Hego Euskal Herriko instituzioetako ordezkariek ondo dakite autonomia eta burujabetza ez direla gauza bera. Autonomiak nonbait jatorria badu, Espainiako ordenamendu juridikoan duela, eta, beraz, haren menpekoa dela. Espainiako subiranotasun bakarrak ezarritako legeen eta epaitegiaren menpekoa dela. Atutxa auziko epaiak beste behin frogatu duen moduan.
2003an Sozialista Abertzaleak legebiltzarkide taldea desegiteko aginduz Auzitegi Gorenak kaleratutako autoa ez betetzeagatik zigortu zituzten Juan Maria Atutxa orduko Eusko Legebiltzarreko presidentea, Gorka Knorr presidenteordea eta Kontxi Bilbao idazkaria. Desobedientzia delitu batengatik. Bost urte geroago, erabakia berretsi du Konstituzionalak, baina ez erabateko adostasunarekin. Adela Asua salako presidenteordeak boto partikularra kaleratu du, eta harekin batera baita Juan Antonio Xiol, Fernando Valdes eta Luis Ignacio Ortega magistratuek ere. Baina Espainiako Gorteetan gehiengoa duen eta, beraz, Konstituzionalean nagusi den sektore kontserbadorea gailendu da bozketan. Enrique Lopez PPko militante ohi eta salako presidenteak idatzi du bete beharreko epaia.
Ebazpen eta botoen behin betiko argudioak ez ditu kaleratu auzitegiak. Zigortutako hirurak auzitegi horretan eskatutako babes helegitea ez duela aintzat hartzen jakinarazi du ohar batean. Labur azaldu du ez dela egon salatutako oinarrizko eskubideen urratzerik. Zigorrei dagokienez, berriz, beteak dituzte Gorenak ezarritakoak: urte eta erdiko kargugabetzea eta 18.000 euroko isuna Atutxari eta urtebeteko kargugabetzea eta 12.000 euroko isuna Knorri eta Bilbaori. Hortaz, zigorretan baino gehiago, hura ezartzeko erabilitako argudioetan datza Konstituzionalaren erabakiaren garrantzia. Gorenaren irizpideekin bat egiten duelako. Argudio nagusiarekin. Gorenaren arabera, epaitegiek eskumena dute legebiltzarretan gehiengoz hartzen den edozein ekinbide kontrolatzeko. Gaitasuna dute, auzipetuek salatu zuten moduan, ezerezean uzteko botereen banaketa eta legebiltzar baten eta bertako kideen burujabetza.
Gorenak 2003an debekatutako alderdietako kide izateagatik Sozialista Abertzaleko legebiltzarkideek osatutako taldea desegiteko agindu zion auzitegi horrek berak legebiltzarreko mahaiari—Arnaldo Otegi, Joseba Alvarez, Jon Salaberria, Jone Goirizelaia, Rakel Peña, Antton Morcillo eta Josu Urrutikoetxeak osatzen zuten taldea—. Mahaiak, baina, ezetz esan zuen, ez zuela egingo, legebiltzarreko gehiengoaren onespena zuela. Argudiatu zuen legebiltzarreko araudiaren arabera «ezinezkoa» zela autoa betetzea. Araudiak «hutsune» bat zuela eta agindu hura betetzea, gainera, legebiltzarraren autonomiaren eta legebiltzarkideen burujabetzaren aurkakoa zela.
Desobedientzia instituzionala
Burujabeak, ustez. Espainiako Estatuaren abokatuak epaitegien esku utzi baitzuen auzia. EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen lehenengo. Eta Bilboko epaitegiak auzipetuak absolbitu zituenean, Madrilgo Auzitegi Gorenera, Manos Limpias eskuin muturreko taldearen salaketa bakarrekin. Aurretik, baina, bi aldiz epaitu zituzten Bilbon; aurrenekoan, artxibatu egin zuten auzia, eta bigarrenean, auzipetuak absolbitu egin zituzten. Epaiketa hark hainbat irudi utzi zituen. Gogoratuena, Xabier Arzalluz EAJren EBBko presidente ohiak Eusko gudariak abestu zuenekoa, Bilboko auzitegiko kanpoaldeko eskaileretan, ehunka jarraitzaileren aurrean. Gorenak, azkenean, zigortu egin zituen Atutxa, Knorr eta Bilbao; kasu horretan ere hainbat boto partikular egon ziren.
Atutxa auziak zalaparta handia eragin zuen. Alderdien Legea noraino hel zitekeen erakutsi zuen: besteak beste, legez kanpo utzitako alderdiez gain, euskal instituzioetan eta beste alderdietan eragina izan zezakeelako. Eta hala gertatu zen handik gutxira, 2006an, gatazka politikoa konpontzeko xedearekin orduko lehendakari Juan Jose Ibarretxek eta PSE-EEko buruzagiek ezker abertzaleko kideekin eginiko bilera publikoengatik akusatuen aulkian eserarazi zituztenean. Haiei ere desobedientzia delitua leporatu zieten. Baina EAEko Auzitegi Nagusiak artxibatu egin zuen auzia, eta Gorenak, akusazio partikularrarekin bakarrik, absolbitu, «elkarrizketa politikoa» ezin dela kriminalizatu argudiatuta.
Orduan, PSOEk agintzen zuen Madrilen, eta alderdiko kideak zeuden auzipetuta. Orain, PPk agintzen du, gehiengo osoz. Eta haren esku dago Espainiako subiranotasun bakarraren «mandatua» betetzea. Madrilen bezala, baita Gasteizen eta Iruñeko legebiltzarretan ere.
Zigorra burujabetzari
2003an Sozialista Abertzaleak legebiltzar taldea ez desegiteagatik Auzitegi Gorenak ezarritako zigorra berretsi du Konstituzionalak. Desobedientzia delitua leporatu zien Atutxa, Knorr eta Bilbaori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu