Unai Parotek ezingo du bete Frantziako Estatuko espetxe batean oraindik betetzeko geratzen zaion espetxe zigorra —12 urte inguru—. Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota zuen horretarako eginiko eskaera, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak gauza bera egin berri du han jarri zuen babes helegitearekin —apirilaren 24koa da ebazpena—.
Parot Puerto IIIko espetxean dago (Cadiz, Espainia), Euskal Herritik 1.050 kilometrora, eta erregimenik gogorrenean, lehen graduan. Frantziako nazionalitatea du, eta Ipar Euskal Herrian bizi da haren familia. Hori dela-eta eskatu zuen Frantziako Estatuko espetxe batera lekualdatzea. Ion Parot anaia ere estatu horretako kartzela batean dago. 28 urte daramate preso biek.
2016ko abenduan, estatuz lekualdatzea ukatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalak Unai Paroti, baina auto berean, baiezkoa eman zien Aratz Gomez eta Arkaitz Saez euskal presoei, Europako zuzentarau batean oinarrituta. Horren arabera, presoek bere zigorra bete dezakete Europako Batasuneko edozein estatutan. Gomez eta Saez ere lapurtarrak dira. Frantziako Estatura eraman eta gutxira, iazko uztailean, Mont-de-Marsango espetxera (Landak, Okzitania) gerturatu zituzten, Euskal Herritik 234 kilometrora.
Erro «ez hain argiak»
Paroten kasuan, Madrilgo auzitegiak argudiatu zuen Parotek Ipar Euskal Herrian dituen erroak ez direla beste bi presoenak bezain argiak, eta, bereziki, «odolezko delitu larrietan» oinarritutako zigorrak betetzen ari dela Espainiako Estatuan. Parotek Estrasburgoko auzitegira jo zuen, baina auzitegi horrek esan du Espainiako epaitegiak ez duela hark salatutako oinarrizko eskubiderik urratu. Defentsari bidalitako ebazpenenean, epaimahaiak dio ez duela azalpen gehiago emango, eta Paroten defentsak ezin duela helegiterik jarri.
Bagoaz-ek ekainaren 16an manifestazio bat egingo du, Baionan, duela 28 urte kartzelan diren Ipar Euskal Herriko presoak aske utz ditzatela eskatzeko. Frantziako Estatuko espetxetan daude Ion Parot, Frederic Haranburu Txistor eta Jakes Esnal, eta Espainiakoan Unai Parot.
Zigorra Frantzian betetzea ukatu diote Unai Paroti
Estrasburgok atzera bota du babes helegitea. Aurretik, bi presori baiezkoa eman zieten. Parot lapurtarra da, eta han du familia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu