Zigorraren logikak gatazkak konpontzeko duen ezintasunari buruzko liburu bat euskaratu du Katakrakek

'Gatazka eta abusua ez dira gauza bera' liburua aurkeztu dute Donostian. Laura Macayaren lana itzuli du Amaia Astobizak.

Amaia Astobiza 'Gatazka eta abusua ez dira gauza bera' liburuaren itzultzailea, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Amaia Astobiza 'Gatazka eta abusua ez dira gauza bera' liburuaren itzultzailea, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Isabel Jaurena.
Donostia
2025eko apirilaren 9a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Gatazka areagotzea justifikatzen duen paradigma batean gaude». Hor kokatu du Nerea Fillat Katakrak argitaletxeko editoreak Gatazka eta abusua ez dira gauza bera (Katakrak) liburuaren izenburuaren jatorria. Laura Macayaren lanaren itzulpena da, eta izenburua, berriz, Sarah Schulmanen Conflict is not abuse (2016) liburutik hartu dute. Fillatek erran duenez, liburuan azaldu dute zigorraren logikaren bidez ezinezkoa dela gatazkak konpontzea.

Gaur egin dute liburuaren aurkezpena, Donostian. Eta Fillatekin batera han izan da Amaia Astobiza, itzultzailea. Azaldu dutenez, liburua elkarrizketa moduan dago idatzita, eta ondorioz «ideiak oso modu argian» ageri direla erran du Fillatek, eta kontzeptuak «modu errazean» lurreratzen dituela. «Konplexutasun maila altua badu ere, hizkuntza aldetik eramangarria da edozein esparru militanterako», zehaztu du.

Argitalpena bortz ataletan banatuta dago: punitibismoa, sexu indarkeria, zis gizonik edo erasotzailerik ez dagoenean, kantzelazioak eta kasu instituzionalak. Bortz ertz horietatik zigorraren kultura kritikatzen du liburuak, Fillatek azaldu duenez. Are, Astobizak gehitu du ez direla gauza berriak kontatzen, baina kontzeptuak «begirada sakon batekin» lantzen direla: «Herrietako talde feministetan irakurtzeko moduko testua da, gero gure artean eztabaidatu eta adostasun batzuetara iristeko. Esaterako, definitzeko zer den gatazka bat eta zer den abusu bat herrian gertatzen diren kasuetan».

Disfuntzionaltasun komunikatiboa

Liburuan kontzeptu anitz aipatzen dira, baina horietako batean jarri du arreta Astobizak: disfuntzionaltasun komunikatiboa. «Liburuak esaten du galduta daukagula elkarrekin hitz egiteko eta elkarri gure arazoen berri emateko ohitura edo gaitasuna; eta horrek eramaten gaituela bakartasunera, eta guk gure baliabideekin aurrera egitera. Disfuntzionaltasun komunikatibo horrek, gainera, ekartzen du gure harremanak naturaltasunez izateko ezintasuna».

Punitibismoaz ere mintzatu da Astobiza, eta azaldu zigor sistemak ahulenak eta zaurgarrienak zigortzen dituela batez ere, liburuan adierazten denez. Horrekin lotuta, gizarteak berak zigor kultura justifikatzen duela azaltzen da liburuan, eta hausnarketarako zenbait ideia planteatzen: «Zer ekarriko du pertsona hori hogei urtez kartzelan egoteak? Eta kantzelazioak zer kalte egiten dio komunitateari?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.