egin ezin zuen presorik ez zegoelako postu nahikorik?
Lekuak mugatzen du: ezin dituzu nahi dituzun tailer guztiak egin. Eta, gero, mundu guztiak ez du lan egin nahi, eta ezin duzu nahi duzun ordu kopurua lan egin, zeren kartzeletan bestelako jarduera batzuk ere badaude.
Postu mota gehiago ere eskaini nahi dituzue?
Bai, noski. Gaur egun ez dauden tailer produktibo batzuk egin nahi ditugu, baina aztertzen ari gara. Adibidez, arta soziosanitarioko tailer berriren bat sortu nahi genuke, erizaintzakoa-edo. Biltegiratze arloan ere bai.
Zer lan baldintzatan daude?
782. errege dekretuak arautzen du lan harremana: berezitua da.
Eta zer ezaugarri ditu?
Arloen arabera. Gizarte Segurantzan izena emanda daude, kotizatzen dute, eta kanpoko langile baten eskubide berak dituzte.
Soldata, adibidez?
Lan orduen eta produktibitatearen araberakoa da.
Adibide bat eman diezadakezu?
Ez, zeren segun... Errege dekretuak ezartzen du oinarri gisa gutxieneko soldata hartuta eta produktibitatearen eta orduen arabera zehazten dela soldata.
Presoek zer aukera dituzte aske gelditzen direnean enpresa berean lanean segitzeko?
Hori da helburua, baina enpresaren askatasunaren esku dago.
Ezinen litzateke hori lotu?
Ez: lan merkatuaren askatasuna da. Gu presoaren enplegagarritasuna hobetzen saiatzen gara: ahalik eta tresna gehien eta ahalik eta egokienak ematen, aske dagoenean ahalik eta baldintza hoberenetan sar dadin lan merkatuan. Laneratuta, errazagoa baita presoa gizarteratzea. Tira, ia baldintza bat da gizartera itzul dadin.
Aipatu duzue «genero ikuspegia» ere landu nahi duzuela. Lan ezberdinak egiten dituzte gizonek eta emakumeek kartzelan?
Ez bereziki kaleko egoeratik oso ezberdin. Are, emakumeek gizonek baino gehiago parte hartzen dute tailerretan, proportzioan. Ukaezina da kartzelan dauden emakumeak bazterketa arrisku handian daudela, prestakuntza txikia izan ohi dutelako, lan esperientzia txikia, familia ardurei emanak egon direlako... Horrek ahultasun egoera batean jartzen zaitu, noski. Hori tratamendu indibidualizatuan sartzen da: pertsona bakoitza ikusi behar da, izan gizon edo izan emakume.
Zer neurri hartuko dituzue genero ikuspegitik abiatuta?
Emakumeen zaurgarritasun hori identifikatzea litzateke, eta horren araberako prestakuntza eskaintzea eta ematea. Baina neurriak, bere hartan...
Carlos Roy. Aukerak elkargoko zuzendaria
«Zigorren helburu nagusia heztea da»
Laneratzea, gizarteratzeko. Hori du asmo nagusia Eusko Jaurlaritzaren Aukerak erakunde berriak. Ibilbide «indibidualizatuak» egin nahi dituzte presoekin, prestakuntza eta lan eskaintzak haien neurrira egokitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu