Zigorrak berretsi dizkiete gizon bati eta emakume bati, neska adingabeak prostituzioan aritzera behartzeagatik

Neskak Nafarroako Gobernuaren zaintzapean zeuden.

Espainiako Auzitegi Gorenaren egoitza, Madrilen. BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE
Espainiako Auzitegi Gorenaren egoitza, Madrilen. BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE
jakes goikoetxea
2024ko azaroaren 11
17:00
Entzun

Espainiako Auzitegi Goreneko Zigor Aretoak 39 urteko kartzela zigorra berretsi dio gizon bati eta 29 urtekoa emakume bati, 2021eko irailean hiru neska adingabe prostituzioan aritzera behartzeagatik, besteak beste. Hiru neskak Nafarroako Gobernuaren zaintzapean zeuden.

Nafarroako Probintzia Auzitegiak eman zuen lehen sententzia. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin zuen. Orain, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du, eta ez ditu aintzat hartu zigortuek aurkeztutako kasazio errekurtsoak.

Nafarroako Probintzia Auzitegiak gizona eta emakumea zigortu egin zituen 16 urtetik beherako bi neska prostituzioan aritzera bultzatzeagatik. Bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zien kasu bakoitzarengatik. Horrez gain, bost urte eta sei hilabetekoa adingabe bat prostituzioan aritzera bultzatzeagatik; eta sei urteko kartzela zigorra osasun publikoaren kontrako delituagatik. Gizonari, gainera, hamar urteko kartzela zigorra ezarri zion, 16 urtetik beherako adingabe bati sexu abusu jarraituak egiteagatik.  

Nesketako bi 2007an jaioak ziren; bestea, 2004an. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren zaintzapean zeuden. Sententziaren arabera, Nafarroako Gobernuaren mendeko zentrotik edo harrera familietatik ihes egiten zutenean, Iruñeko etxe batera joaten ziren. Bertan bizi zen zigortutako gizona.

Gizonak bazekien neskak adingabeak zirela eta horietako batek 14 urte baino gutxiago zituela. Bi aldiz bortxatu zuen. Gizonak eta emakumeak neskak hertsatu zituzten, eduki sexualak zituzten argazkiak egiteko. Argazkietan ez zen nesken aurpegirik ikusten, adingabeak zirela agerian ez geratzeko edo susmoak ez eragiteko. Zigortuek nesken argazkiak eta kartelak —bakoitzaren telefono zenbakiarekin— zabaldu zituzten prostituzio webgune batean. Hamazazpi iragarki guztira.

Drogak

Prostituzioan aritzera behartu zituzten astebetean. Zigortuek azaldu zieten zer egin behar zuten. Neskei haxixa, kokaina eta speeda ematen zieten, bai prostituzioan aritzeko, bai, zenbait kasutan, prostituzioan aritzeagatik ordaintzeko.   

Zigortuek kasazio helegiteetan argudiatu zuten adingabeak ez zirela zaurgarriak, haien premiak beteak zituztelako, baina «errebeldeak» zirela, erakundeen zaintza eta harrera familiak utzi zituztelako. Espainiako Auzitegi Gorenak, ordea, azaldu du frogatutako gertaeretan argi eta garbi erakusten dela «babes berezia behar duen zaurgarritasun bereziko egoera bat», neskak adingabeak zirelako. 

Zigortuek «baliatu» egin zuten nesken egoera: «Bazekiten harrera familietatik edo zaintza erakundeetatik ihes egin zutela, eta ostatu eman zieten prostituzioan aritzeko, eta drogak eman, onespenik gabe egiten zituzten zerbitzuak ordaintzeko. Adingabeak zirenez, ezin baitzuten onespenik eman».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.